Artista

Alicia Otaegi: «Konfiantza handiagoa dut istorio boteretsu batean emaitza estetikoan baino»

Eguneroko objektuak erabiltzen ditu Otaegik bere obretan, gehiegizko kontsumoa kritikatzeko. Denborarekin duen harremanaz ere aritu da: «Ideiak sobran ditut, baina horiek egiteko denbora falta zait ».

(ID_13485884) (Aitor Karasatorre/@FOKU) 2024-01-11, Donostia. Alicia Otaegi, artista plastiko eta barne diseinatzailea
Alicia Otaegi, Berriozarreko bere (Nafarroa) lokalean. AITOR KARASATORRE / FOKU
itsaso jauregi 2
Berriozar
2024ko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun

Untxi zuriaren oinatzei jarraituz gero, Lurralde Miresgarrien sarrera aurkitu daiteke: gerrikoekin egindako aulkia, txupeteekin apaindutako uztaia eta bazter batean pilatutako maleten dorrea. Objektu hiztunen herrialde horretan bizi da Alicia Otaegi artista (Iruñea, 1963), eta, eguneroko objektuetan oinarrituta, «poesia bisual» gisa definitzen dituen obrak egiten ditu. Erlojuen orratzen aurka lasterka, gizarteak baztertutako objektuei beste bizialdi bat eman nahi die.

Zein da egin zenuen lehendabiziko obra?

Nire lagun igerilarien bainujantziak bildu nituen, eta koadro bat egin. Txikia nintzenetik artista izan nahi nuen, baina ez nuen Arte Ederrak ikasi nahi; dekorazioa gehiago gustatzen zitzaidan. Dekorazioa ikasten hasi nintzenean erabaki nuen sorkuntzaren munduan arituko nintzela. Nire benetako hasiera Aratzurin dago: Fernando Pagola artistak bere ateak ireki zizkidan, eta, ni artista izan gabe, lehendabiziko arte erakusketa egiteko aukera eskaini zidan. Beti eskertuko diot.

Noiz hasi zinen zeure burua artista gisa definitzen?

Hondartzan bizirik iraungo nuela ziurtatzeko tresnak sortzen nituenetik. Txikia nintzenean larrialdi egoerak sortzen nituen neure buruan: orain bonba bat botako balute edo bonba bat eroriko balitz eta bakarrik geratuko banintz, zer egingo nuke? Aurkitzen nituen egur puskekin itsasontzi bat eraikitzen nuen, egoera hipotetiko horietatik ihes egiteko. Nire ustez, zerbait sortzen duzunean artista zara. 

Larrialdietatik ihes egiteko itsasontziak ziren zure obrak?

Bai. Gaur egungo praktikara eraman dudan zerbait da: proiekturik ez dudanean, enkarguak egiten dizkiot neure buruari. Metodo sortzaile horri esker, larrialdietako egoeretatik irteteko prestatzen dut neure burua. 

Aratzurin egin zenuen zure lehendabiziko arte erakusketa: ‘Artefacto’ (Tramankulu). Nolako harrera izan zuen?

Obraren emaitza ez zitzaiola gustatu esan zidan batek. Txikituta zeuden objektuekin osatu nuen obra, eta nik testuingurutik ateratzen nituen, bizitza berri bat emateko. Jendeak ez zuen hori ulertu. Objektuak hitz egitea eta zerbait transmititzea nahi nuen: konfiantza handiagoa dut istorio boteretsu batean azken emaitza estetikoetan baino.

Nola hartzen dituzu kritikak?

Gizarteratzen zarenetik, badakizu kritikak jasoko dituzula. Prest egon behar duzu; egiten duzuna ez dute denek maitatuko, eta hori normala da. Baina nire poesia bisuala egiten jarraituko dut, nahiz eta askok nire artea ez ulertu.

Nahiz eta obra bat ez ulertu, errespetatu egin behar da?

Nik ez dut ulertzen artista askoren lana, baina ez naiz haserretzen; errespetatzen ditut. Garrantzitsua da artearen testuinguruan jarrera lasaia izatea, eta, interesatzen ez bazaizu, bazter batera utzi. Arte garaikidearen inguruan ezagutza falta handia dago, eta, nire proposamenekin, arte garaikidea jendeari hurbildu nahi diot.

Eguneroko objektuak dira zure musa, beraz?

Bai. Uste dut eguneroko objektuak musa gisa gutxi baloratzen direla. Artista batzuek natura hilak margotu ditzakete, baina haien obretan ez dute asmo jakinik islatzen. Objektuen artean ezartzen diren harremanak bilatzen ditut nire obretan: liluratu egiten nau objektuen hizkuntzak. Objektu horien mezua lortzeko, artistak lanketa bat egin behar du.

Zer esaten dizute objektuek?

Sormen prozesua oso bitxia da. Batzuetan, ideia bat garatu, eta gero ideia hori osatzen duen objektua bilatzen dut. Beste batzuetan, objektua da hizlaria, eta harekin lan egiteko erakartzen nauena. Objektuak aliantza bat eskaintzen dit elkarrekin lan egiteko, transmititu nahi dudan mezura iritsi arte. 

‘Artista eramangarria’ obran maletak dira protagonistak. Zer transmititzen dizute maletek?

Gutxieneko baliabideekin, ez bakarrik baliabide ekonomikoekin, obra izugarriak sortu dituzten sortzaileei egindako omenaldia da. Doktoretza bat egin dut baliabide gutxiko proiektuak egitearen inguruan.

Zer dago maleta horien barruan?

Ezin da esan. Hamabi maletetako batean nire lagunak inplikatzea erabaki nuen, proiektuaren parte izan zitezen. Proiektuaren zati horretan poema bisual bat sortu nuen, lagun bakoitzak mailegatzen zizkidan sekretuekin. Proiektuak Top secret du izena, eta maleta batean sartu nituen sekretuak. Publikoak ausaz aukeratzen ditu maleta horretan agertzen diren sekretuak, eta irakurri egiten ditu. Horrela, publikoak aurkezpenean parte hartzen du.

Zer ezaugarri dituzte sekretu horiek?

Edozer izan daiteke. Sekretuaren zentzuaz ari naiz, horregatik eskatu nien lagunei sekretua modu anonimoan uzteko niri. Nik ez dut nahi objektuaren istorioa jabearen identitatearekin nahastea: orduan ez litzateke sekretua izango.

Garrantzitsua da misterioari eustea?

Bai. Publikoarekin berdinduta egon nahi dut. Horregatik, ordubete bakarrik ematen diet maletak irekitzeko eta aztertzeko, baina dauden hamabi maleten artean soilik hiru irekitzeko astia izango dute. Zapuztuta geratuko dira, ni bezala. Niri maleta gehiago erakustea gustatuko litzaidake, baina publikoak bizitza horrelakoa dela ikasi behar du: ez du denborarik ematen nahi den guztia ikusteko. «Jarraituko du» esaldia idatzia duen kartel bat ateratzen dut, eta beste emanaldi batera etorri beharko dute gehiago jakin nahi badute.

Zein da originaltasunaren sekretua?

Gakoa da oraindik egin ez den zerbait egitea; baina zaila da. Dena asmatuta dago jada. Obra seduktorea izatea nahi dut. Gainera, oso garrantzitsua da publikoarekin lankidetzan aritzea; arteak jendearengana iritsi behar du.

Obra ez da osatzen jendearengana iritsi arte, beraz?

Hori da. Interesatzen zaizkidan artistekin hitz egitearen falta sumatzen dut. Birtualitatea nagusi den garai honetan, objektu fisikoak aldarrikatzen ditut, eta publikoarengana hurbiltzea. Kontsumismo basatiaren ondorioz, obrekin eta artistekin sortzen den harremana galtzen ari da: erosi eta bota egiten dugu, besterik ez.

Zure obretan botatako elementuak berreskuratzen dituzu, ezta?

Nire helburua beti izan da hondakinarekin lan egitea. Hondakin asko sortzen ditugula ikusten dut, eta gehiegikeria hori kontatzeko modu bat da nire artea. Egiten dudan arte motak mezu bat izan behar du atzean: nire lanek beti hitz egiten dute, ohartarazten dute edo kritikatzen dute. Egia da nire artearekin ez dudala lortzen arazoaren sorburura iristea: enbalajeak eta gehiegizko produkzioa murrizteko deus egiten ez duten enpresak.

Gehiegikeria kritikatzeko, arropa zintzilikatu zenuen antzokietan?

Kasu horretan, arropa berrerabiltzeaz hitz egin nahi nuen. Iruñeko Gaiarre antzokiak jantziak alokatzeko zerbitzu bat du, eta jada erabili ezin ziren jantziekin arropa oihal handi bat egin nuen. Konponketa eta berrerabilera birziklatzea baino lehenago doaz, beti. Nire instalazioetan ez ditut bi material mota nahasten, adibidez, obra horren bizitza amaitzean materiala bereizteko arazorik egon ez dadin.

Non aurkitzen dituzu zure obretako protagonistak?

Behin pakete bat aurkitu nuen kalean, eta etxeko apalategian utzi nuen. Urte batzuk geroago, liburu bat sartu nuen apalategian, eta ez zen ongi sartzen, atzeko aldean paketea zegoelako. Hori zoriaren lana izan zen, baina gero jarri nuen erronka gisa horrekin lan egitea.

Zoriarekin jolastea maite duzu?

Bai. Zoria behartu egiten dut batzuetan: zoriak leku bat izan dezan, formula bat asmatzen dut. Jendeari zenbaki bat eskatzen diot, eta zenbaki horrek liburu baten orrira eramaten nau. Liburu horretatik leku batera eramango nauen bide bat ateratzen dut, adibidez. Beste batzuetan, zoriak modu zoragarri eta magikoan laguntzen dit, paketearen kasuan bezala.

Zoria iraultzailea dela esan duzu maiz. Zer esan nahi duzu horrekin?

Garai moderno hauetan ia ez dago zorirako astirik: egunetik egunera dena antolatuagoa eta planifikatuagoa dago, eta, denboraren ondorioz, itota. Nahiago dut ausarekin jolastu; ez dut nahi antolatzera behartu nazaten. Ziurgabetasuna eta zoria aldarrikatzen ditut.

Zure tailerra zoriz aurkitutako objektuen biltegia da, beraz?

Bai. Objektu asko daude istorio zabalarekin. Haiekin lotura oso sakona ezarri dut. Objektuekin dudan harremana pertsonen artean dagoenarekin konparatzen dut: azkenaldian, harremanak erabili eta gero botatzen dira. Jendea ez da hausnartzera gelditzen, eta, artista naizen aldetik, hori islatzen saiatzen naiz obra batzuetan.

Museo klandestino gisa definitu duzu tokia. Hango ateak irekitzeko asmorik?

Tokia instalazio bat da. Gauzak ezagutzera hona etortzea oso dibertigarria izan daitekeela iruditzen zait. Etortzen den jendeak beti izaten du itzultzeko gogoa, geruza asko baitaude. Poema txiki bisualak dira. Lokaleko ateak irekitzea pentsatzen ari naiz, eta jendeak esperientzia bat etxera eramatea: Otaegi poema bisual bat eta pintxo bat.

Poema bisualak aurkezteko aukera ugari daude antzokietan?

Iruñean lehen baino toki gutxiago daude; zure lana erakusteko aukerak asko mugatzen dira. Gainera, erakusketak energiaren, denboraren eta diruaren inbertsioa izugarria dira. Artistek ordaintzen dugun ekoizpen horren itzulerarik ez dugu jasotzen. Munduko beste leku batzuetan ez da horrela, baina hemen oso prekarioa da.

Zer iritzi duzu performance hitzaz?

Gehiegi erabiltzen den hitza da, eta jendeak gaizki ulertzen du gehienetan. Nik lau dimentsioko arte erakusketak egiten ditut, eta laugarren dimentsioa ni naiz. Obrarekin elkarreragina izateko eta aldi berean obraren parte izateko modu bat da.

Zer harreman duzu denborarekin?

Txarra. Urteetan aurrera noa, eta ez dakit astirik izango dudan pentsatuta dauzkadan proiektu guztiak gauzatzeko. Ideiak sobran ditut, baina horiek egiteko denbora falta zait, eta hori frustragarria da niretzat. Denbora gero eta azkarrago doa, eta ez dakit nola gelditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.