Konexio etengabean

Lau mila lagun baino gehiago bildu dira egun hauetan Euskal Encounter topaketanHitzaldi, tailer eta lehiaketetan parte hartzeko aukera dago; lau egunen ostean, gaur bukatuko dira jardunaldiak

Nor bere ordenagailuarekin joan da Euskal Encounterrera, eta benetako harribitxiak ikus daitezke. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Barakaldo
2013ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Hasi da goiza BECen. Jendea ordenagailuaren aurrean jartzen ari da, 21. Euskal Encounterren beste egun bati ekiteko. Lau egun iraungo du informatika eta teknologia hizpide dituen topaketa, eta gaur bukatuko da. Egun bakoitzerako dozenaka tailer, lehiaketa eta hitzaldi prestatu dituzte antolatzaileek. Baina ekintzarik ikusgarriena pabiloi nagusian ikus daiteke, une oro. 4.096 erabiltzaile 20 gigabyteko Interneterako konexio abiadurari ahalik eta zuku gehiena ateratzeko asmoarekin, bakoitza bere ordenagailu eta tresna osagarriekin.

Hala ere, hori ez da Euskal Encounterren parte hartzeko arrazoi bakarra. «Lagun ugari biltzen gara hemen, denbora nahikoa elkar ikusi gabe egon ostean», adierazi du Leire Villarrek. Topaketetara datorren seigarren aldia da Villarrena, eta, Internetetik gauzak hartzeko etorri dela aitortu badu ere, «jolastera eta ondo pasatzera» ere etorri dela gaineratu du. Izan ere, erraza egin zaio Villarri lagun berriak egitea. «Hasieran bost pertsona etorri ginen, baina, azkenean, 25 lagun batu gara hemen».

Giroak, behintzat, laguntzen du lagunak egiteko. «Familia giroa dago, edozeinekin bikain molda zaitezke», baieztatu du Noelia Tenak. Zazpigarren urtea du Euskal Encounterren, eta urtero bertaratzea «erritu» bat bilakatu da harentzat. Interneterako konexioa baliatzeaz gain, hark ekoiztutako panpinak saltzen pasatzen du denbora. Artilez eta feltroz egiten ditu, eta asko saldu ditu jada.

Ordenagailuen burrunba etengabea bat-batean bukatu da kanpalekura sartzean. Isiltasuna da nagusi kanpadendaz betetako pabiloian; hor topaketetan parte hartzen duten 4.000 lagunek egiten dute lo, pantailaren aurrean tinko egoteko indarrik gabe geratzen direnean. Hala ere, jende guztia ez da kanpalekura iristen. «Gau honetan, guztira, hogei minutu egon naiz kanpalekuan», aitortu du Basauriko gazte batek, «logura izan dudanean zoruan etzan naiz lo-zakuarekin».

Jolasak eta lehiaketak

Ordenagailua mahaian utzita joaten dira lotara partaide gehienak, eta ez dago lapurretak saihestu ditzakeen segurtasun sistemarik. Hala ere, lapurreta kasu gutxi izaten direla esan du Jon Sanchez bilbotarrak. «Ez da halakorik gertatzen, eta oso giro ona egoten da». Lau egunetarako bonua hartu badu ere, Sanchezek ezin izan ditu eguneko 24 orduak BECen igaro, bere tatuaje dendan lan egin behar izan baitu. Hala ere, tarteren bat izan duenean arrapalada batean itzuli da, ordenagailuan jolastera. Autoen jokoak maite ditu, eta auto gidari baten eserleku baten gainean jolasten da.

Denak, baina, ez dira lau egunak bertan pasatzeko asmoarekin etorri. Alvaro Zelaia torneo batean parte hartzeko bertaratu da BECera, eta Opengunean ibili da, gune hori delako sarrera ordaindu gabe bisita daitekeena. Eremu horretan, informatika arloko enpresek produktuak aurkeztu dituzte, eta hitzaldiak eta erakusketak ere egin dira. «Gogoko ditut topaketak, baina hainbat herritako festak izaten dira», azaldu du Algortako gazteak. Atzo hasi ziren Zelaiaren herriko jaiak.

«Zenbatuko ditut», esan du Vicente Portok, eta atzamarrarekin BECen dauden 4.096 ordenagailu postuak zenbatzeko keinua egin du. «Hemendik goitik, Terrakotako gerlariak dirudite, denak ilaratan ordenaturik». Horregatik, eta bisita gidatuan zehar ikusi dituen beste gauzengatik, «txundituta» dagoela aitortu du Portok. Eta ez da hala dagoen bakarra. Bilboko Errukiaren zahar etxeko beste edadetuak ere iritzi berekoak dira. Euskal Encounter bisitatzen eman dute goiza, eta bertan jaso dute teknologia zein informatika munduko azken nobedadeen berri.

Hala ere, ez da izan ordenagailuen artean ibili diren lehenbiziko aldia. Zahar etxean ordenagailu areto bat baitute, trebatzeko. «Ikastaro indibidualak ematen dizkiegu, haien bilobei mezu elektroniko bat bidaltzen ikas dezaten, adibidez», azaldu du zahar etxeko langile Belen Gonzalezek. Baina ordenagailu horien abiadura ez da oso azkarra, ez behintzat Portok nahiko lukeen bezain azkarra. «Ordenagailu nahiko zaharrak dira, eta mezu bat bidaltzeko itxaroten eta itxaroten egon behar duzu». Aski izango ote lukete Euskal Encounterren dagoen 20 gigabyte segundoko abiadurarekin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.