Kondairaren hezurmamitzea

Aranzadi zientzia elkarteak gordeko ditu Altzoko Handiaren hezurrak, oraingoz. Erreplika bat sortuko dute, eta ikerketa zentroen esku jarriko dituzte DNA laginak.

Altzoko Handiaren masailezurra. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Deitu zirrara, deitu inpresio, edo deitu emozio. Kaxa gris batzuen barruan, aluminio paperean bilduta, eta plastikozko poltsa gardenetan sartuta. Migel Joakin Eleizegi Arteaga jartzen du kaxa bakoitzaren kanpoaldean. Hain dira hezur handiak, ezen zilarrak ez dituen denak erabat inguratzen. Tentuz ateratzen ditu Lourdes Herrastik, eta jartzen ditu 2,40 metro dituen eskeleto margotuaren gainean. Hitz bakoitza da lezio bat. 64 zentimetroko femurra, masailezurra, bizkarreko ornoak... 160 urteren joana egia bihurtuta. Hezurrek kondaira bat benetako bihurtzen duten une hori.



Aranzadi zientzia elkartearen egoitzan daude Altzoko Handiaren hezurrak, eta han jarraituko dute, oraingoz. Abuztuaren 14an topatu zituzten, Altzoazpiko hilerriko hezurtegian (Gipuzkoa). Lourdes Herrasti izan zen indusketa haren arduradunetako bat, eta azaltzen du nola eraman dituzten jada harekin batera topatutako beste hezurrak Altzoazpiko hilerriko hezurtegira. «Aztertu eta sailkatu genituen, eta haien artean topatu genituen saihets zati batzuk-eta Migel Joakini zegozkionak. Hezurdura guztia ez dugu osatu, beraz, baina azkena topatutako horiek lehengoei erantsi dizkiegu, eta %80 inguru osatu ahal izan dugu».

Baina ez da hor amaitu hezurren bidea. Irekita daude bi lerro: erreplikarena eta ikerketarena. «Gure asmoa da hezurduraren erreplika bat egitea. Lehenengo, pieza guztiak eskaneatuko ditugu, eta, ondoren, erreplika egin. Horiek dira hemen gordeko direnak. Hezurrak familiari entregatuko zaizkio. Eduki nahi ditugu hezurren hiru dimentsioko kopiak, eta litekeena da berreraikitze bat egitea ere».

DNA laginena da beste bidea: «Biocruces eta Biogune ikerketa zentroek interesa agertu dute. Akromegalia eta erraldoitasun gaixotasunen arteko ezberdintasunak ari dira ikertzen, eta hezurren laginak lortu nahi dituzte, ikertzeko eta ikusteko zerk eragin zion horrelako tamaina izatea: erraldoitasunak, akromegaliak...». Aranzadi zientzia elkartearen zeregina izango da lagin horiek haien esku jartzea.

Zientzialariek, izan ere, oraindik informazio asko atera dezakete Altzoko Handiaren hezurretatik. Charles Byrne erraldoi irlandarraren DNA aztertuta, esaterako —Eleizegi baino 35 urte lehenago hil zen—, akromegalia gaitza eragiten duen mutazio bat identifikatu dute, eta hori Irlandan milaka familiatan daukatela ondorioztatu. «DNA osoa lortuko balitz, posible litzateke ilearen kolorea, begiena... ere jakitea. Baina haiek benetan azter dezaketena gaixotasuna da: bat-batean sortu ote zitzaion edo familiako zerbait zen; genoman ba ote zuen zerbait, alegia, hereditarioa ote zen, edo ez», azaldu du Errastik.

Izan baitira kasu gehiago, eta ez dira denetan gauzak ongi egin. Altzoko Handiaren familia egindakoarekin eta egiteko moduarekin gustura dagoela dio Herrastik. «Senitartekoa topatu dutelako bai, baina baita gainetik kendu ahal izan dutelako ere haren gorpua saldu izanaren zurrumurru edo kondaira hura. Eta sinesgarria zen, gainera, garai hartan saldu eta erakusgai jartzen baitziren gorpuak. Bada, adibidez, kasu bat, Extremadurako Erraldoiarena [Agustin Luengo Capilla]: Madrilgo Antropologia Museoan dago. Duela gutxi izan nintzen han, eta mahai batean dute jarria, ikusgai. Baina oso triste, oso ilun, lehengo garaietan bezala dago jarrita. 26 urte zituen, eta hazten ari zen oraindik».

Etikaren mugak

Erraldoien inguruan, izan ere, bazen garai hartan halako interes bat, eta, bizirik zeudela hara eta hona eraman eta erakusgai jartzearekin nahikoa ez, eta hil ondoren ere haien gorpuak lortzeko, edo erosi eta hezurrak ikertzeko lehiaketa moduko bat sortzen zen mediku eta anatomisten artean. Aranzadin argi dute ez dituztela gauzak «lehengo garaietan» bezala egingo. «Gaur egun, etikak agintzen digu ezin direla gauza horiek egin. Are gutxiago izen eta abizenekin. Horrek ez du esan nahi ezin denik gordeta eduki erreplika bat», azpimarratu du Errastik.

Eta erreplika, zeratarako? «Balio dezake aurrera begira, konparazioak egiteko. Adibidez, familia horretako norbait agertzen bada arazo berberarekin. Ez dago, oraingoz, halakorik, baina gaur egun dena kontrolatzen delako da hori. Une oro begiratzen dira umeen pertzentilak, eta edozein aldaera identifikatzeko eta tratatzeko modua dago, baina estatistikoki badaude erraldoitasun eta akromegalia kasuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.