Asteburuko proposamenak

Kondaira baten omenez

Gartxot Eguna egingo dute gaur eta bihar Itzaltzun, bardoaren kondaira ezagutarazteko. Ekitaldi nagusia biharko mendi buelta izango da

Elkorretako kobaren parean egiten dute Gartxot Eguneko ekitaldi nagusia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Gogorra da Gartxot bardoaren kondaira. Itzaltzu (Nafarroa) inguruak bertsoz alaitzen zituen, baina, XII. mende hasieran, Orreagako fraideek haren seme Mikelot bahitu zuten. Haurraren ahots ederrak liluratuta, abade etxean nahi zuten Mikelot, eurentzat kanta zezan, baina Gartxotek ezin izan zuen hori jasan, eta semea Orreagatik ateratzea lortu zuen, ihesean. Zaraitzuko jaunak, ordea, biak atxilotzeko agindua eman zuen, eta, atzeman zituztenean, semea beste behin bahitu baino, Gartxotek nahiago izan zuen Mikelot berak hil. Bardoa Elkorretako koban egotera kondenatu zuen orduan Zaraitzuko jaunak, eta bertan preso egon ondoren hil zen.

Kondaira hori gogoratzeko eta Itzaltzuko bardoa omentzeko, Gartxot eguna egiten dute haren jaioterrian 2009az geroztik. Gaur eta bihar ere hala egingo dute.«Aurten, lehen aldiz ekitaldi guztiak Itzaltzun bertan egingo dira», azaldu du Maite Aranburu Gartxot Ekimena elkarteko kideak. Aurreko urteetan Ezkarotzen (Nafarroa) ere egin izan dute ekitaldiren bat, baina asteburu honetan dena Itzaltzun egingo da. Eguerdian egingo zaie ongietorria Gartxoten zaleei, Oreka Tx eta Amaren Alabak abeslariek girotuta. Aurten, gainera, bi kiliki egin dituztela ere iragarri du Aranburuk: Gartxot eta Frai Marti Orreagako abadearenak. «Elkarrekin borrokan arituko dira, eta giroa alaitzeko balioko du honek guztiak; beti izan da gure asmoa kondaira zabaltzea, eta kiliki horiek lagunduko dute haurren artean kondaira ezagun egiten».

Hala ere, Gartxot Egunaren helburua ez da kondaira hedatzea bakarrik: auzolana bultzatu eta euskarazko sorkuntza hedatzea ere lortu nahi baitute. Alde horretatik, gaurko harreraren ondoren, Ainize Madariaga BERRIAko kazetariak Komunitatea hats-baiturik liburua aurkeztuko du, eta Asisko Urmenetak 1620, Nafarroa beheragaina komikia. Horren ostean, bazkari herrikoia egingo dute plazan jarri duten karpan. Berrehun pertsonarentzako lekua izango dute, eta Aranburuk azaldu du txartel denak salduta daudela dagoeneko. Arratsaldean bertso saio dinamiko bat izango da, eta gero Beñat Axiari eta Joseba Irazokiren kontzertua. Iluntzean, Gathubi erromeria taldea arituko da. Karpa goizaldeko 02:00etan itxiko dute.

Ordutegi hori nahita jarria dago, igande goizean mendi ibilaldia egingo baitute Gartxot gatibu egon omen zen Elkorretako kobara. «Bere kondaira hedatzeko modu berezia da», elkarteko kidearen hitzetan. Bertara iristeko bidea garbitu zuten duela hamar urte, eta ordutik urtero igotzen dira kobara. «Oso berezia izaten da mendi ibilaldiaren ondoren kobara iristen garen unea». Horregatik ixten dute karpa festa egiten ari direnek nahiko luketen baino lehenago, Gartxot Eguneko ekitaldi nagusia igande goizeko mendi ibilaldia delako.

Gartxot Eguna



Gaur eta bihar, Itzaltzun (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.