ATZEKOZ AURRERA. Txerra Rodriguez eta Eider Palmou. Kalaallisutean adituak

«Komunitateari esker bizi dira Groenlandian»

Groenlandiara bidaiatzea zen Rodriguez eta Palmouren ametsa, eta, lortu zutenean, txundituta geratu ziren. Hizkuntzak eman zien atentzioa, baina are gehiago hango herritarren bizimoduak eta pentsaerak.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
jone arruabarrena
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Groenlandiako izotz artean izan ziren Txerra Rodriguez (Derio, Bizkaia, 1977) eta Eider Palmou (Derio, Bizkaia, 1977), eta herrialdeari buruzko usteak ezeztatzen dituzten hainbat irakaspen ekarri zituzten handik. Ohartarazi dute: Groenlandiera deitzen zaion arren, «kalaallisut dauka izena hango hizkuntzak», eta eskimal hitza gutxiesgarria da hangoentzat. «Eskimal hitzak haragi gordina jaten duenari egiten dio erreferentzia. Hangoak inuitak dira, eta pertsonak esan nahi du haien hizkuntzan». Horiek eta beste hainbat bitxikeria kontatuko dituzte gaur herrialdeari eta hizkuntzari buruz, Gasteizko Oihaneder Euskararen etxean, 19:00etatik aurrera.

Nola izan zenuten Groenlandiaren eta hango hizkuntzaren berri?

EIDER PALMOU: Gure ametsa zen Groenlandia ezagutzea: nola bizi diren eta nolakoa den haien kultura eta hizkuntza. Hala ere, ez da batere erraza hara heltzea, eta ez dauka zerikusirik hemen ohituta gauden turismo motarekin, ez baitaukazu nahi bezala mugitzeko askatasun hori.

Zergatik?

E.P.: Fiordo bat ikustera bazoaz, adibidez, gero inuitak etorri behar izaten dira zure bila, ez baitago errepiderik. Udan, zoruaren %98 inguru izotza da, eta neguan, %100. Errepide bakarra dago, 30 kilometro dituena, eta autoen iragarki bat grabatzeko eraiki zuten. Beraz, egun horretan eguraldi ona badago eta inuitak ehizatzera atera badira, bertan itxaron behar duzu haiek bueltatu eta zure bila joan arte. Haientzat, biziraupena da garrantzitsuena, bizitza, eta beste guztiaren gainetik jartzen dute hori.

Nondik dator groenlandiera?

TXERRA RODRIGUEZ: Badago hizkuntza familia bat, inuitera deitzen dena. Gaur egungo inuitak 1000. urtean heldu ziren Groenlandiara, eta haiek ekarri zuten hizkuntza. Badauka nolabaiteko lotura bat Asiako estepako hizkuntzekin, baina, berez, han sortu eta gerora garatu den hizkuntza bat da.

Hizkuntza bakarra da aldaera ezberdinekin, edo hainbat hizkuntza dira?

T.R.: Hor dago koxka. Batzuek esaten dute inuitera hizkuntza bat dela, osoa, eta beste batzuek esaten dute aldaera bat dela: Kanada aldean bizpahiru daudela, Alaskan beste bat, Siberian beste bat. Groenlandian ere bi edo hiru dialekto daudela diote. Hala ere, egia da elkar ulertzeko gaitasuna daukatela haien artean.

Gerora, nolakoa izan da hizkuntzaren bilakaera?

E.P.: Danimarkako erreinuak Groenlandia okupatu, eta hizkuntza eta ohiturak akabatu nahi izan zituen. Horrek beherakada nabarmena ekarri zuen arren, inuitek berreskuratze lan handia egin dute.

Zein egoeratan dago orain?

T.R.: Gaur egun, Groenlandian 56.000 pertsona bizi dira, eta %96k dakite hizkuntza. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, beherakada nabarmena izan zuen, Danimarkaren okupazioaren ondorioz. Baina horri buelta eman diote, eta, gaur egun, administrazioan groenlandiera bakarrik erabiltzen da. Eskoletan ere 0-18 urte bitarteko hezkuntza groenlandieraz da, nahiz eta ingelesa eta daniera ere ikasten duten. Komunikabideak ere groenlandiera hutsez aritzen dira, eta kaleko seinaleak ere bai. Zentzu horretan, hizkuntzak behetik gorako joera dauka, betiere kontuan hartuta 56.000 direla, eta hori gutxi dela.

Nola biziberritu da hizkuntza?

T.R.: Biziberritze prozesua 1960-1970eko hamarkadan jarri zen martxan. Danimarkako Gobernuak Groenlandiako ume batzuk lapurtu zituen, eta hara eraman zituen heztera, horrela inuiten ohiturak eteteko. Baina ez zitzaien ondo atera: han hazi ziren; unibertsitateko ikasketak egin zituzten... Baina Groenlandiara bueltatu, eta hizkuntzaren biziberritzeari ekin zioten, eta baita kultura, politika eta ohiturak berpizteari ere.

Nolakoa da egoera politikoa orain?

T.R.: Groenlandiak autonomia dauka, 1978az geroztik. Autodeterminazio eskubidea daukate, eta, justizia eta defentsa kenduta, eskumen guztiak ere bai. Hizkuntzaren biziberritzea lotuta egon da biziberritze kultural eta politikoarekin. Orain, independentziari begira daude.

Zein berezitasun dauzka herrialdeak?

E.P.: Han bizirautea oso gogorra da, baina posible da komunitatean irmoki sinesten dutelako. Natura den moduan onartu eta errespetatzen dute, eta komunitatea pertsonen gainetik dago beti. Zerbait ehizatzen badute, ez da norberaren familiarentzat, komunitatearentzat baizik. Eskolak, osasun etxeak eta gizarte etxeak herri guztietan daude, eta hor ematen dute denbora, elkarrekin. Han egiten dituzte asanbladak, guztiak asanbladen bidez funtzionatzen baitu. Uste dut asko daukagula ikasteko haiengandik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.