KOMUNIKAZIOA. «Zientzia hain urrun ez dagoela ohartarazi nahi diogu entzuleari»

Zientzia eta teknologiaren mundu zabalen dibulgazioaz arduratzen da Roa asteartero, Euskadi Irratiko 'Norteko Ferrokarrilla'-n.

2008ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Kimikan doktorea da Guillermo Roa (Donostia, 1968), baina haren lantokia ez da laborategia. Nagore Rementeriarekin batera, zientzia gaiak dibulgatzeaz arduratzen da.

Zein da saioaren helburua?

Helburua zientzia eta teknologiaren dibulgazioa da. Bada nolabaiteko interes berezia duen publiko espezializatua, baina nik uste dut gure publiko nagusia zabala dela, edozein entzulek izan behar duela. Entzuleari ohartarazi nahi diogu zientzia ez dagoela beraiengandik hain urruti.

Zer edukik osatzen dute ordubeteko irratsaioa?

Normalean, elkarrizketa nagusi bat eta bi txiki edukitzen ditugu. Gaia interesgarria bada eta elkarrizketatua hiztun ona bada, monografikoa egiten dugu. Gero, hainbat gai txikiren inguruan aritzen gara. Eta kolaborazioak ere tartekatzen ditugu. Zientzia eta teknologiaren munduak oso zabalak dira, eta edukiei dagokienean, gai espezializatuak eta arinak txandakatzen saiatzen gara, betiere oreka zainduz.

Zer atal berri entzun ahalko da denboraldi honetan?

Iazko atal gehienei eutsi eta hainbat berri izango ditugu. Saio guztietan, sumarioa bukatu eta badago ironiaz eta modu xelebre batean egindako halako gogoeta berezi bat, gaiari sarrera emango diona. Modu horretan, egon daitekeen aspertzeko arriskua puskatzen da. Zenbakitan izeneko atala ere izango dugu: zenbakiak zientzian aztertuko ditugu, pixka bat kokatzen laguntzeko. Adibidez, entzuten dugu Prestige ontziak 77.000 tona fuel olio zeukala. Eta galdetzen dugu: bai, baina hori zer da asko ala gutxi? Kolaborazioetan, hegaztiei buruzko Mokoka tartea dugu; ornitologo batek egiten du. Saio guztien bukaeran, berriz, zientzia fikziozko liburu bat gomendatuko dugu, Fikzio orriak atalean.

Telebistan, gaia ulertzen irudiak lagundu dezake. Irratian, irudimenak?

Bi hizkuntza erabat desberdinak dira. Telebista irudietan oinarritzen da, eta bideoen iturri indartsua edukiz gero, nik egin ezin ditudan gauzak egin ditzakete. Nik gehiago bilatu behar dut hitza, eta asko jokatu musikarekin. Hala ere, aldez aurretik gai bat baztertu beharrean, ikusi beharreko hori hitzaren bidez transmititzen saiatzea ikasi dut.

Zeu arduratzen al zara asteko gaiak aukeratzeaz?

Ni naiz irratsaioaren gidaria, baina atzetik Elhuyarko Zientziaren Komunikazioa departamentu osoa dut. Guztiok egiten dugu zientziaren dibulgazioa hainbat hedabidetarako, eta denon artean produktuen arteko sinergia oso ondo landuta daukagu, eta horrek asko laguntzen dit niri gaiak aukeratzeko. Azken finean, ni ez nago nire gustuen morroi.

Zientzia gai zaila, zatarra eta ulergaitza dela diote askok, ezta?

Zientziak badu halako mitoa; alor batzuk -matematika, fisika- oso zailak direla, baina begiratuz gero badaude oso onartuta etaondo irensten ditugun esparru batzuk eta berez ulertzeko zailak direnak. Adibidez, ekonomia eta zuzenbidea. Ez dut uste, berez, zientzia zailagoa denik, baizik eta mitotzat bezala daukagula.

Halako gaiez aritzean zer bilatzen duzu entzulearengandik?

Iaz, bi hilean behin gai espezializatu baten gainean aritzea erabaki nuen. Fisika kuantikoa, esate baterako. Lagun baten bitartez jaso nuen inpresioetako bat izan zen ez zuela dena ulertu, baina gaiak harrapatu zuela. Ez da soilik gaia ondo-ondo azaltzea eta dena argi uztea, baizik eta modu erakargarri batean kontatzea, gauzak hein batean ulertzeko. Hori hizlariaren araberakoa izaten da.

Irratsaioa nahi denean entzun ahal da www.zientzia.net-en, ezta?

Webgune berrian elkarrizketak eta erreportajeak banaka edo saioa osorik entzun daitezke.

Elhuyarrek egiten duen Quark saioa hainbat irratitan emititzen dute. Zientziaren dibulgazioa zabaltzeko bide aproposa, ezta?

Astero Elhuyarreko dibulgatzaileok egiten dugun saioa da. Quark irratsaio bakoitzak 10 minutu irauten du, eta elkarrizketa eta albiste txiki bana eskaintzen ditugu. Gero, Arrosa sarera banatzen dugu, hainbat irrati librek erabiltzeko. Baina Arrosako irratiek ez ezik beste hainbatek ere erabiltzen dute. Horrek Euskadi Irratiarena ez den audientzia bat ematen digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.