KOMUNIKAZIOA. Zalantzak eta arantzak

Eñaut Gantxegi.
2010eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Iristen ari da ikasturte amaiera. Ekaina heltzearekin batera, ikasle eta irakasleek-eta bide batez garbitzaile eta bedelek- bestelako begiekin ikusten baitute uda, nahiz eta batzuek irailerako «zer edo zer» uzteko joera izan ohi duten. Azken talde horretan sartu beharko litzateke ETB, ekainera iritsi eta udako garaia, orain arte egindakoa hobetzeko aprobetxatu beharko baitu. Bereziki azkenaldian sorrarazi dituen zalantzei dagokienez. Telebista saio batzuek oraindik ez dute euren jarraipena ziurtatua, eta kasu honetan lanak txukun egitea irailean bueltatzea ekarri beharko bazien ere, oraindik duda-mudatan dabil Surio, Arruti eta konpainiaren lan taldea. Tira, salbuespenak izango direlakoan nago, eta kasualitatea ETB2ko saio batzuen blindajeak -Aspaldiko hala dagoelakoan nago-, ETB1eko saio batzuen ahultasunarekin kontrastea egingo du. Kasu zehatzak aipatzen hasita, Ipupomamua, Sautrela eta Hitzetik Hortzera saioek etorkizuna ez dute asentatua. H.H. (Hitzetik hortzera) H.H.H. (Harina de Huesos Humanos) bilakatu nahian ote dabiltza? Hainbeste urtez aritu -bere gorabeherekin, jakina- eta bertsozaletasunari bultzada berezi bat eman izan dion saioa finikitatu nahi ote dute?

Iragan astean egindako saioari arreta jarriz, bertsolaritzaren laginak eman zituzten. Pasai Antxon egin zuten esperimentua izan zen gauzarik deigarrienetakoa, DJ aditu batek Alaia Martin eta Xabier Silveira (Ederra eta piztia) estutasunean jartzea lortu baitzuen. Sarasua eta Iturriaga aspaldiko irudietan ikusteak freskura antzinakoa ekarri zuen. Eta amaiera aldera, urteko errepasoa, aurtengoa uzta oparoa izan dela erakutsiz. Errepasoa aurkezteko, saioko errealizadore Izaskun Bernedo azaldu zen. Bera ere aurkezleen taldera igaro nahian ote? Ez dut uste, mutil-lagunak ez dio utziko...

Txantxak aparte, bertsozaleok datorren ikasturtean izango dugun edo ez bertso tarterik ez dakigu, eta baliteke irailetik aurrera Chirigotatik chirigotara izatea ahozkotasun pluralaren saio izarra Jaurlaritza espainiarzale honekin.

Bihar izango da azken Hitzetik hortzera -zuzeneko konexio antzeko bat barne- ETB3n; ahotik ahora zabal dadila, eta bilakatu dezagun biharko emankizuna share aldetik mugarri bat, audientziek askotan -eta ETBn zer esanik ez- termometro izateko balio ez badute ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.