Udako programazioaren tarte handi bat errepikapenekin bete arren, audientzia datuei dagokienez ETBk urteko ikusle portzentajerik onenak lortu ditu abuztuan. ETBk %19,9ko audientzia kuota lortu du pasa den hilean. ETB1ek %4ko batez bestekoa eskuratu du -uztailean baino zazpi hamarreko gehiago-, eta ETB2k %15,9koa -uztailean baino bederatzi hamarreko gehiago-. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak dira horiek. Bestalde, ETBko bi kateen ikusleak batuta, FORTAko beste telebistek baino datu hobeak lortu dituzte abuztuan. Kataluniako telebista publikoak %14,8ko batez bestekoa lortu du, eta Galiziakoak %15,5ekoa.
Euskarazko kateko ikusleen datuetan, nabarmentzekoa da 2007/2008ko denboraldiko hilabete guztietan %4ko batez bestekotik behera ibili direla audientziei dagozkien portzentajeak, eta pasa den hilean igoera nabarmena izan duela. Kirol emanaldiek, batez ere esku pilotako partidek, eragin zuzena izan dute igoera horretan. Horrez gain, Bi errepidean, Hik jan eta nik jai eta Noaoa! saioek izan dute iragan hilean ikus-entzuleen aldetik jarraipenik zabalena.
ETB2 katean, bestalde, abuztuan eskaini dituzten hainbat dokumental berezik audientzia datu esanguratsuak lortu dituzte: Aquella Aste Nagusia (%22,4), Inundaciones 1983. 20 años (%21,7) eta Caja Negra saioko Euskadi, Tierra de lluviasatala (%25,3). Teleberri albistegiak %21,4ko ikusle kuota izan du abuztuan. %21,3ko batez bestekoarekin, ETBko gaztelaniazko katean eguerdiko albistegia liderra izan da abuztu osoan. Arratsaldetako Pásalo magazinak eta zinema emanaldiek ere datu onak izan dituzte. %21,6ko ikusle kuota lortu du abuztuan Pásalo-k, eta batez beste 331.000 ikus-entzulek jarraitu dute. Abuztuaren 25ean eskaini zuten saioak, gainera, marka guztiak hautsi zituen: %28,3ko kuota eskuratu zuen.
TVEk tronua kendu dio Tele5ri
Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian Tele5k jarraitzen du lidergoan, baina Pekingo Olinpiar Jokoak direla medio, audientzia gehiena galdu duen Espainiako telebista da. %2,9 galdu eta minimo historikoa izan du.
Pekingo Olinpiar Jokoen onuradun handiena TVE1 da. Uztaileko datuekin alderatuta, puntu bat eta bederatzi hamarreko lortu ditu abuztuan (%18,5), eta, hala, lau urteren ostean, Espainiako katerik ikusiena izatea lortu du. Antena3 (%15,6) lau hamarreko jaitsi arren, ikusienetan bigarrena da. Cuatrok, lau hamarreko galduta, azken hamar hilabeteetako daturik okerrena izan du (%7,6). LaSextak %5,4ko batez bestekoa eskuratu du, eta La2ek %6,2koa. Gaikako kateek, berriz, inoizko daturik onena lortu dute: %14,7.
KOMUNIKAZIOA. Urteko ikusle daturik onenak lortu dituzte abuztuan ETB1ek eta ETB2k
ETB1 zazpi hamarreko igo da azkeneko hilabetean (%4), eta ETB2 bederatzi hamarreko (%15,9)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu