KOMUNIKAZIOA. Ni tú ni Tuni Noriega

Eñaut Gantxegi.
2010eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Berriro azaldu da, aspaldiko partez, Eduardo No-Riega pantaila aurrean, aspaldiko kontu batzuk direla-eta Frantziak haren zerbitzuak behar baititu. Baina ez CIA edota bestelako espioitza asuntuengatik; badirudi drogarekin saltsan ibili zela, eta hori ezin da onartu gaur egungo gizarte sano eta zoriontsu honetan. Pagaburuarena egin zuen; eta perpetuitatea ziurtatu bazioten ere, fidagarriak izan behar zuten estatuek ez zioten ostiko bat baino eman eskertza moduan. Txotxongilo bat zelakoan, arantzatxo bilakatu zen azkenerako, eta hori Panamako toki estrategikoan ezin onartu. Ez dut esango miresten dudan norbait denik, baina yankiek euren despliegea Erdialdeko Amerikako herrialde horretan azaldu zutenean, sinpatia apur bat eskaini genionak ez ginen gutxi izan. Edward James Olmos aktorearenanaia maltzurra zelako ideia nuen buruan, AEBetako kursileria eta lasaitasunaz nekatuta beste herrialdeetan ordena pixka bat jartzera joandakoa. Eta azkenerako bere anaia txintxoak bere puskaturiko plater guztiak jasotzera joateko eskatu zien madelman-ei. Baina, hori guztia zientzia fikzioa izaki, Noriega Sarkozylandian epaituko dutela da egia bakarra. Baina, honetaz guztiaz hitz eginda, baliteke gazteren batek esatea: «Ei, Noriega horrek ez al du Reggeton egiten? Niri gustatzen zait, bada». Baina ez, bestelako musika batzuk izan ditu inguruan (fusilak kargatu, tankeak martxan jarri edota azkenaldian ziegako sarrailaren itxiera).

Musika aipatuta, igandean ETB3n eman zuten Def Con Dos taldearen kontzertua etorri zait gogora. Ulertzen dut oraindik gauzak dituztela esateko, taula gaineko monoa kentzeko terapia ona dela, edota alde pragmatikora joanaz, dirua irabazteko aukera bikaina suertatu zaiela bigarren revival honetan. Baina bai Irunen bertan eta bai gerora pantaila aurrean ikusitakoak garaiz egindako erretretek zeinen balio handia duten erakutsi ziguten beste behin ere.

Noski, badute eskubidea nahi dutena nahi dutenean egiteko, baina ez edonola. Joan den asteburuan Gasteizko Azkena Rock Festibalean (ARF! ARF!) oraindik ere sasoian dauden batzuen ikuskizunaz gozatu genuen. Nik bereziki The Damned aipatuko nuke banda kutunenen artean, eta Kiss taldeak aho zabalik utzi gintuela azpimarratu. Horrela bai sinatuko nukeela nik zahartzaroa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.