KOMUNIKAZIOA. Lehoiak, hienak eta sugeak

Jokin Labaien.
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Zain pasa ditut azken aste hauek. Zain, lehoia bezala, harrapakina noiz parean jarriko. Zain, hiena bezala, harrapakina lapurtzeko parada noiz izango. Susmoa dut ihes egingo didala. Ez naizela ausarta izan. Ez dudala arriskurik hartu. Ez dutela arriskurik hartu. Ez direla ausartak izan. Ihes egingo diela. Harrapakina ez da pertsona bat, ezta talde bat ere. Egoera bat da. Luze doana. Erosotasunik ezak errutina bilakatu duena. Errutinak beldur. Eta beldurrak erosotasun. Bai, behintzat, norbera arriskuan ez denean. Harrapakinak boa erraldoi baten antza du. Ez du hozka egiten, ezpada estutu, ito, eta eutsi, arnasa lapurtu arte. Eta arrisku egoerak zoli menperatzen ditu, odol hotzez, aldian behin azala aldatuz. Eta badaki ihes egiten, ezkutatzen.

Etsipena ekarri dit zain pasatako denborak, gutxi baitaukat lehoitik zein hienatik. Eta, bien bitartean, egoera pairatzen duten langileek baldintza beretan jarraitzen dute lanean. Ohartarazpen bihurtu dituzten zigorretatik harago, lan baldintzetan dago arazoaren muina. EITBko langileek dauzkaten lan baldintzetan. Ohitu egin gara guztiok, haiek eta gu. Eta, azkenaldian, aldian behin gertakariren batek hautsak harrotu arren, ez diogu oinarrizko arazoari, sakonekoari, heltzen.

Zein da egungo egoera? Zerk eragin du? Nork bultzatu eta elikatu? Zergatik? Zertarako? Zein ondorio dauzka? Nola konpon daiteke? Prest al daude? Eta gu? Komeni al da? Horren ordez, albiste baten harira sortutako injustiziaren sokari tiraka aritu dira, batzuek alde batera eta besteak aurkako aldera. Hedabideetara, batez ere paperezkoetara, hainbat salaketa eraman zituen. Gainera, argibideak eman behar zituena paperaren gainean konpetentzia behar lukeen etxean ari zen sua hauspotzen. Hori baita bere zeregina, aipatu galderei erantzuten ez zaien bitartean.

Egoera, beraz, ez da askorik aldatu. Oihartzun ozen hura galdu egin da egunero jasotzen dugun informazio guztiaren artean. Iritsiko da berriz ere, ziur naiz. Eta berriro galduko da, tamalez.

Eta, nola lehoiek hala hienek harrapakina nola begiz jotzen duten ikusteko, dokumentalak soilik geratuko zaizkigu. Ahaztu egingo zaigu hainbat kazetariren egoera. Zein baldintzatan kontratatu dituzten. Zertarako. Nola egiten duten lan. Zer eskatzen zaien. Zer agindu. Zein muga duten. Zenbat estutzen dituen lasai-lasai bizi den sugeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.