KOMUNIKAZIOA. Gauerdiaren magia

Eñaut Gantxegi.
2009ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ez, ez pentsa parranda edota pertsona batekin izan daitekeen zitaz mintzatuko naizenik. Ezta Mari Errauskine edota Gremlins-ek jasaten zituzten eraldaketez, gaur egun halako transformazioak gaueko 12etatik nahiko urrun geratzen baitira. Telebistan gauerdia, edota gauerdian telebista, horixe da gaia. Zehazkiago Cinema de minuit delakoa, France3 katean astero aurki daitekeen zita. Igande gauetako altxor bat. «Zer egiten du honek ordu horietan?». Bada batzuetan, asteburuetako jet-lag horrek harrapatzen gaituenean, oraindik ere zer edo zer ikustekorik badagoen esperantzarekin iraun.

1976an koka daiteke saio honen aurrekaria, zinema historian jakituna den Patrick Brion (gaur egungo gidaria) eta Claude-Jean Philippen artean zineklub formatuko produktu bat sorraraziz; hau da, garai bateko filmak, zinema zuzendarien inguruko zikloak edota bestelako altxorrez osaturiko programazioa. 1976-1979 arteko etapa horretan isuritako haziak gerora 90eko hamarkadan sendotu zen tarteari eman zion paso, hor hartu baitzuen gaur egungo izena; alegia, gauerdiko zinema (gutxi gorabehera 22:30ean hasi, eta gauerdian amaitzen zelako). Hasiera batetan France2n ematen zuten, baina programazioan zerabilten fundamentu kaskarra zela medio, 3.era pasatzea erabaki zuten. Gaur arte.

Ia film gehienak 30-40ko hamarkadakoak dira, film europar eta amerikarrak batez ere. Eta, noski, frantses ekoizpenak tartean, baina betiere ondo kontestualizatuak edota ziklo bereziren batetan kokatuak. Chauvinismo gehiegirik gabe, Versión española edota Cine de Barrio espainiarretatik nahikoa urrun. Zinema italiarra edota alemana lotsarik gabe ematen duen saio bat ez al da sanoa?

Azkenaldian nahikoa aldiz piper egin badut ere (udak telebista ikusteko galbana sorrarazten dit... zer egingo diogu bada...), nahikoa berme da igande gauetako parada hau, eta urri hasiera honetarako, bi film kokatzen dira filmoteka berezi honetan. Igande honetan bertan Raoul Walsh-en The yellow ticket (1931) izango da ikusgai, eta datorren igandean hilak 11 Ich möchte kein mann sein (1918). Zuzendaria, Ernst Lubitsch. Berme gehiago nahi? Bada, ikusi eta kito. Eta, askorik ulertzen ez baduzue, utzi irudimenari hegan egiten, Mikel Laboak bere Lekeitioekin egiten zuen bezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.