Manu Marañon. Komunikazio trebatzailea

«Komunikazioa ez da kea saltzeko arte moduko bat»

Komunikatzaile trebea da, eta ingurukoak trebatzen dihardu. Komunikarteko arduraduna da, eta jende aurrean hitz egiten irakasteko liburua atera berri du.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
2014ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Hamaika ogibidek behartzen dute jendaurrean hitz egitera. Hitz egitea da askoren lana. Eztarria, baina, beldurraren eta urduritasunaren menpe egon ohi da. Manu Marañonek (Dima, 1957) hutsunea antzeman du Euskal Herriko politikari, enpresari eta talde sozialetako ordezkarien komunikatzeko gaitasunetan. Bide horretan, liburu bat argitaratu du: Jendaurrean hitz egitea. Traketsetik abilera. Izan ere, bada jende aurrean ideiak ondo azaltzen ikasteko premiarik, haren ustetan.

Inportantea da jendaurrean hitz egitea?

Nik uste oso garrantzitsua dela, bi arrazoirengatik: batetik, gaur egun, aukera profesional gehiago izateko, enpresek, entitateek eta abarrek gauza batzuk kontuan hartzen dituzte jendea kontratatzerakoan. Asko baloratzen da inguruko jendearekin harremanak sustatzeko ahalmena. Horrelako trebakuntza baten erdian dago ahozko komunikazioa, eta, neurri handi batean, jendaurrekoa. Izan ere, askotan enpresek behar dutena da haien produktua, esku artean daukaten guztia ahal den eta ondoen azaltzea. Alde horretatik, alor profesionalean oso garrantzitsua den trebakuntza da, eta, gero, alor pertsonalean autoestimurako eta konfiantzarako oso garrantzitsua da ondo komunikatzea. Nire ustez, ondo komunikatzen duen pertsona bat seguruagoa da, autonomoagoa eta independenteagoa da; ez du inoren beharrizanik pentsatzen duena eta sentitzen duena jendaurrean azaltzeko.

Horri buruz idatzi duzu liburua. Norentzat da?

Jende asko dabil egunero komunikatzen: enpresatan, sindikatuetan, erakundeetan, eskoletan, epaitegietan, komunikabideetan... Horientzat da liburua. Helburua pixka bat espezializatua den tresna bat eskaintzea da, oso logikoa izatea eta jendeak praktikan jartzea. Ikuspegi zabal batetik egina dago.

Publikoan hitz egiteko beldurra izatea naturala dela diozu. Nola uxatu?

Gure heziketan —eskolan, institutuan eta gero unibertsitatean— oso gutxi landu dugu jendaurrean hitz egitea. Anglosaxoiekin, frantsesekin, argentinarrekin eta txiletarrekin konparatuta, jendaurrean hitz egitea mitifikatua dugu. Horregatik, guri sortzen digun estresa berezia da, handiagoa. Jendaurrean hitz egitea oso garrantzitsua eta serioa da, eta jendea urduri jartzen da, erantzukizunez hartzen duelako. Hori naturala da. Baina, askotan, arazoak ditugu urduritasun hori kudeatzeko. Ondo prestatu behar da. Oro har, oso garrantzitsua da gaia menperatzea, argi izatea, eta horrek emango digu segurtasun intelektual eta psikologikoa. Garrantzitsua da esperientzia izatea. Askotan, baliagarriak dira norberaren trikimailu bereziak. Beste elementu psikologiko garrantzitsu bat da alderdi kognitiboa, geure buruan dauden pentsamenduak. Hor lan handia dugu askotan ditugun pentsamendu negatiboei edo geure burua ahultzen dutenei buelta emateko eta gai garela pentsatzeko.

Diozunaren arabera, gure kulturan ez da komunikatzeko gaitasuna lantzen. Noiz hasi beharko litzateke prozesu hori?

Irakaskuntzan pixkanaka-pixkanaka konpetentziak gehiago sartzen ari dira. Bolognako prozesuarekin bai unibertsitatean eta bai irakaskuntzan gomendatzen dena da klase magistralak gainditzea eta abilidadeetan arreta handiagoa jartzea. Ikasteko formularik onena egitea da, erakustea, hanka sartzea, esperimentatzea... Ni Zuzenbidean lizentziatu nintzen Deustuan, eta han ez nuen honetaz ezer ikasi. Baina gero hogei urtean EHNE sindikatuan ibili nintzen, eta hori izan da nire benetako unibertsitatea.

Beraz, esperientziak irakatsi dizu. Zein teknika erabiltzen dituzu jendea trebatzeko?

Nik ikusten nuen bazegoela hutsune handi bat politikatik hasita enpresen mundura, sindikatu eta mugimendu sozialetaraino. Planteatzen dudana da: garrantzitsua da dena sinplifikatzea. Mezua argi, ulergarri eta labur esatea. Zer gehiago sinplifikatu? Eszenaratzea: zutik hitz egin, jendearen ondoan, jendeari begiratuz, eskuak modu naturalean mugituz. Lagungarri bisualen erabilpena ere bai. Gauzak diseinu aldetik sinplifikatu behar ditugu, espazio zuriak, testu gutxi eta irudiak erabiliz. Gainera, denak prest egon behar du jendearen aurrean denbora guztian harremanetan egoteko. Gero, garrantzi handia ematen diot naturaltasunari. Profesional baten atzean beti pertsona bat dago; askotan, rol profesionala azaltzen da, eta pertsona ezkutuan geratzen da. Arlo emozionala ere landu behar da. Helburua ez da argudio, datu eta estatistikekin jendearen burura heltzea, baizik eta bihotzera ere bai, eta, horretarako, istorioak eta gertaerak kontatzea garrantzitsua da. Baina oso ohitura gutxi daukagu horretarako. Horretaz gain, ikastaroaren beste helburu bat konfiantza eta autoestimua da. Jendeak ondo egiten du, baina jakin behar du baloratzen ondo egiten duela. Barneko talentu hori azalarazten saiatzen naiz konfiantza irabaziz.

Politikariak, sindikatuetako ordezkariak eta beste trebatu ohi dituzu. Zer maila dute Euskal Herriko ordezkari politiko eta sindikalek?

Badaude ondo komunikatzen dutenak eta eskasago egiten dutenak. Nire ustez, politikan, oro har, sinesgarritasun problema bat dago. Askotan ez da ustelkeriagatik edo zin egindakoak ez betetzeagatik bakarrik, baizik eta komunikatzeko estiloan badagoelako zer hobetu. Hizkuntza ebaluatiboegia dugu, irain gehiegi, eta askotan gertaeretan eta informazio zehatzetan oinarritu barik. Oso planteamendu subjektiboekin, alderdikoiekin eta, askotan, sektarioekin komunikatzen dugu. Ez da bakarrik gertatzen [Espainiako] estatu mailan, edo Eusko Legebiltzarrean, hori ere etortzen da herrietara. Ez dut uste hizkuntza deskalifikatiboa ona denik politika eta politikariak prestigiatzeko. Alde horretatik, kalitatezko hizkuntza positibo bat erabiltzea da, oro har, klase politikoak duen erronka. Eta, gero, sindikatu eta mugimendu sozialek, oro har, ez diote gai honi behar duen garrantzia ematen. Ikusten dut enpresetako esparru konkretu batzuetan geroz eta gehiago lantzen ari direla trebakuntza hauek, garrantzitsu ikusten dituztelako etorkizuneko enpresaren lehiakortasunean. Langile sindikatuen eta talde sozialen eginkizunerako ere oso garrantzitsua da jende aurrean nola hitz egin behar den jakitea, negoziatzeko teknikak ezagutzea, bilerak kudeatzen ikastea... Beharrizan handia dute, baina gogor egiten zaie nire hitzak entzutea. Gehiago zaindu beharko lukete esaten dutena. Ez bakarrik mediatikoki, baita barne komunikazioan ere.

Zeintzuk dira hizlari ona izateko gakoak?

Gakoa pertsona da. Aristotelesek zioen komunikatzaile ona dela pertsona on bat tresnak ondo erabiltzen dituena. Baina, lehenengo, pertsona on bat. Hau ez da kea saltzeko arte moduko bat. Ez dugu ahaztu behar elementu giltzarriak direla norbera sinesgarria eta koherentea izatea; kontuan hartu behar dugu zer-nolako eragina duen jendea engainatzeak edo sinesten ez dugun gauza bat zabaltzeak. Koherentzia, konpromisoa, zintzotasuna, hurbiltasuna eta pasioa sentitzea baloratzen da. Komunikatzaile ona izateko lehen mailako elementuak dira horiek. Bigarren mailakoak dira tresnak: argi, labur, erraz, indarrarekin hitz egitea, erabilgarri bisualak ondo erabiltzea. Denok ditugu baliabide asko. Gure indarrak aprobetxatu egin behar ditugu, eta ahuleziak zeintzuk diren kontuan izanda, horiek hobetu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.