KOMUNIKAZIOA. ETB1ek %3,4ko ikusle kuota izan du 2008an, eta ETB2k %15,1ekoa

Hiru hamarreko galdu ditu lehen kateak 2007 urtearekiko; bigarren kateak, berriz, kopuru berbera irabazi du

2009ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Emaitza ezberdina lortu dute ETBko lehen bi kateek atzean utzi berri dugun urtean. ETB1en ikusleriak beherakada izan du, hiru hamarrekokoa hain zuzen ere, eta ETB2k lehen kateak galdu duen kopuru berbera lortu du.

Telebista publikoaren lehenengo kateak, batez beste, %3,4ko ikusleria izan du pasa den urtean eta bigarrenak, aldiz, %15,1ekoa. ETB1ek azkeneko bost urteotako ildoa jarraitu du, beherakadarena alegia. Epe horretan ia bi puntu galdu ditu, 2004an %5,3eko ikusle kuota baitzuen. ETB2k ere bi puntu galdu ditu 2004tik, baina iazko emaitza hobetzea lortu du. Izan ere, orain dela bost urte %17,1ekoa zen, eta 2007an %14,8koa. Iaz %15,1 eskuratu zuen. Abuztuan lortu zuten ikusle ehunekorik handiena ETBko bi kateek. Zehazki, %4ko ikusleria lortu zuen lehenengo kateak, eta %15,9koa bigarrenak. Urtarrilean lortu zuten, biek ala biek, urteko bigarren emaitzarik onenak. ETB1ek %3,7 lortu zuen, eta ETB2k %15,8koa.

ETB1en aurtengo lehenengo saioak iazko kuota bikoiztea lortu du. Wazemank saiokoek egindako Aurten hamabi baietz saioak %9,9ko ikusleria eduki zuen, eta 65.000 ikusle batez bestekoa. Metatua 213.000 ikuslekoa izan zen.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Telecinco izan da telebista katerik ikusiena, Espainiako estatuko batez bestekoa lau puntutan gaindituta. Kate pribatu espainiarrak %22,1eko ikusleria izan du 2008 urtean.

Tele5 lider bosgarren urtez

Espainian telebista gehien kontsumitu den urtea izan da 2008a. Ikusle bakoitzak, batez beste, hiru ordu eta 47 minutu eman ditu pantailaren aurrean. Hiru milioi eta erdi espainiarrek egunean hamar ordu baino gehiago ematen dituzte telebistaren aurrean.

Kateei dagokienez, Telecinco bosgarren urtez izan da katerik ikusiena, %18,1eko ikusleriarekin. Datu horiek, haatik, urtea buru izanik amaitu duen kate baten txikiena izan da eta, aldi berean, Telecincok sekula izan duen txikiena. Beste horrenbeste gertatzen da TVEko bi kateekin eta FORTAkoekin: TVE1k %16,9, La2ek %4,5 eta FORTAkoek %14,4. Hala ere, Telecincok urtea ez du buruan amaitu, TVE1 izan baita ikusiena abenduan, %17,9arekin.

Kate berrienek, Cuatrok eta La Sextak, euren emaitza onenak lortu dituzte, %8,6ko eta %5,5eko ikusleriarekin, hurrenez hurren. Datu horiek lortzeko, Fama lehiaketak, House telesailak, eta, batez ere, Europako Futbol Txapelketak. Horrekin, Cuatrok inoizko emanaldirik, futbol partidarik, iragarkirik eta minuturik ikusienak lortu ditu. Izan ere, %41eko ikusle kuota eduki zuen txapelketak, eta Alemaniaren eta Espainiaren arteko finalak %80,9koa, guztira 17 milioi ikusle baino gehiago bilduta,ikusleria neurtzen denetik kopururik handiena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.