KOMUNIKAZIOA. EKOGRAFIAK. Axaletik pilotariez

2008ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Pilotazaleek hitzordua dute astelehen honetan ETB1en. 18:15etik aurrera, Lau t'erdiko txapelketako ligaxkan jokatuko duten partida zuzenean emango dute». Albistea horrelaxe aurkitu dut bila ibili eta gero. Normala ez bada ere ez bainekien ezer ere puntako jaialdiaz. Nahiz eta buruz buru ariko diren biak herenegun Kalaka-n agertu zitzaizkidan, ETBn eguneko albistearen ingurukoen bila ari nintzelarik ETBn.

Ama askoren gustuei kasu egitera, etxerako modukoak dira pilotariok. Jatortasunaren edabe magikotik edandakoak dirudite. Egungo heroiak, lehenagokoa oraingoarekin uztartzea lortu dutenak. Begitantzen zaizkit futbolariak bezain heroiak, baina kutsu euskaldunagoaz.

Gorpuzkeragatik izango da; pilota jotzerakoan makurtzeko duten modua. Edota buruz buru aritze hori egoskorrean, temati amaitu artean. Ahaztu gabe kirolaren tradizioa. Zuetariko zenbatek biziko duzue baten edo besteren zoria propioa balitz bezala, datorren astelehenean? Puru handia erretzen, ahal bada, edota sos batzuk lagata bestela.

Bat-bateko galdeketa bihurrian jarri zituzten, pantailaren alde banatara: Olaizola eskuinetara euskaraz, eta Irujo ezkerretara gaztelaniaz. Uste dut ohituraz euskal telebistara entxufatuta zaudetenok, edozer botatzen dutela ere, han ikusiko zenituztela. Besteok, igual apropos bilatuko zenituzten. (Harritzen naiz!)

Pilotariak bat zetozen finalaurrean zerekin amesten duten galdetuta. Takoak ahaztuta ateratzea kantxara, bizkar gainean izango duten presioaren isla. Aurrea ikusten zitzaion intentzio txar guztia itzali zioten hasi orduko galdeketari; Irujok ohituraz erabiltzen zuen biraoaz galdetuta «mekatxis la porra» bota zuen. Goenkale-rako ere light-egia dena. Olaizolak ez zuen asmatu zer esan, eta ez ninduen batere harritu. Beren biziko emakumeei buruz, txinparta askorik ez, neska-lagunez akordatu ziren eta amaz, nola ahaztu. Ez dirudite haserrekorrak ere. Eta bizioak deitzeko modukorik, formalitatea ez bada!

Ondorioa, oso aspergarriak diruditela pilotariek, amei kontra egitera ausartuta. Zeinen zintzoak eta politikoki zuzenak. Gero, Fermin Muguruza agertu zen Xabier Euzkitzeren eserlekura. Bikote ezaguna, euskalduna eta punta banakoa. Ni gaizto ideologien txokearen zain egon nintzen, baina hori izatekotan beste gorpuzkera baten ekografia da...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.