KOMUNIKAZIOA. BANDA ZABALEAN. «Nire oporretako argazkiak ikusi nahi?»

2008ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Hitz hauek entzutearekin batera, zuetariko asko dardarka hasiko da ziurrenik, udako oporrak amaitu direla eta orain familiakoek eta lagunek euren bidaietan ateratako ehunka argazki, eta bakoitzari dagozkion azalpenak, noski, bata bestearen atzetik irensteko argazki-maratoi amaiezinen garaia heldu dela esan nahi baitu horrek.

Ni, aitortu behar dut, behin oporretatik bueltan argazki guztiak ordenatu eta ingurukoekin ikusteko aurkezpen bat (bai, musika eta guzti) prestatzen duten horietakoa naiz. Baina nola egin urruti ditugun lagunek ere gure irudiak ikustekoaukera izan dezaten? Erantzuna sinplea bezain erraza da; gure argazkiak Interneten gordez, alegia. Sarean hori egiteko aukera ematen duten webguneak ditugu. Denetan ezagunena,Yahooren Flickr (www.flickr.com) dugu.

Gune honetan erabiltzaile-kontu bat ireki (Yahoon konturik ez badugu) eta berehala, doan eta oso modu intuitiboan, argazkiak igotzen, antolatzen eta, nahi izanez gero, mundu guztiarekin partekatzen has gaitezke, igotzen ditugun irudi horiek pribatuak, lagunek bakarrik edo edozeinek ikus ditzakeen guk aukera baitezakegu. Webgunearen bisitariek, gainera, gure argazkietan beren iritziak utz ditzakete. Flickr-ek badituaipatzekoak diren beste ezaugarri batzuk ere, hala nola argazki bildumen aurkezpenak, irudiak mapa batean geolokalizatzeko aukera eta argazkien kopiak paperean eskatzeko zerbitzua.

Kontuan hartzeko beste webgune bat Photobucket (www.photobucket.com) izenekoa da. Horrek Flickr-en antzeko zerbitzua eskaintzen du, eta, argazkiak ez ezik, bideoak igotzeko aukera ere ematen du.

Aurreko bi webguneak ez badira zure beharretara egokitzen, Zooomr (www.zooomr.com) proba dezakezu. Doakoa da, eta espazio eta hileko transferentzia mugagabeak eskaintzen ditu.

Beste webgune gomendagarri bat Pixie (www.pix.ie) da; oraindik beta egoeran dago.

Ezin aipatu gabe utzi argazkiak.org webgune euskaldun berria. Oraindik teknikoki aurrekoetatik nahiko urrun badago ere, zerbitzu oso txukuna eskaintzen du, eta gure hizkuntzan.

Orain, hemen zerrendatutako guneak probatzen eta zuen argazkiak, oso modu errazean, sarean partekatzen has zintezkete. Nik, dagoeneko, nire udako bilduma prestatu dut. Ikusi nahi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.