KOMUNIKAZIOA. Astelehen kriminalak

Eñaut Gantxegi.
2010eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Bai, halaxekoa izan genuen joandako astelehen hau, berez genekarren asteburuko zamaz aparte, krimenak tarte berezia izan baitzuen telebistan. Besteak beste, TVEko lehen katean, El secuestro de Anabel ikusteko aukera izan genuen, duela hamabost urte inguruko bahiketa eta hilketa batean oinarritua. Telefilmak aditzera eman nahi du alkoholaren, Felipe Gonzo-A-Leztarren gobernuari sinpatia gutxi zioten bi tiporen eta zorte txarraren arteko koktel batek eraman zuela zulora seguratarren alaba. Eta zoriak eta inprobisazioak kriminalak sortzen dituela erakutsi. Polizia eta Lobatondar Pakoren arteko konexioa Pedro Costa zuzendariak (El crimen de Almería, Las 13 rosas) gidatu zuen, eta filma patxin-patxanekoa izatea baliteke askorentzat ez izatea hain garrantzitsua, argudio nagusiaren izaera pisu gehiagokoa izaki. Baina hori ez da gauza berria, hemen inguruko testuinguru politiko-militarraren kontakizunekin gertatu ohi izan den bezala. Paper nagusietakoa Enrique Villen-ek betetzen du -azkenaldian Plutón BRB Nero-ko gaizkilearen rolean dabil- , eta haren curriculumean umorea nagusi izan baldin bada ere, psikopatarenean ondo samar moldatu zen.

Bat-bateko kriminal batzuk utzi, eta beren ofizioan oso zehatzak diren beste hainbat kriminalen urratsak gertutik jarraitzen dituzten CSI-koengana. Errusiar gaiztoek -garai bateko bloke gorriaren aurkako oroitzapenak?- pisu berezia izan zuten CSI Miami-ko azken atalean, Arizonako hiriburu ludikoari bidea emanez, CSI Las Vegas-i, alegia. Telecincok aurkeztu digun azken denboraldian -zorionekoak aurreratuago doazen kate pribatu nahiz bestelako herrialde batzuetako ikusleak-, txantxiku yankiak (William Petersen, Grissom) eta ingurukoek lankide bat gutxiagorekin ekin diete azken pasarte hauei. Albert Pla-k zioen bezala: «Hildako polizia bat, polizia bat gutxiago». Hasiera hau ederki asko altxarazi, goldatu edota eboluzionarazi beharko diote Zuikerrek eta haren lan taldeak.

Eta, nola ez, kriminologoen batzarra platoan, 2.0 delakoan hain zuzen ere (ETB2). Donostiako Vocentoren sukurtsal bateko buruzagiak agerian utzi zuen bere eguraldi-emakume alderdia: «ziklogenesi politikorik ez omen»-alegia, dena ondo-dagoela azpimarratu zuen. Lourdes Perez dixit (et pixit). Goizeko ordu biak aldera izango zen: hori bai ordutegi kriminala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.