Luis Gasca. Komikietan aditua

«Komikiek sakontzeko aukera ematen dute, binetan sartzekoa»

LANDER MUÑAGORRI GARMENDIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Getxo
2013ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Bizi osoan komikiak biltzen aritu da Luis Gasca komikizale eta aditua (Donostia, 1933). Dozenaka mila komiki, dokumentu eta marrazkigileren gutunak bildu ditu, eta horiekin biltegi bat osatu zuen 2011. urtean. Koldo Mitxelena Kulturguneak kudeatzen duen Komikiak-Gasca Bilduma ondu zuen, eta gaur egun ere aurkikuntzak egiten ditu. Oraindik dokumentuz betetako sei kutxa zabaltzeko dauzkala azaldu du. «Komikiaren antropologia egin dut bizi osoan», haren esanetan. Atzo bertan Getxoko XII. Komiki Azokan omenaldia jaso zuen.

Nola hartu duzu omenaldiaren albistea?

Omendua izateak beti egiten du ilusioa. Baina bizitza osoaren omenaldi bat egiten dizutenean seinale txarra da, azkenetan zauden irudipena ematen baitizu. Hala hasi ziren duela hiruzpalau urte Oviedon [Espainia], eta hau laugarren omenaldia da jada.

Beraz, nahiago zenuke omendua izango ez bazina?

Nahiago izango nuke hilko ez banintz. Hil behar hori gogaikarria da. Lanean jarraitu nahiko nuke, eta orain arteko bide horri eutsi. Hala ere, orain bertan ez dakit zergatik eman didaten sari hau.

Zure ibilbideagatik izango da, ala?

Nik bizitza honetan iraupen gutxiko elementuak gorde ditut, baina ez obsesiboki. Nire artxibora etortzen bazen norbait zerbait ikusi eta eskatzera, ez dut sekula arazorik eduki emateko, baldin eta bildumagile bat bazen eta ondo gordeko zuela baldin banekien. Komikiei ez diet balio sentimentalik eman, ikerketarakoa baizik. Ezagutzen ez zen bide bat zabaldu izan dut beti. Esaterako, komikien lehen kongresua antolatu genuen Buenos Airesen, sorginkeriari buruzko lehen erakusketa egin Donostiako Kursaal zaharrean, komiki erotikoaren inguruan ikertu, baita hizkuntzari buruz ere, eta abar. Nik inoiz eduki ez dudan abiapuntu hori hurrengoek eduki zezatela nahi izan dut beti.

Zure artxiboarekin museo bat egiteko asmoa omen dago. Hala nahiko zenuke?

Amets egin daiteke, baina oinak lurrean eduki behar dira beti. Une honetan daukagun ondarea mantendu eta elikatzea da asmoa. Eta hona AEBetako edo Japoniako ikerlari asko etorri da. Eta ez soilik komikiak ikusteagatik, baita karta, eskuizkribu edo bestelako elementuengatik ere.

Noiztik ari zara komikiak biltzen?

Lotsa eta harrotasuna ematen dit hori esatea: 78 urte inguru. Hau da, bizitza osoa. Mugimendua beti gustatu zait, estatikoa edo dinamikoa izan. Eta are gehiago atsegin izan dut komikikoa, bizitasun handiagoa daukalako eta hizkuntza berezia duelako. Gehiago sakontzeko aukera ematen dizu, bineta bakoitzean sar zaitezke, eta pentsatu edo hausnartzeko aukera ematen dizu. Horregatik da politika eta hezkuntzarako arma bat.

Askotan gutxietsia izan den genero bat biltzen aritu zara, gainera. Korrontearen aurka joango zinen beti...

Bai, erabat. Pentsa, komikiari buruz argitaratu nuen nire lehen liburuan komiki terminoa oraindik ez zegoen erabat onartuta. Espainian tebeo zen, AEBetan sunday comics edo funnys, Frantzian bande dessine eta abar. Leku guztietan termino ezberdina zeukan. 70eko hamarkadan, ordea, aditu talde bati esan ziguten termino bat zehazteko, eta hor erabaki zen komiki hitza erabiltzea. Baita gaur egun nobela grafikoa esaten dena ere.

Orain lan askori deitzen zaie nobela grafikoa, komikiak izan arren...

Bai, saltzeko modu bat da. Kulturetak metroan komikia irakurtzen joan ez daitezen sortu da hori. Tapa gogorreko liburu bat da, formatu ezberdin bat dauka, eta hobeto irenstekoa.

Horren harira, ordea, komikiaren berpizte bat egon dela ez zaizu iruditzen? Orain berriz modan dagoela esan daiteke.

Tamalez, berpizkunde hori mangatik iritsi da. Manga komiki asko oso onak dira, baina beste batzuk nazkagarriak dira. Eta, tamalez, jende asko komikira inguratzen da horien bidez, baina bertan geratzen dira finkatuta. Edozein modutan, mangan arte lan handiak egin dira.

Tamalez diozu, ordea.

Bai. Nire ustez, une honetan Espainian, Frantzian edo AEBetan egiten ari dena oso interesgarria da, eta nahiago dut. Nik ez dut uste komikiaren gainbehera dagoenik. Kontua da ez dagoela dirurik. Liburu dendetan komikien sailean apalategietako komikiak irakurtzen ari baita jende asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.