Zuhaitz landatzailea Kanadan

Gorka Fraeters: «Arbolak landatzera itzulera txartelarekin iristen dira Kanadara»

Kanadara joan eta arbolak landatzen aritzen da Fraeters, hango enpresa batean. Azken urteetan hainbat euskal herritarrekin egin du bidaia, eta horren bila ari da aurtengoan ere.

Gorka Fraeters, abendu erdialdean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gorka Fraeters, abendu erdialdean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iratxe Muxika
2024ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Ikasturtea bukatu orduko lanean hasi behar. Non ari, hori da hartu beharreko lehen erabakia. Gorka Fraetersek (Donostia, 1997) argi du erantzuna zein den: Kanadan. Euskal Herriaren eta Kanadaren artean harat-honat bizi da, baina udako hilabeteetan Kanadara joaten da zuhaitzak landatzera. Aurten, hirugarren urtez, harekin joanen den euskaldun bila dabil. 

Kanadaraino joan behar da arbolak landatzeko? 

Kanadan nahiko ohikoa da lan hori. Iraupenagatik eta datagatik, ikasleentzako lana izaten da gehienetan, haien moldera egokitzen delako ondoen. Ni Washingtonen hazia naiz, eta ikasketak bukatu nituenean arbolak landatzeko enpresa horretan hasi nintzen lanean; dagoeneko uda batzuk egin ditut han. Gobernuak enpresak azpikontratatzen ditu basoak ustiatu eta eremuak birlandatu ditzaten. Gero, enpresak erabakitzen du talde bakoitza non arituko den eta bakoitzak zenbat zuhaitz landatuko dituen. Asko-askotan izaten da baso bat erre ondorengo lanak egin behar izatea. Kanadan oso ohikoak dira baso suteak, eta horrelakoetan beti joaten gara gu. 

Aitzinetik deus aditu gabe, behintzat, berezia ematen du burutazioak. 

Bai, bada. Jendea harritu egiten da sarri. Baina burutazio xelebre horretarako beti egoten dira pertsona xelebreak, ezta? Saiatu naizen bakoitzean beti animatu da norbait. Duela bi urte lagundu nuen lehendabizikoz euskal talde bat osatzen eta hara eramaten; bost bildu ginen. Hurrengo urtean, berriz, zazpi; ea aurten! Jende asko ari da animatzen, etengabe ari zaizkit idazten. Oraingoz, mezua Donostian eta Baztan aldean bakarrik zabaldu dut, Arizkun (Nafarroa) aldera asko joaten naiz eta. Iruditzen zait, gainera, hango jendeak ohitura handiagoa duela mendiko lanetan aritzeko. 

Fama ona izanen dute han euskaldunek. 

Lanerako bai, baina harritu samar begiratzen dute hasieran. Lau urte daramatzat han lanean, eta koordinatzailea naiz orain; hamabi laguneko taldea daukat. Enpresa handi-handia da berez, baina dena dago lantalde nahiko autonomoetan banatuta. Lantalde bakoitzak bere lan egiteko modua eta bere kultura propioa ditu. Iaz hiru euskaldun geunden, eta euskaraz aritzen ginen geure artean. Jendea harritu egiten da orduan, pentsatzen dutelako Espainiatik eta Frantziatik iritsiak garela, baina gero antzematen dute gure hizkuntza ez dela ez gaztelania eta ez frantsesa. Azalpenak eman behar izaten ditugu.

Ingelesez aritu baino, nahiago izango duzu euskaraz jardun, ezta?

Niretzat euskara oso garrantzitsua da, eta benetan ahalegindu naiz gure lanak ere eremu euskalduna izan dezan. Gertatu izan da taldekide bat besteak baino erdaldunagoa izatea eta gurekin lanean aritu ondotik euskara erabiltzeko ohiturak aldatzea; euskalduntzea, alegia. Hori oso polita da, eta bete egiten nau. 

Lehen, Ameriketara artzain joaten ziren; orain, arbolak landatzera. Amets amerikarra da?

Ez nuke esango. Ni ez naiz identifikatzen amets amerikarraren ideologiarekin, eta uste dut arbolak landatzera doana itzulera txartelarekin iristen dela Kanadara. Hau da, guztiek dakite joan diren era berean itzuli egingo direla. Egonaldia laburra izaten da, gainera. 

Non egiten duzue lo? 

Nik nire talderako jendea bilatzen dut; lo egiteko lekuarena enpresak kudeatzen du. Dena dela, atzerritar kopurua mugatua da, eta nik gehienez bi lagun kontratatu ditzaket. Alegia, aurten animatzen diren gehienak ez dira nirekin egongo, baizik eta beste talde batean. Enpresak, hari egokitutako lur eremuetan, kanpaleku batzuk jartzen ditu, eta bakoitzak bere kanpin dendan egiten du lo. Sukaldea, jangela... hori dena ere jartzen dute. Eskaintzen dituzte dutxak, janaria, ibilgailuak...

Arbolak landatzen jakin behar da lehendik?

Han has daiteke hutsetik ikasten, eta hala egiten da, gainera. Koordinatzailearen arabera izaten da, baina normalean ez da eskatzen aurretiko ezagutzarik. Baldintzak nahiko gogorrak izan daitezke, eguraldiagatik-eta, eta, hortaz, komeni izaten da kirolarekin harremana izatea eta burua osasuntsu izatea. 

LOTSABAKO

Zuhaitz bat?
Zedroa.
Euskal Herria edo Kanada?
Euskal Herria, zalantza izpirik gabe.
Lanaren alde on bat?
Abentura.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.