Koltzak horiztatutako lurrak

Gero eta nabarmenagoak dira lur horiak Nafarroan eta Araban, ohikoagoa baita koltza landarea ereitea. Batik bat biodieselerako erabiltzen da, baina baita elikagaietarako ere. Are, laboreen errotaziorako ere egokia da.

Koltzaren loraldiaren ostean, lorea erori eta fruitua hazten da. Zorro batzuk sortzen dituzte, eta hor hazi batzuk daude: koltza. Irudian, Gasteiz. RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Dagoeneko desagertu dira kolore horiko sailak, batik bat Nafarroako eta Arabako lautadetan. Berdatu egin da landarea. Eraldatu egin da koltza. Baina oraintsu arte kolore biziagoak izan dituzte.

Gaur egun gero eta nabarmenagoa baita paraje horrekin topo egitea inguru horietan, batez ere apirilaren amaieran eta maiatzaren hasieran, gero eta ohikoagoa baita aipaturiko eremuetan koltza landatzea. EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak Nafarroan duen egoitzak eta Garlan kooperatibak (Ilarraza, Araba) emandako datuen arabera, esate baterako, egun 8.900 hektarea koltza daude landatuta bi lurraldeetan: horietatik 1.500 Araban daude, eta gainontzekoak, Nafarroan. Dena den, Patxiku Irisarri Nafarroako EHNEko idazkari nagusiak azaldu du orain lau hamarkada gehiago zirela: «15.000 ziren 1980ko hamarkadan, baina orduan erabat desagertu zen, koltza olioarekin izandako eskandaluarengatik».

Izan ere, hamarkada hartan gertatu zen koltza olioaren izurritea, olio toxikoaren sindrome ere izendatu zena. Pozoitze masibo bat egon zen 1981eko udaberrian Espainian: 20.000 pertsona inguru kutsatu ziren, eta horietatik 5.000 hil egin ziren hurrengo urteetan. Noski, horrek eragina izan zuen Hego Euskal Herrian. Arrazoia, ordea, ez zen izan koltza olioa txarra zenik osasunarentzat, baizik eta enpresaburu batzuek olio mota hori desnaturalizatuta merkaturatu zutela, baldintza desegokietan.

Horrek eragina izan zuen koltzaren landaketan, baina orain gorantz egiten ari da berriro ere datua, arrazoi ezberdinengatik, nahiz eta ekoizten den gehiena ez den erabiltzen olio hori egiteko.

Batetik, laborantza eredu ezberdinak sustatzeko eta biodibertsitatearen alde egiteko, Europako Batzordearen araudiak zehaztua du 30 hektarea baino gehiago dituzten nekazariek gutxienez hiru labore izan behar dituztela, Javi Briñas laborariaren eta UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko kidearen hitzetan. «Garia izan daiteke bata, garagarra bestea, eta, azkenik, laboreen txandaketarako egokia izan zitekeen bat behar zen: erremolatxa, ekilorea... azkenean, koltzaren alde egin genuen». Eta, bestetik, biodieselerako errentagarria izan zitekeela ere ohartu ziren.

Toberan (Araba) ditu lurrak Briñasek, baina Lacorzanilla kooperatibako (Berantevilla, Araba) kidea da. Garlan kooperatibarekin jarduten dute: «Gu lehen graduko kooperatiba bat gara, eta haiek bigarrenekoak: gure zerealak, patatak, koltza eta abarrak komertzializatzen ditu; salmentaz arduratzen da».

Biodieselean erabiltzeko

Garlaneko zuzendari teknikoa da Andres Garcia, eta azaldu du koltza ia guztia biodiesela ekoizteko erabiltzen dutela. «Frantziara esportatzen ari gara nagusiki, baina baita Europa erdialdeko eta iparraldeko beste herrialde batzuetara ere». Are, produktu horren ekoizpenaren xehetasunak eman ditu Neiker zentroko partaide Nerea Mandaluniz ikertzaileak. «Disolbatzaileen bidez, olioa ateratzen da, eta, ondoren, teknologia ezberdinen bidez olioaren ezaugarriak aldatzen dira, erregai dieselaren antza izateko. Gehien erabiltzen diren teknologiak pirolisia, mikroemultsioa eta transesferitikazioa dira».

Dena den, biek aitortu dutenez, koltza gehiena biodieselera bideratu arren, zenbateko bat beste produktu batzuk ekoizteko ere erabiltzen da. Garciak, esate baterako, azaldu du ezen, nahiz eta 80ko urteetan koltza olioaren krisia egon, oraindik ere produktu hori «primeran» kontsumi daitekeela, eta «osasungarria» ere badela. Gainera, Mandalunizek nabarmendu du Europan ez zutela Espainian bezalako elikagai krisirik izan, eta, beraz, olio horierabiltzen jarraitzen dutela, ezaugarri «egokiak» dituelako gizakien osasunaren ikuspuntutik. «Hainbat herrialdetako sukaldeetan erabiltzen da oraindik, kanola olioa, eta baita aurrez prestaturiko elikagai batzuetan ere». Horrez gain, erantsi dute parte bat animalien kontsumorako ere erabiltzen dela.

Koltzaren eskaria, beraz, gero eta handiagoa da, eta, ondorioz, gorakada izan da prezioetan ere. Irisarrik jarritako adibidearen arabera, 2021ean tona bakoitzeko 350 euro ordaintzen ziren, eta gaur egun, berriz, orduan halako bi; Ukrainako gerra aipatu du arrazoitzat. Bide beretik, Briñasek ere aitortu du koltzaren prezioa gorantz ari dela, eta petrolioaren garrantziaz jardun du: «Petrolioa oso garesti dagoenean, koltza erabiltzen da biodieselerako, baina, prezioak igo arren, gogoan izan behar da gure gastuek ere gora egin dutela». Hain zuzen, azaldu du lurrak lantzeko erabilitako produktuak «hiru aldiz gehiago» kostatu zaizkiela, eta salmentei kenketa horiek eginez gero etekinak ez direla horrenbestekoak izango beharbada.

Garciak, ordea, uste du egoera horrek ezin duela luzaroan iraun, eta noizbait«zuzenketak» egin beharko direla, dinamika edo «espiral» honetan ezin jarraitu daitekeela iritzita.

Lurrarentzako lagungarria

Baina ekoizpen guztia ez da egiten errentagarritasun ekonomikoaren izenean. «Koltza ez da lehentasunezko landare bat, alternatiba moduan ereiten baita, lurrak atseden hartzeko eta laboreak txandakatzeko», azaldu du Irisarrik, nahiz eta aitortu duen «oso zorrotza» dela, nitrogenoa behar duelako, eta Nafarroako zona batzuk «kalteberak» direla substantzia horrekiko. Halere, errotazio horiei esker, oro har, Garciak zehaztu du «errazagoa» dela izurriteen aurka egitea, eta gaixotasunak eta belar txarrak saihestea. «Halakoak gehiago agertuko lirateke labore bakarreko zoruetan, eta, beraz, erabat eutsiezina izango litzateke ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik».

Mandalunizek ere bat egin du hitz horiekin, eta, gainera, gehitu du koltza landarearen ondoren ereindako zereal uztek ekoizpen handiagoa izaten dutela, eta lurra egituratzen laguntzen duela.

Koltza ereiteko prozesuari dagokionez, berriz, Garciak zehaztu du abuztuaren 15etik urriaren 15era landatu ohi dela. «Ondoren, koltza jaio egiten da, hazi eta bilakatu, eta negura lauzpabost hostorekin iristen da, neguaren gogorra jasateko. Martxoan, ernaberritu egiten da, apirilean loratzen den arte». Hain justu, orduan ikus daitezke zoruak horituta, loraldian, maiatzaren erdialdera arte, baina, horren ostean, lorea erori eta fruitua hazten da. «Zorro batzuk sortzen dituzte, eta hor ale edo hazi batzuk daude, koltza bera», erantsi du Garlaneko zuzendari kudeatzaileak. Azkenean, ekainean heldu egiten dira, eta uztailaren hasieran bildu.

Horrela egin ohi du Briñasek ere: «Beti esaten dugu sanferminetarako uzta jaso behar dugula!». Baina uzta hori ona izan dadin baldintza batzuk bete behar direla esan du, hala nola ongarriak erabili eta baita intsektizidaren bat ere. Horrez gain, izozteak saihestea ere komeni da, eta tenperatura aldaketa handiak. «Orain dela astebete, 30 gradu zeuden, eta gaur jaka jantzita gaude; hori ez da ona ez gizakiontzat, ez landarearentzat ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.