Kolpe-kolpeka, josi eta josi

Izturitzeko harpean duela ia 30.000 urteko milaka harri txiki puntadun topatu dituzte indusketetan. Zertarako erabiliko zituzten? Zergatik horrenbeste? EHUko ikerketa talde batek antzeko dozenaka harri fabrikatu ditu, lanean jarri ditu, eta zaharrekin parekatu. Ondorioa plazaratu dute: jostorratzen aitzindariak ziren, batez ere larrua zulatzeko.

Kolpe-kolpeka, josi eta josi.
Edu Lartzanguren.
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Bazekiten tresnak zirela, zuloak egiteko ziurrenera, baina zer zulatzeko? Urte luzez egon dira gordeta Izturitzeko (Nafarroa Beherea) kobazuloko indusketetan topaturiko harri pusketak. Baina EHUko ikertzaile talde batek atera ditu, eta ikerketa esperimental bat egin du horiekin. Uste dute erantzuna aurkitu dutela: jostorratzak ziren, jostorratzak asmatu aurretikoak.

Christian Normand arkeologoak Izturitzen eginiko indusketetan berreskuraturiko harriak aztertu ditu Aitor Calvo arkeologoak zuzenduriko taldeak. Noailles motako zulakaitz esaten diete tresna horiei, Okzitaniako Briva la Galharda herriko Noailles kobazuloarengatik. Tresnak erabat lotuta daude Goi Paleolitoko Gravette aldiarekin, hau da, duela 29.000 eta 21.000 urte arteko garaiarekin. «Aldi horretarako pieza oso bereizgarria da; bakarrik garai horretan ekoitzi zuten Europa osoan», esan du Ibai Peralesek, historiaurreko tresnen erabilera eta higaduraren zantzuen azterketan adituak. Izturitzen daukate Europako bildumarik handienetakoa. Izan ere, milaka pieza topatu dituzte han. «Paleolitoko erreferentziako aztarnategia da Izturitze».

Harpeko zuzendaritzarekin harremanetan jarri ziren ikertzaileak, eta kobazuloen arduradunek eman zizkieten harriak. Garai horri buruz ez da ikerketa askorik egin, eta ez da lan erraza izan. Izan ere, kontuan hartu behar da denbora tarte handia. «Ia 30.000 urte pasatu dira harri horiek fabrikatu eta erabili zituztenetik, eta materialak oso ahulduta daude. Edonola ere, datuak ateratzeko moduan daude». Izturitzeko bilduma zabalak abantaila hori eman die ikertzaileei: pieza batzuk gaizki egonda ere, asko zirenez, aukera egon da emaitzak ateratzeko.

Justu jostorratzekin josi baino lehen izenburua jarri diote ikerketaren berri emateko Journal of Archaelogical Science aldizkarian argitaratu duten artikuluari. Hipotesia plazaratu dute horretan: harri horiek erabili zituzten Paleolitoko gizakiek, jostorratzak hezurrekin eta adarrekin egiten hasi baino lehen.


Unai Perales zaldi hortz bat zulatzen saiatzen ari da, Noailles zulakaitz kopia batekin. Berehala ikusi zuten gailuak ez zirela egokiak lan horretarako. NURIA GONZALEZ / EHU

Baten batek galde dezake harri horiei gubil eta zulakaitz esaten badiete aspaldi, nolatan ez zaion inori bururatu larruak zulatzeko erabiliko zirela. «Noailles zulakaitzak deitzen diegu, baina orain arte egindako halako analisi urrietan beste jarduera mota batzuk identifikatu dituzte», erantzun du ikerketaren buru Calvo arkeologoak. «Esan genezakeen orain arte izen bat bakarrik izan dela». Hau da, lehen aldiz frogatu dutela zertarako erabiltzen ziren benetan.

Harria egin eta probatu

Baina nola jakin harri bat zertan erabili zen duela ia 30.000 urte? Peralesek eta Maite Garcia-Rojasek laborategia denbora makina bihurtu dute, eta iraganeko industriarako bidaia egin dute. Garcia-Rojas doktorea da Historiaurrean, eta aditua da orduko tresnerian. Trebezia handia hartu du suharria —silexa— jotzen, eta tresnak egiten. Izturitzekoak kopiatu egin zituen, parametro guztiak aintzat hartuta —harri mota, neurria...—, eredua ahalik eta zehatzen izan zedin. Urte eta erdi inguru pasatu dute harriak egiten, eta horiekin zulatzen. Errekako harri gogorrak erabiltzen ditu adituak suharriei forma emateko, eta oreinen adarrekin eginiko mailu moduko bat, hezurrak, harri bigunagoak... «Behe Paleolitoan harriak oso gordinak dira, eta oso mota gutxi daude», azaldu du Garcia-Rojasek. «Paleolitoak aurrera egin ahala, gero eta tresna mota gehiago daude, bakoitza lan baterako. Hori da Izturitzeko zulakaitzen kasua».

Lan esperimental honetan zailena harrien lodiera eta luzera egokia aurkitzea izan da, Garcia-Rojasek esan duenez. Taillatzea erraza izan da, ordea: kolpeak eta presio batzuk. «Niretzat sekulako aurkikuntza izan da, aurretik inoiz ez ditudalako Noaillesko zulakaitzak egin. Probatu eta huts egin, prozesu bat izan da».


Maite Garcia-Rojas Noailles zulakaitz bat fabrikatzen, adar punta batekin. NURIA GONZALEZ / EHU

Sorturiko tresna berriak hainbat materialetan erabili zituzten gero ikertzaileek. «Berehala ikusi genuen zulagailu hauek ez direla oso egokiak hezurrak, orein adarrak edo beste material gogorrak zulatzeko, apurtu egiten direlako», esan du Peralesek. Haatik, larrua zulatzeko «oso eraginkorrak» direla frogatu dute, ez direlako higatzen edo apurtzen. «Gaur tresnei eskatzen diegun gauza bera eskatu genien: eraginkortasuna eta lan zama horri eustea. Oso ondo moldatzen zirela ikusi genuen». Haur kantuan bezala ibili dira ikertzaileak: «Kolpe, kolpe, kolpeka/ josi ta josi, josi ta josi».

Azkenean, lanerako erabilitako piezak mikroskopio bidez aztertu zituen Peralesek. Ikusi zuenez, esperimenturako propio sorturiko piezak eta Izturitzen topaturikoak antzera zeudela higatuta. «Horrek eman zigun oinarria hipotesia sendoago planteatzeko».

Izturitzeko piezak beti berdinak dira, eta horiek sortzeko prozesua «oso estandarizatua» zegoela esan du Peralesek.

Gravette aldiko aztarnategi batzuetan —Sungirren (Errusia), Candide eta Ostuninen (Italia), esaterako— ikusi dute gizakiak milaka hazirekin lurperatzen zituztela. Uste da ale horiek apaingarri gisa lotzen zituztela jantzietara. Calvok hipotesia plazaratu du: baliteke Izturitzeko zulagailuak haziak eta bestelako objektuak arropetara josteko behar ziren zuloak egiteko erabili izana.


Aitor Calvo arkeologoa, Izturitzeko zulakaitz batekin. Berak zuzendu du ikerketa. NURIA GONZALEZ / EHU

Zein litzateke orduan ikertu beharreko hurrengo gauza? Beste aztarnategitako piezak, parekatzeko, ondorioak berdinak ote diren ikusteko. Oraindik ez dute pentsatu nongoak. Artikulua argitaratu izanak lagunduko die berriz elkartzen, eta lan horretan hurrengo urratsak egiten.

Beraz, Paleolitoko nafarrek —anakronismoa zilegi bada— lan sistematiko eta estandarizatua egiten zuten, jostorratzen aitzindariak ekoizteko. Euskal Herriko lehen industrietako baten zantzuak topatu dituztela esan daiteke? Izturitzen beste motako tresnak ere berreskuratu dituzte arkeologoek, «kopuru handietan», Calvok azaldu duenez. Horrek esan nahiko luke han mota askotako lanak egiten zituztela. «Gainera, Gravette aldian Izturitze hiriburu moduko bat izan zen mendebaldeko Pirinioetan. Horregatik leudeke horrenbeste tresna han». Ez, ordea, industria espezializatu bat garatu zelako kobazuloan.

Euskal Herria suharrian aberatsa da, horregatik erabili izan zen horrenbeste Historiaurrean. «Pribilegiatuak gara: suharri asko eta ona daukagu, eta oraindik hartzeko moduan dago», esan du Garcia-Rojasek. Berak, silexa behar duenean, autoa zamatzen du Barrikan (Bizkaia), Urbasan eta Trebiñun (Araba) dauden harrobietan. «Suharria asko erabili izan dugu gizakiok, eta duela gutxi arte, baina ahaztu egin dugu». Esaterako, duela 50 urtera arte erabili izan da trailuak egiteko, hau da, gari alea lastotik erauzteko gailuetan. «Ez dakit konturatzen garen zenbat lagundu digun garena izaten».

Beraz, silexetik siliziora pasatu da gizateria denbora laburrean; Izturitzeko zulakaitzetatik ordenagailura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.