Tunturro koloretsuak jantzita eskupilotan ari dira Lantzeko (Nafarroa) plazan. Kaleak, joareen soinuarekin eta oihuekin bete baino lehen, pilotaren soinuarekin bete dira. Pilotariek hartu duten plaza Zaldikok, Ziripotek eta txatxoek hartu dute gero, eta kolorezko tunturroekin zortzikoa dantzatu dute. Hiru egunez ospatu dituzte inauteriak Lantzen, baina gaur da egunik handiena herrian. Arratsaldean, urteroko herriko kalejira egin eta gero, Miel Otxin sutan erreko dute, eta zortzikoaren doinuarekin agurtuko dituzte inauteriak Lantzen, datorren urtera arte.
Herriko ostatuko atetik atera du Asierrek burua; aita distraituta dagoela ziurtatu behar du. Aita zerbitzariarekin hitz egiten ari dela ikustean, «orain», xuxurlatu dio lagunari; tabernako eskaileren aurrean prest zegoen, eta Asierren seinalea entzundakoan ziztu bizian igo ditu eskaileretako lehendabiziko mailak. Hala ere, aitak azkar sumatu du bi gazteen asmoa, eta, garagardoa utzita, korrika joan da umeen misioa hondatzera. «Orain ezin da igo, itxaron egin behar dugu», esan die aitak. Misioak huts egin du, baina berriro saiatuko dira aitak pintxo bat eskatzen duenean.
Lehenbiziko solairuan elkartzen dira urtero herritarrak zortzikoa dantzatzera. Dantzariak ikustera joan da Inma Aznarez iruindarra. Ez da lehendabiziko aldia Lantz bisitatzen duela, baina herriko ohituretan murgiltzeko gogoz geratu zen Aznarez: «Herriko kalejira ikusi nahi dut, baita Miel Otxin nola erretzen duten ere». Egurrezko aulki bat hartu, eta bertan eseri da, dantzarien esperoan.
13:00etan hasi dira herriko dantzariak ostatura sartzen; batzuk garagardo bat eskuan, besta giroan jarraitzeko asmoz. Adin guztietako dantzariak elkartu dira, eta haien saltoekin hasi da dardarka solairuko lurra. Abiadura geroz eta handiagoa hartu dute musikariek, eta dantzariek geroz eta azkarrago mugitu behar dira. Aurpegi gorritua duten batzuek dantzatzeari uztea erabaki dute. «Ez nago hau egiteko prest!», esan du batek, ingurukoei ura eskatuz. Irrintzien bitartez saiatu dira dantzatzen jarraitzen zuten horiek animatzen. Geroz eta zailagoa da erritmoari eustea, baina, azkenean, hamahiru minutuko zortzikoa eskaintzea lortu dute. Dantzariek zortzikoa amaitzean jaso dituzte ikusleen txaloak.

Dantzariek salto egiten duten bitartean, Oier Olaguek ziripoten hankak jantzi ditu. Hutsik dauden bi zaku jarri ditu hanketan eta tiranteekin eutsi. Gero, beste bi pertsonaren laguntzarekin, zakuak lastoarekin bete ditu, bere hanka desagertu arte. Lepoa babesteko kuxina kokatu eta gero, marroi koloreko zaku zabal bat jarri diote Olagueri, eta hori ere lastoz bete dute. Poliki-poliki Ziripoten figura jaio da ostatuko sabaian. Ziripot etengabe bultzatuko eta zapalduko dutenez, Olague salbu dagoela ziurtatu behar dute, eta lurrera bota dute behin eta berriz. Mina sentitzen duen lekuetan lastoa sartu eta gero, zakuz osatutako jantzia josi dute.
Ohiturak aldatuz
Gaur Olague izan da Ziripot, baina igandean, Lantzen egin ziren inauteri txikietan, lehendabiziko aldiz emakume bat izan zen Ziripot: Maialen Irurita. Tradizioa 1931n erregistratzen hasi zenetik, Iriarte izan da ohiturak aldatu dituen lehena. Lantzeko herritarra da Jone Larraoiz, eta hark «oso pozik» hartu du aurtengo berrikuntza: «Ilusio handia egin digu Iriartek egindakoa. Oso pauso handia eta garrantzitsua izan da».
Urtero moduan, lorez apaindutako atorra jantzi du Larraoizek, txikitatik egin duen bezala, eta txatxoen tunturroa jantzi. Jantzi bitartean, haurrak hari begira daude, baina, aurpegi aurrean zapia jarri eta gero, Larraoizek erratza hartu eta oihuekin beldurtu ditu umeak. Mattin Oiartek ere txatxo baten jantziak eraman ditu ostatuko sabaira, eta lagunari zapia jarri dio aurpegian. «Gehien gustatzen zaidana zortzikoa dantzatzea da; herriko dantza da azken finean», aipatu du Oiartek. Dantzatu berri denez, oraindik aurpegi gorritua du, baina zapia jarri diote aurpegian lehenbailehen herriko kalejirara ateratzeko.

Ostatuko atea joka ari dira ume batzuk, eta, gero, gurasoen atzean ezkutatu dira. Soinuak entzuten dira atearen atzean, baina ez da inor ateratzen. Eraikineko leihoetatik lastoa bota dute txatxoek, abisu gisa: prest daude. Azkenean ireki da ostatuko atea, eta hasi da anabasa. Txatxoak oihuka atera dira, eskuan erratzak eta sardeak izanik, eta horien atzetik Zaldiko, Ziripot eta Miel Otxin erraldoia. Txatxoen erratzetatik ihesi egiten saiatu dira biktima batzuk, eta plaza ondoan dagoen hesi batera igo dira, baina, alferrik. Txatxo batek horma igo du, eta erratzarekin zigortu ditu ihes egin nahi zuten gazteak. Herriko plazara iritsi da Miel Otxin, txatxoz inguratuta, eta guztien artean zortzikoa dantzatu dute. Eta hala segitu dute, etenik gabe dantzan eta jolasean.