Artistak bere garaian emandako zertzeladak mihisean grabatuta geratzen dira: horia, urdina, gorria. Kolore horiek guztiak elkartu egiten dira, obra sortzen duen pertsonaren ikuspegi artistikoa osatzeko. «Antzinatik, gizakiak izugarrizko ahaleginak egin izan ditu koloreak pigmentuen bidez islatzeko», idatzi zuten Oskar Gonzalez eta Itxaso Maguregi EHUko kimikari eta irakasleek Kolorearen kimika lanean. Baina zerez eginda dago pintura? Zeintzuk dira pigmentu horien osagaiak? Gonzalezek eta Maguregik artelanak aztertu dituzte hainbat gailu teknologikoren laguntzaz, artistaren pintzelak atzean utzi dituen arrastoetara hurbilduz, eta pigmentuen ezagutza zabaldu dute horrela.
«Kontuan izan behar dugu pintura bat definitzen dugunean kimikaz ari garela», azaldu du Gonzalezek. Kimika presente dago pintura mota desberdinak izendatzeko orduan ere: olioarekin egin den artelan bat aipatzen denean, pigmentuak elkartzeko erabili den aglutinatzailea olioa delako esaten da horrela; tenperaren kasuan, berriz, arrautzaren edo esnearen proteinak erabili dira, eta, enkustika bada, argizariarekin egin da. Pinturaren osagaiez gain, argiak ere eragiten du margoaren pertzepzioan, Gonzalezen ustez: «Azken finean, gizakiok jasotzen dugun kolorea pertzepzio bat da, eta jasotzen dugun seinalearen arabera kolore bat edo beste bat ikusiko dugu». Kolorea begietan dauden errezeptoreen bidez hautematen da, erretinan dauden sentsoreen bidez, hain zuzen ere. Sentsore horiek argia seinale kimiko bihurtzen dute, eta mezua garunera transmititzen dute: horrela interpretatzen da kolorea. «Kolorea objektuaren konposizio kimikoaren menpekoa da, baita gure pertzepzioaren eta erabiltzen dugun argiaren menpekoa ere», argitu du Gonzalezek.
Margoen geruzak
Argiak berebiziko garrantzia du zaharberritzeko prozesuan, begi hutsez ikusteko ia ezinezkoak diren xehetasunak azaleratzen dituelako. EHUko Arte Ederretako Fakultateko zaharberritze eta kontserbazio graduan artelanen barrura sartzen dira, eta, argia lagun izanik, mihiseak barnean ezkutatzen duena bistaratzen dute.
Artelan bat aztertzeko mihisea argiarekin laztantzen dute kimikariek; hortik aurrera, ikerketa prozesua hasiko da. Hasteko, argi ultramoreak erabiliko dituzte mihisea ikertzeko, bertan dauden substantzia fluoreszenteak eta bernizaren, hots, margolanaren geruza babesgarriaren egoera aztertzeko asmoz. Argi guztiak itzali, eta izpi moreek zeharkatzen dituzte margolanaren geruzak. Substantzia batzuek argiaren energia hartzen dute, eta kitzikatu egiten direla aipatu du Gonzalezek, energia gehiago hartu dutelako.
Molekula horiek egoera energetiko altuago batean daude, baina jatorrizko egoerara itzultzeko bidean energia askatuko dute. Energia hori da kimikariek ikus dezaketena. Horrez gain, teknika hori pinturen gainean dagoen berniz zahartua ikertzeko «oso baliagarria» dela azaldu du Gonzalezek: «Berniz horiek zahartu egiten dira denborarekin, eta fluoreszente bihurtzen dira; hau da, argi ultramorearekin igorriko dituzte ikusiko ditugun argi izpiak».
Argi infragorria ere erabiltzen dute margolanaren jatorrizko geruzan dagoena ikuskatzeko; artistak mihisean egindako zirriborroa, alegia. «Arte garaikidean ez da oso ohikoa, baina erdi aroan eta Errenazimentuan oso ohikoa zen margotu baino lehen azpian marrazki bat egitea, eta hori ikusteko gai gara», esan du Gonzalezek. Izpi infragorriek margo geruzak eta berniza zeharkatzen dituzte normalean grafito batekin egindako marrazkira iristeraino; horrela ikus daiteke egileak orri zurian egindako lehendabiziko zirriborroa.
Koadroei erradiografiak ere egiten dizkiete, hezur hautsiak balira bezala. Halakoetan, koloreen pigmentuetan dauden osagai astunenak ikusteko erabiltzen dira erradiografiak, merkurioaren presentzia antzemateko, besteak beste. «Elementu kimiko hori astuna da, eta X izpiak xurgatzen ditu. Horrela, kontraste bat ikusten dugu erradiografia batean», osatu du Gonzalezek.
Argi ultramoreak, infragorriak eta erradiografiak margolan baten azterketa tekniko orokorra egiteko erabiltzen dira, baina batzuetan mihisearen elementu jakin baten osagarriak ezagutzeko beste metodo bat erabiltzen dute ikertzaileek. Margolanean agertzen den pertsonaiaren eskua, haren arropa edo zuhaitza margotzeko erabili diren pigmentuak zeintzuk diren jakiteko azterketa puntuala egiten dute zientzialariek; horretarako, artelanaren lagin txiki bat hartzen dute, eta hori mikroskopioaren bitartez aztertu.
Denbora lerroa
Zuhaitz baten adina jakiteko haren eraztunak zenbatu behar diren bezala, margolanen data ere jakin daiteke bertan erabilitako pigmentuen arabera. «XX. mendean erabiltzen hasi zen pigmentu zuri bat ikusten badugu, titanioa duen pigmenturen bat, orduan badakigu artelana hortik aurrera egindakoa dela», aipatu du Gonzalezek. Adibidez, prusia urdina, pigmentu iluna, XVIII. mendearen hasieran merkaturatu zen; toxikotasunik gabekoa eta kolore intentsitate handikoa zenez, azkar hedatu zen haren erabilera. Beraz, kolore hori duen artelana XVIII. mendetik aurrera egindakoa izango da; ez da agertuko Erdi Aroko margolanetan.
Datazio prozesu horri esker, obrak faltsuak diren edo ez ikus daiteke, obraren data ongi jarrita dagoen edo ez jakin daitekeelako. Artelanaren adina zehazteko oztopoak egon daitezke, Itxaso Maguregik azaldu duen bezala: «Artelana faltsua bada, data zehazteko arazoak egon daitezke». Kasu horretan, margolanaren geruza bakoitza ikertzen dute, pigmentuek izan duten bilakaera ikusteko: «Horrekin gai izan ginen Aro Garaikidean argitaratutako artelanen datak nahiko zehatz jartzeko», argitu du Maguregik. Margolanaren data eta pigmentuak bat ez datozenean, faltsutzearen seinale izan daiteke, baina zaharberritze prozesu bat egon delako ere izan daiteke. «Agian, gainean berriro margotu dute, eta identifikatu den pigmentu berria ez dagokio artelanari, jatorriz ez zegoelako hor», argitu du Gonzalezek.
Artearen eta kimikaren arteko harremanean sakontzen jarraituko dute ikertzaileek, margoen geruzetan ezkutatuta dauden elementuak ikertuz. Pigmentuen bitartez artearen eboluzioa ikus daitekeela argudiatu du Gonzalezek: «Badugu paleta historiko moduko bat. Urteetan zer-nolako pigmentuak erabili diren ikus dezakegu, eta normalean ezagutzen ez ditugun pigmentu gehiago ere badaude».