Kolore guztiak ez dira denontzat berdinak

Kolorimetria azterketek bakoitzarentzat kolore paletarik egokiena zein den zehazten dute, norberaren azalaren arabera. Trebatuak sinistuta daude kolore bat ala beste janzteak eragina daukala egunerokoan.

Maialen Uranga, joan den astean, bezero bati kolorimetria saio bat egiten. GORKA RUBIO / FOKU
Maialen Uranga, joan den astean, bezero bati kolorimetria saio bat egiten. GORKA RUBIO / FOKU
nerea intxausti
2025eko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bezeroa ispiluaren pareko aulki batean eseri dute, argia parez pare duela, eta azala garbi. Kolorimetria azterketa bat egitera doa, bere azalaren azpitonua zein den zehazteko eta, orduan, ondoen doakion arropa edo makillaje kolorea zein den jakiteko. 

Kolorea aztertzen duen zientzia da kolorimetria. Estetika eta moda munduan egin da famatu, baita sare sozialetan ere. Norberaren azalean, ilean eta begietan oinarrituta, azterketa bat egiten dute irudian adituak direnek, eta horretatik kolore paleta pertsonalizatu bat ateratzen dute. Arropa edota makillajea aukeratzeko balio du, adibidez: kamisetetarako, alkandoretarako, bufandetarako, bitxietarako, makillajerako...

Azalaren azpitonua urdina bada, kolore hotzek egingo diote mesede azalari; azpitonua horia bada, berriz, kolore beroek. Horretarako, bezeroaren paparrean hainbat koloretako zapiak jartzen dira: lehenik, kolore beroko zapi bat, gero kolore hotzeko bat, kolore berokoa berriro... Alderatu egiten dituzte, eta aztertzen dute bezeroaren azalak nola erantzuten dion kolore bakoitzari. 

«Ez dugu bezeroa konbentzitu beharrik izaten, beraiek ere nabaritu egiten dute-eta; ikusi egiten da»

GOIURI UNANUESoia Bridaleko jabea

Maialen Urangak Soia Bridalen egiten ditu kolorimetria azterketak, Orion (Gipuzkoa). Goiuri Unanuek ezkongaientzako eta ezkontzetako gonbidatuentzako soinekoak egiten ditu bertan; Urangak, berriz, arroparen, makillajearen, bitxien eta osagarrien koloreekin eta formekin laguntzen die. 

Hain zuzen, kolorimetria egiteko, aurpegitik gertu dauden elementuei begiratzen zaie: ilearen koloreari, begiei, azalari... Hain zuzen ere, azalak dauka garrantzirik handiena. Maialen Urangaren esanetan, aztertzen dute kolore batek ala beste batek «zenbat argi» ematen dion norberaren azalari: begi zuloak gehiago ala gutxiago nabaritzea eragiten duen, azala uniformeago egiten duen ala ez, eta abar. «Kolore bat hautatu eta jabetuko zara efektu jakin bat duela, makillatuta egongo bazina bezala; beste bat jantzita, berriz, badirudi inauterietan parrandan ibili zarela bart... Baina ez! Hori ez dute inauteriek eragin, arroparen koloreak baizik», azaldu du Unanuek barre artean. 

«Denbora eta diru asko aurreztuko dugu naturalki ondo geratzen zaizkigun koloreak hautatzen baditugu»

CRIS PEREZIrudiaren eta garapen pertsonalaren aholkularia

Kolore ugaritako zapiekin probak egiten segitzen du Urangak. Laranja eta arrosa jarri ditu bezeroaren paparrean. Zapi arrosa jarri orduko jabetu dira bi lankideak; argi dute: laranjak argi gehiago ematen dio. Bezeroak berak ere baietz egin du buruarekin. Nabaritu du. Orain badakite kolore beroak hobeto geratzen zaizkiola hotzak baino; urrea zilarra baino hobeto.

Makillajearekin gauza bera gertatzen da, azalean integratuta geratzen ez bada, ezpainetakoa deigarriegi geratuko dela ziurtatu dute Urangak eta Unanuek. Antzeko bi kolore hartu ditu Urangak, eta apustu egin du bezeroari kolore ilunagoa bestea baino integratuago geratuko zaiola, kolore beroak hobeto geratzen zaizkiolako. Proba egin, eta hala ziurtatu dute lankideek, eta bezeroak berak ere bai.

(ID_14746892) (Gorka Rubio/@FOKU) 2026-03-06, Orio. Soia Bridalen kolorimetria saioak egiten dituzte, jakiteko pertsona bakoitzari ...
Goiuri Unanue eta Maialen Uranga Soia Bridalen, Orion. GORKA RUBIO / FOKU

Azalez zurixeago diren pertsonekin izan ohi dituzte zalantza gehien, baina, oro har, ados egoten dira, bai lankideak, baita bezeroak ere. «Ez dugu haiek konbentzitu beharrik izaten, beraiek ere nabaritu egiten dute-eta; ikusi egiten da», esan du Unanuek. 

Cris Perez irudiaren eta garapen pertsonalaren aholkularia da. Berak iritzi dio koloreak botere handia daukala, eta gauza askotara aplika daitekeela botere hori: «Kolore ikerketa bat egiteak balio du jakiteko ea zer kolore datorren ondoen norberaren harmoniarekin, hala, bakoitzaren edertasun naturala indartzeko». 

(ID_17416301734175) Cris Perez, irudiaren eta garapen pertsonalaren aholkularia
Cris Perez, irudiaren eta garapen pertsonalaren aholkularia. CRIS PEREZ

Uranga ere ados dago. Uste du pertsonek zerbait transmititzen dutela une oro eta, horregatik, oso garrantzitsua dela nork bere burua ezagutzea: «Oro har, ez dugu geure burua asko ezagutzen, eta ez dugu horretarako denbora askorik hartzen. Behin jakinda zer kolore doazkizun ondoen, seguruago sentitzen zara horiek janztean». 

Praktikoa ere badela adierazi dute. «Saihestu nahi dugu hainbeste makillatu behar izatea eta soinean hainbeste gauza jarri behar izatea; nork bere koloreak erabiltzen baditu, nahikoa da», esan du Urangak. «Zer jantzi erabakitzen ere lagunduko digu gure koloreak zein diren jakiteak: denbora eta diru asko aurreztuko dugu naturalki ondo geratzen zaizkigun koloreak hautatzen baditugu», gaineratu du Perezek. 

Denim, gorria eta beltza

Hori bai, badira jende guztiari ondo geratzen zaizkion bi kolore: denim urdina eta gorria. «Orekatuak dira tenperatura, tonu eta intentsitate aldetik, ez dira ez oso beroak, ez oso hotzak, ez oso ilunak, ez oso argiak». Pigmentu kontua dela azaldu du Urangak: «Guk azalean pigmentu horia, urdina eta gorria dauzkagu. Denek gorri kantitate bera dugu, horregatik geratzen zaigu ondo; urdin eta hori kantitateak, ordea, bakoitzak bereak ditu». 

Uste orokorraren kontra egin dute Soia Bridaleko bi lankideek; haien ustez, beltza ez zaio edonori ondo geratzen: «Jende oso gutxiri geratzen zaio ondo», ohartarazi du Urangak; «ia inori ez», ziurtatu du Unanuek. Beltzak ez dauka argirik, eta, beraz, aurpegiko argia kentzen duela azaldu du Urangak, eta erantsi du kolore horrek konnotazio negatiboak dituela: «Askotan beltza janzten dugu geure burua ezkutatzeko». Ados dago Perez. Ez du uste beltza hain oinarrizko kolorea denik, jende guztiari ondo geratzen zaion horietakoa. «Denok erabiltzen dugu esan digutelako elegantea dela eta estilizatu egiten duela, baina gerta liteke urruntasun sentsazioa ematea ere». Beltzaren ordez, itsas urdina, gorri-morea edota berde iluna gomendatu ditu. 

Zenbaitek esan ohi duenez, kolore unibertsalak beti geratzen dira ondo, baina Perezek uste du bakoitzari bere kolore paleta geratzen zaiola ondoen, eta kolore horietara gerturatzea dela onena. «Zertarako beharko duzu beltzaren gisako kolore unibertsal bat, zure koloreak zein diren badakizu?».

«Oro har, ez dugu geure burua asko ezagutzen, eta ez dugu horretarako denbora askorik

hartzen»

MAIALEN URANGAKolorimetrian trebatua

Urangak, Unanuek eta Perezek kontatu dutenez, behin bezero batzuen kolore paleta zehaztuta dutenean, batzuek aitortu ohi dute gorroto dutela kolore horietakoren bat. Gorroto horren atzean dagoen oroitzapenari so egin behar zaiola uste dute; esaterako, eskolako uniformearen kolorea izaten delako batzuetan. Baina ohartarazi dute paleta oso zabala dela, koloreak infinituak direla, eta badirela aukera gehiago. 

Eta alderantziz ere bai: zer gertatzen da norbaiti asko gustatzen zaion kolore bat ez bada bere kolore paletan azaltzen? Perezek uste du askotariko kolore tonalitateak eta gamak proba daitezkeela: «Kolore guztiak geratzen zaizkigu ondo, baina ez gama guztiak». Azaldu du kolore batzuk beroagoak ala hotzagoak direla, dauzkaten hori edo urdin ñabarduren arabera. Adibidez, hori edo laranja argiak udaberriko koloreak izan ohi dira, baina ziape horia eta teila kolorea udazkenekoak dira batik bat. 

Halere, jendeak intuizio pixka bat ere baduela uste du Unanuek: «Kolorimetria azterketa egin ondoren, jende asko orduan jabetzen da kolore bat egoera jakin batzuetarako erabiltzen zuela; kontziente izan gabe, zerbait nabaritzen dugu». 

Norberaren kolore paleta gorabehera, Perezek alderdi emozionala lehenetsi du: «Pentsa arrosa maite duzula; bada, jantzi, alderdi emozionala da-eta garrantzitsuena. Hau ez da hil ala biziko kontua». «Jakina da koloreek gure emozioak moldatzeko gaitasuna dutela», jarraitu du Perezek, eta nork bere alde erabil dezakeela. Gaineratu du oso garrantzitsua dela norberak koloreen bidez zer transmititzen duen, baina baita koloreek norberari zer transmititzen dioten ere. «Zer da gaur zuretzat garrantzitsuagoa: edertasuna ala egoera sentimentala?». Gainera, ohartarazi du batzuetan kolore jakin bat jantzitakoan hartzen den jarrerak ere iraultzen duela kanpora erakusten dena. 

(ID_14746909) (Gorka Rubio/@FOKU) 2026-03-06, Orio. Soia Bridalen kolorimetria saioak egiten dituzte, jakiteko pertsona bakoitzari ...
Kolorimetria egiteko erabiltzen diren koloretako zapiak. GORKA RUBIO / FOKU

Soia Bridalekoak ere sinistuta daude kolore bat ala beste janzteak eragina daukala egunerokoan. «Ez da gauza bera astelehen batean lanera joateko beltzez janztea ala laranjaz janztea; tontakeria bat dirudi, baina kolore batzuek bizipoza ematen dute». Unanuek aitortu du adorea behar duen egunetan ondo geratzen zaion jertse laranja bat janzten duela: «Eta funtzionatzen du». 

Urangak eta Unanuek bezero guztiei egiten diete kolorimetria azterketa. Gehienetan ezkontzetako arropekin lan egiten dutenez, egoera horixe azaldu dute: «Diru asko ordaintzen dute arropa neurrira egiteko, baina ez dute haien kolorekoa egiten». Batzuetan bezeroek ez dute esperotakoa entzuten: «Eskema guztiak puskatu ohi dizkiegu, baina, gerora, asko eskertzen dute, norberaren koloreak betiko baitira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.