Kolore biziz estalita

Aste honetan, Bilboko Aste Nagusiko sei kartel finalistak bozkatzeko aukera egongo da Bilboko Udalaren webgunean nahiz Zabalgune eraikinean, kartel irabazlea aukeratzeko.

2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusiko azken kartela aukeratzeko herritarren boza erabiliko du Bilboko udalak. Hala, uztailaren 1era arte botoa eman ahal izango dute herritarrek.

Ekainaren 10erako 230 kartel epaimahaiak ikusteko prest zeuden. Kartel guztietatik sei bakarrik pasatu dira finalera, ordea, eta azken sei horietatik bakarra izango da Bilboko kale guztiak estaliko dituena. Aurten, zazpigarren urtea da modu horretan kartela aukeratzen dutena.

Afixak Bilboko Udalaren webgunean eta Zabalgune eraikinean egongo dira ikusgai, uztailaren 1era arte, eta boza emateko hiru modu egongo dira: bata, Bilboko udalaren webgunean; bestea, Zabalgune eraikinean botoa emanez; eta azkena, hainbat komunikabideren bitartez. Joseba Rosales Bilboko udaleko langile eta jaietako koordinatzaileak esan duenez, «jende pila batek hartzen du parte bozketan, batik bat webgunean».

Bozkaleku bakoitzeko botoek — udaleko webgunekoek, Zabalgune eraikinekoek eta komunikabidetakoek—%25 balio izango dute. Azkenengo %25a epaimahaiaren esku geldituko da.

Kartelen egileen izenak ez dira argitaratuko, irabazlearena izan ezik; baina, horretarako, uztailaren 6ra arte itxaron beharko da. Oraingoz kartelak eta kartelen izenak bakarrik jakinarazi dituzte: Zapia eta kalea; Hasiera; Marijaiak; Asómate conmigo; Txirenada eta Luzde aste nagusia.

Kartelek Bilbo eta Bilboko jaien kutsua erakustea dute helburu, eta egile bakoitzak Aste Nagusiaren esentzia bildu du bere kartelean.

Marijaia Aste Nagusiko pertsonaia garrantzitsua dela erakutsi nahi izan dute kartel gehienek. Suzko erroberekin, kremailerarekin edo urdinez egindako Marijaiaren irudiarekin osatutako kartelak daude finalisten artean. Urte osoan egon den kaxatik ateratzen ere irudikatu dute Asómate conmigo kartelean.

Athletic futbol taldearen kolore zuri gorriak, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, eta Kepa Junkera musikaria batera agertzen dira Txirenada afixan, beste hainbat lagunekin batera. Jaietako zapi urdina, eta Bilboko baldosak ditu oinarri, berriz, Zapia eta kalea kartelak.

Bidearen amaieran saria

Irabazleak 2.500 euroko saria jasoko du bide luze hori bukatutakoan. «Lehiaketara, diruarengatik baino gehiago, zabalkunde artistikoarengatik aurkezten dira egileak», dio Joseba Rosalesek.

Hasiera-hasieratik hainbat baldintza bete behar izan zituzten parte hartzaileek. Ondoren, epaimahaiko kideek finalera iritsi diren seiak aukeratu zituzten. Epaimahaikide batzuk diseinuan espezializatuak dira, eta lanaren teknika eta kalitatea aztertuko dute horiek. Gainontzekoek haien Bilboko sentipenekin bat egiten al duten baloratuko dute.

Epaimahaian, Bilboko Udaleko zinegotzi eta udaleko Jai Batzordeko ordezkari politikoak daude. Baita argazkilari bat, marketin aditu bat eta azken Aste Nagusiaren pregoilaria ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.