Kolonen hatza, zientziari begira

Atzeratzen ari dira Kristobal Kolon nabigatzailearen jatorria argitzeko azterketa genetikoen emaitzak. Berez, iaz eman behar zuten haien berri. Kolonen eta senideen hezurretako DNA aztertzen eta alderatzen ari dira. Hainbat teoria daude haren jaioterriari buruz, tartean euskalduna zela.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Kristobal Kolonek, Bartzelonako estatua ezagunean, Meditarraneo itsasoa seinalatzen du hatzarekin. Kolonen brontzezko eskuineko beso luzatua ez dago Amerikara begira, haren ontziak 1492ko urriaren 12an iritsi ziren kontinentera; ezta Italiako Genovara begira ere, ustez haren jaioterria den hirira.

Ustez esan behar da, nabigatzailearen jatorria argitu gabe baitago oraindik hura hil eta bost mende baino gehiago pasatu eta gero. Kolonen Bartzelonako estatuari nabigatzailearen jaioterria seinalatzeko eskatuz gero, munduko hainbat lekutara seinalatu beharko luke: Italiara, Euskal Herrira, Galiziara, Herrialde Katalanetara, Espainiara, Portugalera...

Jakina da Kristobal Kolon 1506ko maiatzaren 20an hil zela, Valladoliden; ez, ordea, non jaio zen. Jatorria argitzeko ikerketa bat egiten ari dira Espainian, Jose Antonio Lorente Granadako Unibertsitateko (Espainia) Auzitegi Medikuntzako katedradunak zuzenduta. Kolonen material genetikoa badute: 2003an Kolonen eta Hernando semearen gorpuzkiak atera zituzten Sevillako katedraletik (Espainia), eta hezur zati txiki batzuk kendu eta gorde zituzten.

Gordetako hezur zati txiki horiek iaz atera zituzten, DNA aztertzeko. Kristobal Kolonen DNAz gain, Diego anaiarena ere badute. Orduan baieztatu ahal izan zuten gorpuzkiak senide batzuei zegozkiela: aita, semea eta aitaren anaia. Kristobal Kolonen lau hezur zati dituzte, almendra baten neurrikoak; Hernando semearen zazpi, hortz bat barne; eta Diego anaiaren hamabi zati, nahiko txikiak.

Harrigarria eman dezake, Kolonen eta senideen hezurrak edukita, halako ikerketa bati lehenago heldu ez izanak. 2000ko hamarkadan hezurren azterketa hasi zuten ikertzaileek bertan behera utzi zuten ikerketa, orduko teknologia ez zelako behar bezain eraginkorra: «Hezur gramo asko gastatzen ari ginen, oso informazio gutxi lortzeko», Lorenteren arabera.

Azterketa genetikoak egiteko teknologia aurreratuak izan arte itxaron behar izan dute: bai hortzetatik eta hezurretatik DNA erauzi ahal izateko teknologiak, bai DNA hori anplifikatzeko eta ikertzeko teknologiak. Teknologia horiek sekulako aurrerapausoak eman dituzte azken urteetan, ikerketak iraultzeraino. «Horrela», azaldu du Lorentek, «informazio gehiago lortzen dugu lagin oso txikietatik». Hezurren DNA alderatu egingo dute ustez Kristobal Kolonen ondorengoak direnen DNArekin, bat egiten duten ikusteko.

Florentziako, Erromako, Texasko eta Mexikoko zenbait laborategi ere parte hartzen ari dira ikerketan. Laborategi bakoitzak ikerketa propioak egingo ditu, eta gero emaitzak alderatuko dituzte.

Ikerketa atzeratzen ari da. Berez, iazko urriaren 12an aurkeztu behar zituzten emaitzak, Kolon Amerikara iritsi zen egunaren urteurrenean, baina, hiru hilabete pasatu diren honetan, ez dago ikerketaren emaitzarik. Ez da ikerketa hutsa izango: ikerketari buruzko dokumentala eta filma egingo ditu TVE Espainiako telebista publikoak.

Auzitegi medikuntzari dagokion ikerketaz gain, nazioartekokongresu bat antolatu zuten iazko maiatzean, Kolonen jatorriari buruzko teoria ezberdinak azaltzeko. Kongresu hartan izan zen Joxe Mari Ertzilla, Kolon euskalduna eta agota zela esanez osatu duen teoria erakusteko. Hipotesi bakoitzaren defendatzaileak bildutako dokumentazioa eman zion Lorente Auzitegi Medikuntzako katedradunari.

Dena den, DNA aztertuta, oso zaila izango da ikertzaileek zehaztea Kolon non jaio zen, zein herrialdetan; aldiz, litekeena da Kolonen jatorrizko leinua zehaztea, haren DNAk zein eskualdetako populazioekin bat egiten duen argitzea. Hau da, zein haplotaldetakoa den, zein populazio genetikokoa (aldaketa genetiko komunak dituen gizataldea). Hala ere, kasu horretan ikusi behar da Kolonen DNAk zenbateraino egiten duen bat populazio genetiko batekin. Alegia, gerta daitekeela bat egite horren ehunekoa apala izatea. Ondorioz, berez egungo nahasmena argitu beharko lukeen ikerketa bat Kolonen jatorria argitu gabe eta hipotesietako asko baliogabetu gabe buka daiteke.

ITALIA

Kolon (Cristoforo Colombo) italiarra zela dio munduan gehien zabaldu eta onartu den teoriak: Genovakoa, ehuleen familia batekoa. Giovanni Kolonen iloba, eta Domenico Kolonen (Colombo) eta Susana Fontanarossaren semea.

Zenbait agiritan oinarritzen dira Kolon Genovakoa zela esateko: alde batetik, haren seme Hernandok testamentuan idatzi zuenez, Kristobal Kolonen semea zen, «genoarra»; bestetik, haren ondorengoek Gaztelako koroarekin izan zuten auzian, ustez Kolonek idatzitako agiri bat aurkeztu zuten, non genoarra zela zioen, baina auzitan jarri da agiri horren egiazkotasuna.

Hala ere, teoria horrek hainbat hutsune ditu; nagusiena, Kolonek ez zuela italieraz idazten, ezta anaiekin ere. Nola liteke italiarra izanda italieraz ez idaztea, gaztelaniaz baizik?

Kolonen jokabidea eta haren ingurukoek idatzitakoak ikusita —Hernando semeak batez ere—, badirudi jatorria ezkutatu nahi zuela. Hipotesi batek dio judua zelako ezkutatzen zuela.

EUSKAL HERRIA

Kolon nabigatzailea euskalduna eta agota zen, Joxe Mari Ertzilla mediku dentista oriotarraren hipotesiaren arabera. Zehazki, Ainhize-Monjolosekoa (Nafarroa Beherea), Nafarroako Erresumaren zati garai hartan. Agota izateak azalduko luke, Ertzillaren iritziz, Kolonek bere jatorria ezkutatu izana, agotak umiliatuak eta estigmatizatuak izan baitziren, eta heretikotzat hartzen baitziren garai hartako gizarte katolikoan.

Ertzillak kolondar batzuk aurkitu zituen Izurako eta Ainhize-Monjoloseko erroldetan, XIV. eta XV. mendeetan. Kristobal Kolonen aitona eta aita direla uste du. «Izurako guztiak agotak ziren», historiazale oriotarraren esanetan. Kristobal Kolon ez da ageri, ordea, erroldetan.

Kolonek osasun arazo bat zuen: Reiterren sindromea, infekzio batek eragindako artritis mota bat. Reiterren sindromea duten lau gaixotik hiruk HLA-B27 antigenoa izaten dute.

Haren anaia Diegok, berriz, artritis ankilosatzailea zuen eskuineko eskuan, hezurrak aztertutakoan ikusi zutenez: «Eskuko hezurrak batuak zituen, eta esku hori ezingo zuen erabili. Eskua okertua zuen, kakotua». Agotei cagots ere deitzen zieten, eskuaren kako formagatik, eta behartu egiten zituzten arropan, sorbaldatik zintzilik, hegazti edo katu atzapar baten itxurako oihal gorri bat eramatera. Artritis ankilosatzailea duten hamar gaixotik bederatzik HLA-B27 antigenoa izaten dute. «Agoten antigenoa» deitzen dio Ertzillak HLA-B27ari, antigenoa eta antigeno horri lotutako gaitzak oso ohikoak izan zirelako agoten artean.

Kolonen euskalduntasuna erakutsiko luke, Ertzillaren arabera, Kolonen armarriak ere, bere armarriari Iholdikoa gehitu ziola baitio —Izura Iholdiko komunakoa zen—; idazteko «Nafarroako erromantzea» erabiltzeak; Ameriketako lekuak izendatzeko erabilitako toponimiak, tartean Ainza izena, Ainhize-Monjoloseren izen zaharra, Kolon jaio zenean zeukana; eta haren anaiaren sinadura batek. «Pro auctore sive picture: Bartolomeaus Colombos de Terra Rubra cui patria est nomen Ianua, opus cedidit istud Londoniis...». Hala sinatu zuen Bartolome Kolonek, Kristobalen anaiak, Ingalaterrako Enrike VII.aren aurrean. Bere burua Terra Rubra-kotzat aurkeztu zuen, Lur Gorrikotzat, eta bere aberria Ianua zela zihoen. Ertzillarentzat, Terra Rubra Baigorri da, garai hartan Ainhize-Monjolose Baigorriko Bizkonderrikoa baitzen, eta Ianua, berriz, Janua dela uste du, Donibane Garaziren erreferentzia.

Ertzilla ez da Kolon euskalduna zela esan duen bakarra. Francisco Melendez y Polok Colón vizcaíno liburua argitaratu zuen 1936an, Kolon Soraluzekoa zela esanez.

HERRIALDE KATALANAK

Bi hipotesi nagusi daude: bata, Mallorcakoa zela; bestea, Valentziakoa zela. Mallorcan jaio zela dioen teoriaren arabera, Vianako printzearen eta Margalida Colom mallorcarraren semea zen —Errege-Erregina Katolikoen iloba—, eta horregatik goi mailako hezkuntza eta prestakuntza jaso ahal izan zuen; hirugarren bidaian uharte bati amaren izena jarri zion, Margalida, mallorcarrez; eta Amerikara iritsi eta gero jaso zituen izendapenak —almirante, erregeorde eta gobernadore nagusi— goi klaseetako eta erregearen familiako kideei soilik ematen zitzaizkien. Frogatuta dago Vianako printzea Mallorcan egon zela 1459an, baina ez Margalida Colomekin harremanik izan zuela.

Jatorri mallorcarraren teoria kolokan jartzen du Kolonen adinak. Ezezaguna da non eta noiz jaio zen, baina, haren agirietan eta hari buruz esandakoetan oinarrituta, 60-70 urterekin hil zela uste da. 1506. urtean hil bazen, 1436-1446 urteen bueltan jaio zen, Vianako printzea Mallorcan egon baino hamarkada bat lehenago, gutxienez.

Bada hipotesi bat esaten duena Kolon valentziarra zela, ehuleen familia judu batean jaioa, eta aita sortzez genoarra zuela.

GALIZIA

Kolon galiziarra zela esan zuten jada 1898an. De Colon abizena ageri da XV. mendeko zenbait agiritan Pontevedran. Ez da ageri, ordea, Kristobalik.

Hipotesi hori indartzeko, nabarmentzen dute Kolonek galegotiko hitzak eta esamoldeak erabili ohi zituela. Baita Kolonek Galiziako leku izenak erabili zituela ere Amerikakoak izendatzeko, eta kasu batzuetan Galiziako izen bera jarri ziela Amerikan antzekoak ziren lekuei. Kolonen jatorri galiziarraren aldeko elkartearen arabera, Kolonek Galiziako 200 leku izen baino gehiago erabili zituen Amerikakoak izendatzeko.

Galizian bada beste hipotesi bat: Kristobal Kolon gezurrezko izena zela. Teoria horren esanetan, Pedro Madruga jauntxoak izen hori hartu zuen bere nortasuna ezkutatzeko. Bien idazkeraren antzekotasuna da hipotesi horren oinarrietako bat.

ESPAINIA

Hipotesi honen arabera, Kolon Espinosa de Henaresen jaio zen (Guadalajara), 1435eko ekainaren 18an. Aldonza de Mendoza, Arjonako dukesa, zuen ama. Aldonza de Mendoza biki batzuez erditzean hil zen, eta testamentuan 13.000 marabedi utzi zizkion Cristobal Genoves izeneko norbaiti.

PORTUGAL

Kolonek lotura estua izan zuen Portugalekin, eta gutxienez hiru hipotesi daude bertan jaioa dela diotenak. Fernando Branco historialariaren arabera, Kristobal Kolon Pedro Ataide kortsarioaren gezurrezko izena zen. Kolonen eta Ataideren bizitzako hainbat gertaerak eta harremanek bat egiten dute. 2017an Ataideren lehengusu baten hezurrak hobitik atera zituzten, haietatik DNA erauzteko. Ez dute Kolonen DNArekin alderatu.

Portugalgo beste teoria batek dio nabigatzailea Leonor de Aviz printzesaren eta Joao Menezes da Silvaren ezkutuko semea izan zela, printzesa Habsburgoko Frederick III.arekin ezkontzea negoziatzen ari zirenekoa.

Portugalgo hirugarren teoriaren arabera ere, Cristovao Colom ezkutuko seme bat zen: kasu honetan, Fernando —Beja eta Viseuko dukea— eta Isabel Gonçalvesena —jatorriz judua eta genoarra—. Kolon hori itsas kapitaina eta espioia zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.