ATZEKOZ AURRERA. Minerva Campion. Unibertsitate irakaslea Bogotan

«Kolonbian, punka oso bizirik dago»

Musika da, baina, dena den, politikaz blaituta dago Latinoamerikako punk eszena gaur egun, eta, horrenbestez, etika sortzeko bidea ere bada, Campionen arabera. «Bandek mundu hobea eraiki nahi dute».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Punka oparo ekoitzi zen 1980ko eta 1990eko Latinoamerikan; aldarri politikoak gehituta, indartsu jarraitu zuen 2000ko hamarkadan, eta, gaur-gaurkoz, ubera luzea du hirietan. Bogotako Pontificia Universidad Javerianak Música urbana, juventud y resistencia liburua kaleratu du (Musika urbanoa, gazteak eta erresistentzia), Kolonbiako, Mexikoko eta Peruko eszenari buruzko artikuluekin, hango irakasle Minerva Campionek koordinatuta (Getxo, Bizkaia, 1985). Iragan astean aurkeztu zuen Bilbon, DDT Banaketak taldearen lokalean.

Musika urbanoa politika da?

Bai eta ez. Musika urbano guztiak ez du zertan helburu politiko bat eduki. Rockaren arloan, bereiziko nituzke rock politikoa eta rockaren politikak, eta uste dut musika urbanoari ere aplika dakiokeela sailkapena. Musika politikoak mezu argi bat du; ekintza eta mugimendu kolektiboetara lotuta dago. Eta musikaren politikei dagokienez, musika prozesu guztietan ikus daiteke politika; are Spice Girls bezalako banda batean ere: bost emakume direlako, andreen indarrarekin lotutako mezuak dituelako...

Liburuan hizpide dituzuenak punk politikoa dira, ezta?

Bai. Orokorrean, punka politikarekin egon da lotuta hasieratik. Erlazionatuta egon da zuk zeuk egizu ideiarekin: edozeinek jo dezake musika, ez dira behar tresna garestiak banda bat sortzeko, ezta bikain jotzen jakitea ere. Esan ohi da punka lotuagoa egon dela ezkerrarekin; euskal rock erradikala, adibidez, abertzaletasunarekin eta independentismoarekin uztartu zen. Baina, hala ere, punk musikari denak ez dira ezkertiarrak; Kolonbiako eszenan, esaterako, matxismo, homofobia eta xenofobia handia dago oraindik. Punka alternatiboa da, baina dinamika askotan bat egiten du zalantzan jartzen duen gizarte horrekin; eta, batzuetan, opresio modu berak gertatzen dira.

Badaude joera horiek kritikatzen dituzten musikariak ere.

Hala da. Badaude banda gazteago batzuk, emakume feministek osatuak, eszena patriarkal hori kritikatzen dutenak. Kolonbian, 1990ean sortu ziren, baina, hasieran, ez zuten ikuspuntu feminista bat; punka 2000ko urteetan politizatu zen, batez ere. 1980koari punk ustela deritze: irudikatzen da kalean botatako musikariekin, zurrutean eta drogak hartzen ibiltzeaz gain ez zutenak beste ezer egiten. 2000ko urteetan, gai askoren gaineko kontzientzia sortu zen: feminismoa, beganismoa, anarkismoa...

Badago hori dena komertzial bilakatzeko ahaleginik?

Uste dut egoera zaila dela, gaur egun: banda asko tokikoak dira, baina beste batzuk ekoiztetxe handietatik igarotzen dira. Arriskua badago, baina arlo denetan bezala, bizi garen gizarte kapitalistan.

Gazteen fenomenoa da, batik bat?

Tira, hainbat izen jarri dizkiote: azpikulturak, tribu urbanoak, gazteen kultura... 1980ko urteetan aritu zirenak gazteak ziren, baina zahartu egin dira, eta batzuek jarraitzen dute eszenan parte hartzen.

1980ko hamarkadako indarra du eszenak gaur egun?

Latinoamerikan, bai. Hemen, adibidez, nostalgiaz hitz egiten dugu punkaz, 1980an eta 1990ean bukatu balitz bezala. Kontzertuak badaude, baina egoerak ez du zerikusirik. Alabaina, Kolonbian, punka oso bizirik dago; kontzertu eta feria asko daude, eta askok modu autogestionatuan sortzen dute.

Musika kritikariek aintzat hartzen dute?

Hasierako zuk zeuk egizu irizpidearekin, hain zuzen, ia batere jo ez eta milioiak kobratzen zituzten rock artista horiek kritikatzen zituzten.

Estetikari egindako kritika ere aipatzen duzue: zer hartzen den artetzat, zer ez...

2017tik aurrera, Latinoamerikan lantzen hasi ziren musika eta dekolonitatea, kontserbatorioaren sistema kritikatzeko: zer den musika, nork dakien jotzen, ea partiturarik behar den, edo apopiloaren eta maisuaren banaketa zorrotz hori beharrezkoa den. Punka musika da? Bai, bada. Baina ez dute artetzat jotzen, ez delako ederra. Eta, hain justu, ez-artearen ikuspegi horretatik begiratzen dio liburuak.

Hiri handietako fenomenoa da bakarrik?

Batez ere, bai. Baina, 2018an, punkaren inguruko hitzaldi bat egin nuen Bogotan, eta, kurioski, herrietako jendea ere joan zen; landa eremuko punkaz ere hitz egin genuen.

Musikaren bidez ekintza etikoak sortzen direla diozue. Nola?

Musika politikoarekin zerikusia du. Kontu etiko bat da: mundu hobe bat eraiki nahi dute bandek, bakoitzaren perspektibaren arabera. Feministek, adibidez, patriarkaturik gabeko mundu bat nahi dute. Eta, Latinoamerikan, antirrazismoarekin ere lotura du: klase, arraza eta genero dinamikek zeharkatzen dituzte, eta ez AEBetakoak edo hemengoak zeharkatzen dituzten modu berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.