Kolektibo isil baten ekarpena

Isilpean dagoen kolektiboa da odol emaileena, baina tamaina handia duena ere bada era berean. Egunero 470 pertsonak 235 odol litro ematen baitituzte Hego Euskal Herriko ospitale publiko zein pribatuen beharrak betetzeko. Horien ekarpenik gabe osasun sistemaren geroa zalantzan legoke.

Odol bakoitzaren analisia egiten dute laborategian. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Galdakao
2018ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Odol bankuen aurreikuspenen barruan egon ohi da urtarrilean odol emateek behera egiten dutela. Gabonak tarteko, odol emaile askok bi aste horietan zehar ez dituzte donazioak beste hilabeteetan bezala egiten, eta horrez gain gripea dela, edo beste gaixotasunak direla, eman nahiko luketen beste askok ere ezin izaten dute. Odol emateak behera egiten du, baina ospitaleetako jarduerak bere horretan jarraitzen duenez, aurreikuspen guztietan urtarrila kolore gorriz izaten dute idatzita odol bankuetan.

Baina 2018. urtearen hasiera aurreko urteetakoa baino okerragoa izan da, eta horregatik Euskadiko Odol eta Ehunen Bankuak deialdi berezi bat egin zuen odola ematera joateko. «Garai batzuk konplikatuagoak dira, eta horietarako urtero egiten dugu deialdi berezi bat, baina gero eta gehiago kostatzen zaigu, hori ere egia da». Miguel Angel Vesga odol bankuko zuzendariak onartu duenez, deialdia egin osteko astean ohiko asteetan baino %50 odol gehiago jaso dute. Baina gaur gaurkoz oraindik biltegietan duten odol kopurua beharko lukeena baino txikiagoa da. «Bi astean egoera orekatzea aurreikusten dugu».

Ez baita makala Hego Euskal Herriko ospitale publiko zein pribatu guztietan dauden odol beharrei aurre egiteko behar den kopurua. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egunero 400 donazio behar dituzte, eta horretarako 500 odol emaileren ekarpena behar izaten da. «Jasotzen dugun odolaren %10 ezin izaten da erabili, birusen bat duelako, edo birus arriskua duten herrialde batera bidaia egin duelako emaileak». Nafarroan berriz, egunero 70 donazio jaso behar izaten dituzte. Hau da, egunero 470 odol emaileren ekarpena behar da Hego Euskal Herrian dagoen odol eskariari aurre egiteko. Edo beste modu batera esanda, 235 odol litro behar dira egunero. Urte batean ia 85.000 litro.

Datu horiek dagoen beharraren tamaina eman dezakete. Baina beste modu batera ere azaldu daiteke. Izan ere, hogei biztanletik batek inoiz odol isuraldatze bat izango du. «Horregatik ez da itxaron behar odol bankuetatik dei egin dezaten, donazioak etengabea izan beharra dauka», azaldu du Jose Antonio Garcia Erce Nafarroako odol bankuko zuzendariak. Baina Osakidetzatik pasa den astean egin zen deialdia ezohikoa izan zen, normalean halakorik egin gabe jasotzen dutelako behar duten odola. «Odol emaileena kolektibo isil baten jarduna da».

Odol bankuen egunerokoa

Odol emaileena bezain isilpekoa da egunero odol bankuetan egiten duten lana. Urteko egun guztietan, 24 orduz egiten dute lan ospitaleko beharrak asetzeko. Osakidetzak zein Osasunbideak odol banku propioak dauzkate. Osakidetzarena Galdakaoko (Bizkaia) ospitalean dago, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitale denetara ahal bezain azkarren iristeko elkargunean. Bi autopisten artean. Odol emaileak emandako odola 18 orduren bueltan tratatuta eta ospitaleetara iristeko prest egon behar baitu, eta banaketa ahalik eta azkarren egin behar baita.

Egunero Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hamabi puntu ezberdinetan biltzen den odola bertara iristen da eguerdi zein iluntzean. Iritsi bezain pronto odoletik elementu ezberdinak bereizten hasten dira bertako langileak: globulu gorriak, plasma eta plaketak ateratzen dizkiote odolari. «Odola bere osagai guztiekin apenas erabiltzen delako», Vesgaren arabera. Elementu bakoitza behar ezberdinetarako erabiltzen da. Banaketa hori egiten ari den bitartean, odol bankuan bertan dagoen laborategian iritsitako lagin guztiak aztertzen dituzte, erabiltzeko modukoa den odola dela ziurtatzeko. «Odol emaile bakoitzari aurrez galdetegi bat egiten zaio, baina hala ere azterketa hori egin beharra dago».

Eguerdian iritsi den odola, horrela ospitaletara banatzeko moduan dago. «Ospitale bakoitzean hurrengo lau edo zazpi egunetarako adina odol edukitzen dute; beraz, aurreikuspen horrekin jokatzen dugu zenbat odol nora bidali jakiteko».

Belaunaldi berrien beharra

Gaur-gaurkoz odol emaileen eta odola behar duten pertsonen zirkuitu hori ondo betetzen da, baina etorkizunera begira kezkatuta mintzo da Garcia Erce. «Europan arazo demografiko bat dago, gizartea zahartzen ari delako; horrek esan nahi du odol emaile gutxiago egongo dela, eta beharra handitu egingo dela adineko horien kirurgietarako». Horregatik,uste du belaunaldi gazteek etorkizuneko beharrari erantzun beharko diotela, baina zaila izango da hori. Izan ere, egungo gazteek «gero eta gehiago bidaiatzen dute, eta horrek odol emate asko atzeratu egiten ditu». Tatuaje eta piercingak ere ohikoak dira, eta, horrek odola ematea galarazten ez duen arren, prozesua moteldu egiten duela azaldu du Garcia Ercek. Horregatik, uste du belaunaldi berrien esku aldatzean neurri berriak beharko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.