Kokapenak eta motiboak

Urmuga berezia da, eta horretan zerikusi handia du bai kontzertuak non egiten diren eta bai zergatik egiten diren. Askotarikoak dira motiboak: urteurrenak, ospakizunak...

Kokapenak eta motiboak.
Joxemi Saizar.
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Joan zen azaroan baskoien mintzairan zizelkatutako brontzezko esku baten aurkikuntzaren berri eman zutenean Aranguren haranean (Nafarroa), denbora gutxi behar izan zuen Migel Zeberiok Irulegin musika emankizun bat egin behar zutela pentsatzeko. Kokapena eta motiboa bat zetozen haren proiektu ero zoragarriarekin. Gauza bat da ideia buruan izatea, baina lan handia egin behar da ametsa gauzatzeko. Erokeria zoragarri hori jende askori kutsatu behar zaio: herritarrak, musikariak, laguntzailea... Horretan ere artista da orkestra zuzendaria.

Lan horren emaitza izan zen joan den ostiraleko emanaldia, Burdin Aroko herrixkako indusketa gunean bertan. Aranzadi zientzia elkarteko antropologo eta boluntarioek harrera ezin hobea egin zieten musikariei eta ikus-entzuleei, Irulegiko eskuak adierazi nahi zuena praktikan jarriz. Bertan lanean ari zirenek goizean goizetik sumatu zuten mugimendua: 4x4 ibilgailuak gora eta behera, trasteen muntaketa, soinu probak, entseguak... Arkeologo baten azalpenak entzuteko aukera izan zuten musikariek.

Etxauzia, ohiko agertoki

Arratsaldean, indusketako langileek atseden hartu ahal izan zuten, eta sekulako ikuskizunaz gozatu zuten, Irulegin bertan: biolin joleak musika jotzen, eta joaldunak dantzan Erdi Aroko gaztelutik jaisten, Rukulako rockero gazte indartsuak dena ematen, Garikoitz Mendizabal, Gorka Hermosa soinujolea, Xabier Leturia, Leire Letu, Rafa Rueda eta Alex Sardui musikariak, Agus Barandiaran... Et Incarnatus orkestraren babes harmoniatsuarekin. Zorionekoak izan ziren ikus-entzuleak.

Herenegun, berriz, argi zegoen Baigorriko (Nafarroa Beherea) emanaldia non egin behar zen, eta zergatik: Euskaldunen Etxea izatea lortu nahi duten Etxauzia jauregian. Urmugaren ohiko agertoki bihurtu da hori, orain arteko hiru aldietan ere han egin baitute kontzertua. Igandean, baina, ez zen ohiko errepertorioa entzun bertan. Eltzegor taldeak duela 35 urte sortutako Sasitik sasira kanta izan zen saioaren lmuina, Donostiako Orfeoia, Et Incarnatus orkestra eta hainbat kantari —Estitxu Pinatxo, Rafa Rueda, Orfeoiko Bego Irigoien eta Iñigo Vivanco— eta musikariren eskutik —Garikoitz Mendizabal, Bixente Martinez, Baigorriko gaiteroak—.

Fernando Unsainek sortu zuen Sasitik sasira-ren doinua, eta Joxe Mari Ostolaza Xalbardin-ek eman zizkion hitzak; orain, Joxean San Miguelek egokitu du orkestra eta orfeoirako. Euskal gizartearen gatazka da kantaren gaia, eta ez du gaurkotasunik galdu. Partitura exijentea, nota onarekin gainditu zutena oholtzaren gainean aritu ziren musikari eta kantariek. Emanaldi hori izan da, Urmuga jaialdiaren barruan, errepertorio klasikoena izan duena. Eta aurtengo orain arteko saio jendetsuena izan da Baigorriko hori. Publikoak gustuko izan du, saioko txaloen eta bukaeran emandako iritzien arabera.

GAURKO KONTZERTUA

Orbaizetan (Nafarroa). Azpegiko aterpetxean Mozart urmugalari izeneko musika saioa izango da 18:00etan. Bihar Iratiko Salbatore baselizan (Mendibe, Nafarroa Beherea) Arturo Goldarazenak eta Alberto Navascuesek Mariri gorazarre ikuskizuna eskainiko dute ordu berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.