Irratigintza

Joxe Juan Ugalde: «Koherentziak zapore garratza du; baina, azkenean, gozoa»

Erretiroa hartu berri du Joxe Juan Ugaldek, 32 urte eta erdiz Euskadi Irratian esatari aritu eta gero. Askotariko bizipenak izan ditu dantzari, euskara irakasle eta kazetari moduan.

Joxe Juan Ugalde, erretiroa hartu duen Euskadi Irratiko esataria. OLATZ PRAT
Joxe Juan Ugalde, erretiroa hartu duen Euskadi Irratiko esataria. OLATZ PRAT
urtzi urkizu
HERNANI
2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Elektrizitate ikasketak egin zituen Joxe Juan Ugaldek (Lezo, Gipuzkoa, 1960). Irakasle Eskolakoak gero, AEK-ko irakasle zela. Hiru hamarkada luzez aritu da Euskadi Irratiko mikroen aurrean. Jatetxe batean da BERRIAko elkarrizketarako zita, eta koherentziaz eta zintzo mintzatu da bere bizitzaz.

Nolakoa izan zen zure haurtzaroa Lezon?

Zoriontsua. Gogoan dut kalean bizi ginela. Kalean, lagunartean eta tresna gutxiko jolasetan aritzen ginen. Pilotalekuan ere asko ibiltzen ginen. Herrian denok ezagutzen genuen elkar. Haur nintzela, euskal dantzen munduan sartu nintzen.

Familia euskaltzalea al zenuen?

Bai. Dena den, Patxi Larrea maisuaren eragina nabarmenduko nuke dantzan hasteko horretan. Futbolaren bidetik edo dantzaren bidetik sartzen ziren haurrak. Dantzak prestigio handia zuen herrian, eta herritik kanpo ere bai.

Elektrizitatea ikasi zenuen. Zerbaitengatik bereziki?

Oinarrizko Batxilergoa Don Boscon egin nuen, Errenterian [Gipuzkoa]. Gero, aukeratu egin behar zen. Eta erabaki ideologikoa egin nuen: langileriaren zelaian egon nahi nuen, klase borrokan sinisten nuen, eta horregatik ikasi nuen Elektrizitatea. 1970eko hamarkada zen, eta ideologizazio handia zegoen. Langileriarekin eta sozialismoarekin lotutako mugimendu eta sigla asko zeuden. Zurrunbilo horretan, pentsatzen nuen nire tokia langile izatea zela, eta hortik eragitea. Obratxo batzuk eta instalazio batzuk ere egin nituen baserri eta etxe batzuetan.

Gero, egin zenituen unibertsitate ikasketak ere.

Bai, irakasle ikasketak egin nituen.

Eta noiz hasi zinen euskara irakasle euskaltegian?

1981ean, 21 urte nituela. Hamar urte egin nituen Errenteriako AEKn. Eskualdeko AEK-ko arduradun ere izan nintzen. Aurrerago, Donostian aritu nintzen irakasle.

23. Korrika amaitu berria da. 1980ko hamarkadan, zure ideia izan omen zen Pasai Donibane eta Pasai San Pedro artean lekukoa txalupaz eramatea.

Bai, Oiartzualdea eskualdeko arduradun izaki, lekukoa txalupaz eramatea erabaki genuen. Bigarren Korrika izango zen hura. Klasiko bat bihurtu da une hori.

Polentzi Gezala txistulariaren omenaldiaren aurreko aurkezpen batean, Euskadi Irratiko baten bati asko gustatu zitzaion zure ahotsa.

Polentzi Gezalari buruz artikulu batzuk idatziak nituen, eta gerora haren biografia ere idatzi nuen. Kontua da Lezok omendu behar zuela, eta, aurkezpenean hizketan hasi, eta han Mari Karmen Odriozola Euskadi Irratiko kazetaria zegoela. Han bertan etorri zitzaidan galdezka ea irratian lan egingo ote nuen. Ari nintzen irratigintzan, Miramar irratiko [Donostia] Euskal giroan saioa egiten. Autodidakta izan nintzen irrati horretan, asteburuetan. Odriozolak bidea eginda sartu nintzen, beraz, Euskadi Irratian.

1991. urtea zen.

Bai, eta beharrezkoak ziren azterketa guztiak egin nituen. Geroztik, 32 urte eta erdi egin ditut Euskadi Irratian.

Horren aurretik, 1980ko hamarkadan, Segurako dantza txapelketako kontuak ere izan ziren. Hiru txapel irabazi zenituen Lourdes Esnaolarekin.

Esnaola eta biok oso umetan hasi ginen elkarrekin dantzan. Euskal Herriko hiru txapel irabazi genituen: 1981ean, 1982an eta 1983an. Gipuzkoako lau txapel ere irabazi genituen.

Irratian bizkor hitz egitekoa izan zara, baina dantzan bizkorrago egiten zenuen.

Bai, garai hartan, bai [barrez]. Puntako bikotetzat gintuzten. Asko entseatzen genuen. Esnaola urte luzez aritu da dantza taldeetan irakasle, eta hor jarraitzen du. Nik, ordea, 28 urte nituenean utzi nuen. Epaileen sailean ibili nintzen urte batzuetan. Baina hori ere utzi nuen, liburu batzuk idazteari ekin niolako. Irratia eskolan liburu didaktikoa izan zen horietako bat. Beste liburu bat izan zen Lezoko dantza taldearen historiaren ingurukoa; enkarguz idatzi nuen.

Zer sentitu izan duzu irratian jakinaraztea egokitu zaizunean beste lezoar bat izan dela irabazle Segurako dantza txapelketan?

Zirrara, poza. Sentimendu berezia.

Irratiko urteetatik asko izan dira ordu txikietan esnatuta.

Bai, urteen erdietan goizaldeko 01:40an edo 05:00etan sartu naiz lanera.

Zerekin gozatu duzu gehien irratian?

Hasieran, ez nuen neure burua trebe ikusten, ofizioa ikasi gabe... Baina maisu handiak izan nituen alboan: Jaime Otamendi, Jon Aizpurua eta Manu Etxezortu. Haien laguntzaile izan nintzen. Ikasi eta gozatu nuen.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela, Albiste Faktoria gidatzen aritu zinen. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Lanik gabe geratzear nengoen; kontratua amaitzen zitzaidan. Rosa Diez Urrestarazu Euskadi Irratiko zuzendari berriak ordezko kontratu bat zuen tiraderan, eta hori eskaini zidan goizeko prime time-a gidatzearen ordainetan. Bi aukera nituen: hartu eta egoerari aurre egin, edo lanik gabe gelditu.

Egoera ez zen samurra.

Ezker abertzalea legez kanpo zegoen. Ez ginen haien prentsaurrekoetara joaten. Garai zaila zen. Hala ere, esaten dute emaitza oso onak zituela Albiste Faktoria-k. Lau aldiz uztekotan izan nintzen, baina ni ez naiz inoren morroi izan.

Agindu editorialak nola eraman izan dituzu?

Nik koherentzian sinisten dut. Eta, horregatik, batzuentzat ez zara haien gustuko. Ni eguneroko lanean saiatu naiz denei erantzuten, sektore guztiei, inor bazterrean utzi gabe. Zenbaitetan agindu editoriala iristen bazen, ba, aurre egin behar zen gora begira. Rufi Etxeberria ezker abertzaleko ordezkariarekin egindako elkarrizketa ekarriko nuke gogora.

Zer gertatu zen?

Radio Euskadin lehen elkarrizketa eman eta gero, Etxeberriak Euskadi Irratian eman behar zuen bigarrena. Elkarrizketa hura idatzia eman zidaten.

Nola egiten da hori?

Ba, orduko irratiko albistegietako arduradunak eta haren laguntzaileak taberna batean zitatu ninduten. Eta Etxeberriari egin beharreko elkarrizketa mahai gainean jarri zidaten. Esan nien nik ez dudala horrela hitz egiten, eta elkarrizketa ez zela osoa. Handik lau ordura, berriro zitatu ninduten Oiartzungo taberna batean, eta albistegietako arduradunak eman zidan fotokopiagailuan gelditu zen elkarrizketaren partea.

Zer egin zenuen?

Etxeko ordenagailuaren aurrean eseri nintzen. Aztertu nuen elkarrizketa, eta uste nuena egin nuen. Nire elkarrizketak ez zuen kointziditzen haiek emandakoarekin. Elkarrizketa egin ostean, albistegietako arduradunen errietak jaso nituen. Aldiz, irratiko zuzendari Felipe Juaristiren zorionak jaso nituen. Rufi Etxeberriak berak mezu bat helarazi zuen esanez oso gustura egon zela. Horrelako injerentziak izaten direnean, aurre egin behar zaie.

«Euskadi Irratiko albistegietako arduradunak eta haren laguntzaileak Rufi Etxeberriari egin beharreko elkarrizketa mahai gaineran jarri zidaten».

EAJko lehendakariekin ere izan dira injerentziak, ezta?

Bai, baina eskarmentu handiagoa du EAJk. Sozialisten garaian, baldarragoak izan ziren linea editoriala markatzerakoan. Debekuak ere bazeuden, eta olatu horiek surfeatu egin behar ziren. Maniobrak urte luzez ikusi izan ditut: batzuk baldarragoak, eta besteak iaioago eginak.

Zu koherentzian mantendu zarela sentitzen duzu?

Koherentziak zapore garratza du; baina, azkenean, gozoa.

Patxi Lopezen aroaren ostean, EAJko lehendakaria iritsi zenean, Euskadi Irratiko prime time-tik kendu zintuzten.

Asteburuetara pasatu ninduten. Erabaki politiko bat izan zela uste dut. Bitxia da EAJko solaskide batek esan zidana: «Irabazi ditugu hauteskundeak, hedabideak kontrolpean izango ditugu, eta zuri programa kendu egingo dizute». Irratiko sarreran esan zidan.

ETAren atentatu askoren berri ere eman behar izan duzu irratian.

Bai, egoera konbultsoak bizi izan genituen: indarkeria batean eta bestean. Hildakoak, gerra zikina... eta testuinguru horretan informatu behar izan genuen urte batzuetan. Bestalde, gure arduradun batzuek ez zuten gustuko «euskal presoak» esatea. «ETAko presoak» zirela esan behar zela zioten, baina beste batzuek esaten genuen ezetz, «euskal presoak» zirela.

Rufi Etxeberriaren elkarrizketa aipatu duzu. Askotan egin al dizute errieta mikroan zerbait esateagatik?

Ez. Baina bitxia da: Euskaraz bizi nahi dut! leloaren kanpainan parte hartu nuen, Kike Amonarriz tartean zela, eta dokumentuaren zati bat irakurri nuen. PSEren lehendakaria zegoen garai hartako zuzendariaren deia jaso nuen, kargu hartuz.

Zer hausnarketa egiten duzu EITBko albistegi zerbitzuen ildo editorialaren inguruan?

Editoreen esku dago hori, neurri handi batean. Erabaki zehatzak albistegien arduradunen eskuetatik pasatzen dira. Hor badago informazio fluxu bat haien artean, eta emari informatibo bat ateratzen da hortik. Ni, azkeneko urteetan, editore lanetatik aparte utzi naute.

2024an, Euskal Irrati Telebistak izan beharko luke modua informazio independenteagoa egiteko?

Informazioari ez zaio beldurrik eduki behar. Eta informazioaren iturburuari ere ez. Iturburua, askotan, herri mugimendua izaten da; demagun, Irungo Harrera Sarea edo Sare. Eta herri mugimenduei mesfidantza moduko bat zaie EITBn.

Nolako mesfidantza?

Ni AEKtik nator. Korrikaren hasierak oso zailak izan ziren, erakunde publikoek ez zioten arretarik jartzen Korrikari. Gero, denborarekin ikusi da herri mugimenduek eta erakundeek bat egiten dutenean emaitza indartsuagoa dela. Korrikaren irakaspenak erakutsi behar digu badagoela hori beste eremu batzuetara eramaterik. Ariketa bat egin behar dugu bide horretan.

Erretiroa hartuta, irratiaren falta sumatuko duzu?

Ez, irratia nire pasioa izan da, erronka handi bat. Asko gozatu dut, eta asko sufritu dut. Baina sufrimenduak ahaztuta daude.

Tokiko komunikabideetan ere parte hartu izan duzu. 

Bai, aritu nintzen Lezo! aldizkarian, Oarso Telebistan, Oarsoaldeko On aldizkarian... Kolaborazioren bat eskatzen didate Oarso Bidasoko Hitza-n, eta gustura egiten ditut. Asko identifikatzen naiz komunikabide mota horrekin, eta horietan jarraitzeko prest nago. Horiek izan dira nire prentsa idatziko esperientziak.

Hemendik aurrera, aisialdiko orduak nola beteko dituzu: motoa, arrantza, arrauna, bidaiak?

Bai, motoan buelta batzuk emango ditut, arrantza oso gustuko dut... eta bidaiak ere iritsiko dira.

«EITBren informazioan alderdi politikoek indar handiegia dute, eta ez luke zertan hala izan. Herri mugimenduei arreta txikiegia jartzen zaie».

Zein izango litzateke zure ametsa Euskal Herriarentzat?

Euskal Herri euskaldun sosegatu eta solidario bat izatea. Euskal Herri justu bat.

Eta EITBrentzat?

Komunikabide euskalduna izatea, orain baino euskaldunagoa. Badakit EITBk errealitate soziolinguistikoari erantzun behar diola, baina euskarak presentzia sendoa behar du, eta hori jorratu behar du EITBk. Zuzentasun informatiboa ere behar da: dena esan behar da, eta ez dago zertan ezeri bizkarra eman. Alderdi politikoek indar handiegia dute informazioan, eta ez luke zertan hala izan. Herri mugimenduei arreta txikiegia jartzen zaie.

Hiru alaba dituzu. Zer transmititu nahi izan diezu?

Euskaraz bizitzea, pertsona justuak eta solidarioak izatea, eta begiak zabalik dituztela ibiltzea. Pertsona kritikoak izatea ere bai.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.