Kobazuloak zaborrarekin itota

Lurpea Garbi elkartea sortu dute Gipuzkoan, kobazuloetan eta simetan pilatutako zaborra garbitzeko asmoz.

Mendikute mendian dagoen Txorroteko isurbidea (Gipuzkoa), zaborrez beteta. LURPEA GARBI
Mendikute mendian dagoen Txorroteko isurbidea (Gipuzkoa), zaborrez beteta. LURPEA GARBI
Itsaso Jauregi-Ramon Olasagasti
2024ko ekainaren 13a
05:00
Entzun

«Zabortegi kontrolatua. Kontuz, ez pasatu, elementu toxikoak izan ditzake». Hondatutako etxetresna elektrikoz, pneumatikoz eta plastiko tonaz jositako zabortegia alanbrezko hesi batek aldentzen du inguruko hiri eta herrietatik. «Kontuz elementu toxikoekin», dio kartelak, eta erabat debekatuta dago pasatzea. Baina badira zabortegi batzuk beste forma bat hartzen dutenak, eta hesien artean eta zibilizaziotik urrun ez daudenak. Zaborra lur azpian pilatzen da, kobazuloetan, akuiferoetan, poliki-poliki kartel ofizialik ez duen zabortegi bat sortuz. Zabor pilaketak, inguruko faunan zuzenean eragiteaz gain, ura toxiko bihurtzen du, eta zaborra etxeetako ur txorrotatik sartzen da berriz. Arazo horri aurre egiteko, Lurpea Garbi elkartea sortu dute Tolosan (Gipuzkoa), tradizionalki zabortegi gisa erabili diren edo kutsatuak dauden Tolosaldeko ingurune karstikoak garbitzeko eta babesteko.

Proiektua martxan jartzean, ezagunak ziren kobazuloak bisitatu zituen Eneko Agirre biologoak: «Argi daukagu batzuk ezagutzen ditugula eta askoz gehiago daudela; bizilagunen parte hartzea ezinbestekoa da». Koba ezagun horietako bat Txorrotekoa da, Gipuzkoako Mendikute mendiaren magalean dagoena. Inguruko herritarrek gogoan dute nolakoa zen kobazuloa duela berrogei urte: garbia, zaborrik gabea eta eskailerak jaistean upategi gisa erabiltzen zen eremu bat ere bazegoen. Lurpea Garbi taldeko hainbat kidek Txorrote bisitatzea erabaki zuten, eta guztiz kontrako egoera aurkitu: zaborrez josita, zikin, eta upategi gisa erabiltzen zen eremuaren arrastorik ez.

Hori ikusita, koba eta simen garbiketa lehenetsi zuten, lur azpiko uren kutsatzea ekidin eta leizeetako faunaren dibertsitatea gorde edo mantentzeko. «Asmoa ez da errudunak aurkitzea, baizik eta egoera aztertzea, beharrak identifikatzea eta helburu argiak dituen lan plan bat ezartzea», azaldu du Agirrek. Oraingoz, Tolosaldean zentratuko da taldea, baina asmoa da garbiketa prozesua Euskal Herri osora zabaltzea. Lehendabizi, elkarteak lurpeko ingurunerako arriskua sor dezaketen gune larrien inbentarioa egin nahi du, lehenetsi beharreko kobazuloak zehazteko. Gune horien katalogoa osatzeko, bizilagun, baserritar, mendizale eta basozainen kolaborazioa ezinbestekoa dela esan du Uxue Lasa Lurpea Garbi taldeko kideak: «Egin nahi duguna da ahal den neurrian auzolana sustatu, badakigulako auzolana kontzientziazioaren bidea dela».

Auzolana lur azpian

Kobazulo gehienak ur bideak dira eta bertatik pasatzen den ura etxeetara iristen da. Kobazuloa zaborrez beteta badago, bertatik igarotzen den ura ere kutsatzen da. Zientzialarien ustez, lur azpikoa ezagutzeko geratzen den azken kontinentea da. Inma Mugerza hidrogeologoak azaldu duenez, ezjakintasuna nagusi da lur azpiko urari dagokionez: «Planetan dagoen ur guztiaren %3 ur geza da, eta %97 ur gazia. Gehiena lur azpiko ura da, gainera». Euria lur azpira sartzen da, eta mendiaren erraietatik ezezagunak diren kilometroetako lur azpiko bideak zeharkatu ondoren, buztin iragazkorrekin topo egiten du, iturburuetan azaleratuz. Horrela, lur azpiko ur eta lakuek benetako ur erreserbak osatzen dituzte. Ur hori lur barrura iragaztean, zeharkatzen duen landaretza eta arrokaren lanari esker, garbia eta mineralizatua ateratzen da iturburuetan, eta, Agirrek esan duenez, «oso estimatua» izan da herritar eta bizilagunen artean. Urtegietan ura lurruntzen da, batez ere udan, eta lur azpiko urek ez dute lurruntzea pairatzen; hori dela eta, baliabide estrategiko bilakatu dira etorkizun hurbileko ur eskasiadun aldiei aurre egiteko.

«Lur azpiko ura askoz ere babestuagoa dago gainazalekoa baino. Gainazalean atmosfera nahiko zikina dugu eta kutsadura uretara doa», azaldu du Mugerzak. Akuiferoetan ez da hori gertatzen, kareharriek babesten dutelako ur jarioa, eta, batez beste, segundoko 650 litro emaria dute. Nahiz eta atmosferatik babestuta egon, gizakiaren arriskuari aurre egin behar diote akuiferoek. Lur azpiko kutsadurak faunan ere eragiten du; kobazuloetan bizi diren animaliak elikagaiak lortzeko kanpotik sartzen den materia organikoaren mende daude, eta horiek zaborra besterik ez dute aurkitzen menuan. «Zaborra zegoen lekuan ura guztiz kutsatuta zegoen, eta ez zegoen faunarik. Faunaren aldetik sekulako ondarea daukagu, eta berriz ezagutu baino lehen txikitzera goaz», esan du Agirrek.

Munduko eskualde askotan baliabide estrategikoak dira akuiferoak: lurraldeko ingurune esanguratsuak hartzen dituztelako eta herritarrek ura bertatik eskuratzen dutelako (Salubitako iturburuaren oinarri den Albizturreko akuifero karstikoa da horren adibidea). Arriskuan dagoen lur azpiko uren kutsadura saihesteko antolatzen dira Lurpea Garbin: garbitzeko taldeak antolatzen dituzte, eskoletan hitzaldiak ematen dituzte lur azpian dauden zabortegien inguruan kontzientziatzeko eta Aranzadi zientzia elkartearekin hitzarmen bat dute, arkeologoek lur azpian barna bidea egin dezaten. Duela aste batzuk hiru tona zabor atera zituzten Albiztur (Gipuzkoa) inguruan dagoen kobazulo batetik; bi orduan egin zuten. Hori «hasiera bakarrik» dela esan du Agirrek, eta kobazuloak garbitzeak «herritar guztien eginkizuna» izan beharko lukeela gaineratu: «Guztion egitekoa da arazo potentzial honi irtenbidea ematea. Horixe da Lurpea Garbiren helburua eta egitekoa, baina, horretarako, herritar, udaletxe eta goi administrazioaren laguntza ezinbestekoa da».

Ekainaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, Gipuzkoako basoetan, leizeetan eta kobazuloetan aurkitutako zaborra hartu, kutxa batzuetan sartu, eta herriz herri eraman zuten, naturari egiten zaion kaltea salatzeko asmoz. Antolatzaileek azpimarratu zuten erakusketak zenbait leize zulotan jasotako zabor guztiaren ehuneko txiki bat bakarrik biltzen duela.

Kutsaduraren atzean egiturazko arazo bat dagoela esan du Mugerzak, eta ohiturarekin zerikusia duela: «Ezjakintasunagatik dela pentsatu nahi dut, baina baita erosotasunagatik ere. Gune berdea non dagoen ez dakitenek zer egiten dute? Zulo batean bota». Zulo gainean lurra botatzen dute, egindakoa ezkutatzeko, eta, hortik loreak hazten direnez, onuragarria dela iruditzen zaie batzuei, Agirrek azaldu duen bezala. Artilea, pneumatikoak, uralita eta amiantoa lurrean sartu, eta poliki-poliki bertako ura kutsatzen dute. Lur azpian dauden zabortegien inguruko ezjakintasuna handia denez, horien irudiak bildu, eta argazki erakusketak antolatzen dituzte, eskoletara eramateko eta Tolosaldeko 28 udalerrietan zabaltzeko. Hasi berri den proiektua denez, «lan handia» dago egiteko, Agirreren ustez, baina, oraingoz, harro egoteko moduko egitasmo bat dela uste du, etorkizuneko belaunaldiek eskertuko dutena: «Jendearen ehuneko handi bat sartuko da proiektuan, ezagutzari esker. Ezagutzen ez duguna ezin dugu maitatu, babestu edo zaindu. Ezagutzatik abiatuta lan egin behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.