Kandelak eta kriseiluak genituen. Lastaira arto hostoz egina zegoen. Beste garai batzuk ziren. Ebrora joaten ginen ur bila, eta gerora iturrira, treska bat buruan eta bestea magalean». Mari Carmen Molinet Martinez (Lodosa, Nafarroa, 1943) 8 urtera arte bizi izan zen kobazulo batean. «Sei gara, eta hiru zaharrenak jaio ginen kobazuloan. Ni naiz zaharrena. Bi kobazulo ezagutu nituen; lehenak hoztegia zuen. Bigarrena Kalbarioaren bidean zegoen, xumeagoa zen. Pentsatzen dut errenta txikiagoa zuelako joan ginela hara».
Lodosan XIX. mendearen hasieratik aurreko mendearen erdialdera arte, 60ko hamarkadara arte, kobazuloak bizitoki izan ziren hainbat familiarentzat. Berrehun kobazulo baino gehiago izatera iritsi ziren, eta haietan dozenaka herritar bizi ziren, pobreetan pobreenak. Nafarroako Erriberako herri askotan ohikoa izan zen hareharrizko herri lurretan zulatutako kobazuloetan bizitzea, orografiak lagunduta. Lodosan 1847. urtekoak dira lehen erreferentziak, baina mairuen etxetxoak esaten zaien zuloenak dira erreferentzia horiek, ezkutaleku eta gordeleku gisa erabili izan zituzten zuloenak, alegia. Haietatik zubiraino iristen ziren balak botatzen zituzten gerra garaian.
Leizeak hiru eremutan sakabanatuta zeuden: iparraldean, ekialdean eta mendebaldean. Udalak, 1961ean, dekretu bat atera zuen kobazuloetan bizitzearen arriskuez ohartaraziz. Artean laurogei lagun inguru bizi ziren haietan. Azken urteotan, berriz, lauzpabost kobazulo zaharberritu dituzte, eta larunbatean bizimodu hura gogoratuko dute, kobazuloen ondarea ezagutzeko jardunaldiak antolatu baitituzte: Antzinako Lodosa eta bere leizeak. Bada, kobazuloak zabaldu, eta lezkazko aulkietan eseriko dira herritarrak, atarietan, garai batean nola. Lanbideak, kantak eta jolasak ere hartuko dituzte gogoan.
Memoriaren zirrikituetatik
Molinet, transmisioa eten ez dadin, beti aritu izan da kobazuloez hizketan, anai-arrebekin, semeekin, eta orain ilobekin: «Azken horiek ez dute sinisten kontatzen diedana». Garai latzak izan ziren. «Nire lagunak pobreak ziren, baina gu pobreagoak; inoiz ez nuen izan nirea izan zen panpinarik. Tortolosetan aritzen ginen, eta tokean». Memoriaren zirrikituetan barrena ederki moldatzen da Molinet. Mariak, haren amak, ez zuen sosik alabari hogei zentimotan [0,0012 euro] saltzen zituzten limoizko izozkiak erosteko, eta, behin, oliba kukurutxo bat erostera bidali zuenean, den-denak zurrupatu zituen, «koska egin gabe». Errege egun batekin ere akordatzen da. Balantza bat oparitu zioten. «Antonio zen gure aita. Tarteka soroetan aritzeko hartzen zuten, baina ez egunero. Ebrora joaten zen orduan arrantzatzera: barboak, loinak, aingirak, izkirak, karramarroak... Barboak paregabeak ziren, lau pezetatan [0,024 euro] saltzen genituen... Kontua da balantza hura arraina saltzeko zela. Hala ibili nintzen, kobazuloz kobazulo».
Gerrak are ankerragoa bilakatu zuen dena. Lodosa izan zen, Iruñearen atzetik, 36ko kolpe militarraren ostean hildako gehien izan zituen Nafarroako herria. Frankistek 133 lagun akabatu zituzten. Molineten sendian sei kide hil zituzten, aitaren bost anaia eta lehengusu bat: «Jesus, Jose, Luis, Nicolas eta Santiago. Bost anaia fusilatu zituzten, eta azken horren seme bikietako bat bonba baten eraginez hil zen. Bederatzi hilabete baino ez zituen». Felipe Molinet izan zen gerran hildako gazteena. Kobazuloan zegoen, sehaskan, eta ez dago argi nazionalek bonba tximiniatik bota ote zuten edo miaketa batean ekonomikan sartu ote zuten.
Florencio Duque Campo (Lodosa, 1937) amaren sabelean zegoen aita fusilatu zutenean. «Amak artean ez zekien haurdun zegoenik ere. Aita gau batean eraman zuten, Zaragozara [Espainia]. Urria zen, eta ni maiatzean jaio nintzen. Hobi komun batean bota zuten. Herrira 37 kutxa ekarri zituzten, baina ez dakigu aitaren hezurrak bertan ote dauden».
Tristura eta poza
Duque ilobarekin batera gerturatu da ezkondu arte bizi izan zen kobazulora. Eraberritu duten kobazuloetako bat da, eta atea zabaltzean tristura eta poza bat dira. Malenkoniaz akordatzen da han bizi izandako urteez, ankerrak izan baziren ere, zoriontsu ere izan baitzen, haurtzaroak beti aurkitzen baitu alaitasunerako tartea: «Tokan jolasten ginen, kartutxo batean pospolo kutxetako kartoiak sartuta. Lurrean marra bat egin eta hamar zentimoko [0,0006 euro] txanpon beltzekin bota behar genuen kartutxoa». Gauetan milioika izar agertzen ziren —«ez zen bakar bat gehiago ere kabitzen»—, baina bereziki gosearekin akordatzen da. «Ezertxo ere ez genuen, ezta ogi koskor bat ere. Belarrak jaten genituen, ardiak bagina bezala. Malba, artoa, azenarioak... Lurrean sagar txorten bat ikusten bagenuen, ume guztiak korrika batean joaten ginen hartzera...».
Duqueren kobazuloa gurasoek erosi zuten, ezkontzean, 1928an, eta aita pixkanaka-pixkanaka joan zen hura zulatuz. Hala izaten zen. Seme-alabak jaio ahala joaten ziren logelak eginez. Egitura bera zuten denek, soila eta xumea. Ataritik korridorea, eskuinean sukaldea, harago despentsa, ezkerrean sala eta logelak, eta aurrerago animalientzako korta, aska eta guzti: «Astotxoa hemen egoten zen, eta alboko gela honetan lastoa gordetzen genuen. Koskortu nintzenean, arkumeak eta untxiak ere izan genituen, eta txerri bat ere bai. Gure kobazuloa handienetakoa da. Hau hoztegia da».
Lodosako kobazuloen berezko ezaugarria da hoztegia. Zerua ikus daiteke lurretik gora egindako zulotik. Etxea egurastuta egoten zen horrela. Duqueren hitzetan, zelaitik ibiltzean haur guztiek zekiten non zegoen kobazulo bakoitzaren hoztegia: «Inor ez zen zuloan erortzen. Beti ibiltzen ginen korrika. Latza izan zen, baina ez nuke nire haurtzaroa aldatuko».
Paretan zintzilik dagoen bi burdin hari makurtuz egindako buru hausgarria hartu du. «Horrelako gauzak egiten genituen. Askatu egin behar dira. Kobazuloa ikustera etortzen diren haurrei erakusten diet, eta aho zabalik geratzen dira. Hemen udaran fresko egoten zela eta neguan epel, hori ere kontatzen diet, eta festen aurretik paretak zuritzen genituela, karearekin, sukaldeko lurra ezkoztatu egiten genuela, eta lastairak haizatzen genituela makilekin joaz».
Duquek 2006tik kobazuloa zabaltzen du nahi duenarentzat. Txukun jarrita dauka dena; argazkiak, egunkari zatiak, lanabesak... «Hau nire amonaren arreoa zen, ondoko kobazuloa gure aitona-amonena zen. Birraitonak 1850ean egin zuen kobazuloa. Gela guztietan, gurean bezala, gurutzefika egoten zen».
Ondare immateriala
Lodosa babesten zuen harkaitzarrean arrakala bat zabaldu zenean jaitsi ziren herrira herritarrak. Udalak etxe merkeak egin zituen, eta urteekin kobazulo asko erori egin ziren, edo itxi egin zituzten. Kristina Pozo Sevillaren (Lodosa, 1993) amona ere kobazulo batean bizi izan zen. Historialaria penatuta dago ez zuelako haren testigantza jaso, baina gustura egingo luke orain kobazuloen inguruko ikerketa: «Ondare materiala zein immateriala babesteko ikerketa sakona eta zabala egin behar da. Lan eskerga dago egiteko. Testuinguruan jartzea ere inportantea da. Kobazuloetan bizi zirenak oso pobreak ziren, irainak ere jasotzen zituzten, eta gerra garaian zer gertatu zen ere dokumentatu gabe dago».
Pozo bisita gidatuak egiten ibilitakoa da, eta irribarre batekin dio bizimodua zaila bazen ere kobazuloetan bizi izan zirenak samurtasunez akordatzen direla garai haietaz. «Herrira jaitsi zirenean asko eta asko egunero joaten ziren kobazuloa ikustera, asko maite zuten euren kobazuloa».
Plaza txikira bidean hizketan doa historialaria. Anastasini zirkuaren kontakizuna ezin zen falta. «Kuartel militarra bertan zegoen, eta kolpe militarraren egunean bertan eraman zituzten zirkukoak. Batzuk Larragan [Nafarroa] fusilatu zituzten». Egun hartan leizeetan bizi ziren haurrek elefante bat ikusi zuten herrian.