Mendi inguruan dagoen borda bat eraberritu du Antton Alberdi Kopenhageko Unibertsitateko biologo eta ikerlariak. Kanpotik ez dirudi barruan laborategi bat dagoenik, eta, are gutxiago, satitsuekin ikerketa bat egiten ari denik. Baina horretan dabil joan den irailaz geroztik. Horma zuriak ditu barrualdean, gela denak garbi daude, eta, hiru ate hermetiko igaro ondoren, 40 satitsu inguru gordetzen dituen ganbera handi batera iristen da. Isurialde atlantikoko klima baldintzakimitatzen ditu ganbera horrek, eta Alberdik tenperatura aldaketa handiak eragiten dizkie, aldian-aldian. Ikerketa bat egiten ari baita satitsu horiekin: jakitea satitsuek zer gaitasun daukaten klima aldaketari erantzuteko.
Horretarako, gainera, satitsuen hesteetako mikroorganismoak nola aldatzen diren behatzen ari da. Izan ere, Alberdiren hipotesiaren arabera, animaliek klima aldaketara egokitzeko izango duten gaitasuna, hain zuzen, hesteetako mikroorganismoek aldaketarako izango duten ahalmenaren araberakoa izan daiteke. Hau da, satitsuek hesteetan bakterio komunitate berri bat garatuko balute klima baldintza berrira egokitzeko, horrek egoera berrian osasuntsuago egoten lagunduko lieke. Hori horrela ote den ziurtatzeko lanetan ari da mendiko bordan. Egunero joaten da hara satitsuen bilakaera aztertzeko, eta lan horretan laguntzen dio Adam Koziol-ek, Australiako ikerlari laguntzaile batek.
Satitsuekin ari da lanean, baina bi espezierekin. Ikusi nahi baitu bi espezie horietatik zeinek duen gaitasun hobea klima baldintza berrietara egokitzeko. Nork duen gaitasun handiagoa mikroorganismoen komunitatea eraldatzeko. Laborategian egun egiten ari den ikerketa beste handiago baten lehen urratsa baita. Aurrerago egingo duen esperimentuan, klima heze eta hotzeko satitsuak—isurialde atlantikokoak— ingurune lehor eta beroagokoekin alderatu nahi ditu. «Animalien bi populazioak aztertu nahi ditugu, eta biak baldintza lehor eta beroagoetan jarri; klima mediterraneoago hori espero baita ingurune hezeetan hemendik 80 urtera». Ingurune hezeko satitsuak klima lehorrera eramango dituzte, eta animalia populazio horretako erdiei klima lehorrekoak diren animalien hesteetako bakterioak txertatuko dizkiete. «Era horretan, ikusiko dugu nola funtzionatzen duten hobeki animaliek, eta zein egokitzen den hobekien ingurune berrira».
Ikerketaren hurrengo urratsa buruan dauka Alberdik, baina oraindik ez daki non egingo duen, Araban ala Nafarroan. Lurralde bakoitzeko erakundeekin hitz egingo du horretarako. Euskal Herria ingurune egokia baita lan hori egiteko. Izan ere, kilometro gutxian klima oso ezberdinak daude euskal geografian. Isurialde atlantikoan klima hezeagoa dago, eta Araban zein Nafarroan, berriz, lehorragoa. Horregatik dio Alberdik interesgarria dela ikerketa Euskal Herrian egitea, klima ezberdinetara egokitutako animaliak oso distantzia murritzetan topa daitezkeelako.
Basoko satitsuak
Ikerketa horrek badu ohikoa ez den elementu bat, gainera: ez dira laborategietako saguak erabiltzen ari, laborategi inguruko mendietan harrapatutako satitsuak baizik. Sherman tranpa izeneko metalezko kubo luzanga batzuk erabili zituen Alberdik uztailean eta abuztuan bi satitsu espezie horietako aleak harrapatzeko: satitsu arrunta eta baratze satitsua. «Inguruan oso ohikoak diren espezieak dira: biak ala biak hedatuta daude, eta azkar ugaltzen dira, gainera; hala ere, erakundeek ematen dituzten baimenak oso zorrotzak dira, eta ikerketarako erabiliko diren animalia bakoitza non eta noiz harrapatu den zehaztu beharra dago».
Biologoaren arabera, errazagoa izango litzateke laborategietako saguak erosi eta horiekin ikerketa egin izan balu, baina helburua beste bat da: klima baldintzek animalien egokitzapenean zereragin duten jakitea. Eta horretarako naturako egoeran dauden animaliak erabiltzea garrantzitsua dela dio, hesteetako mikroorganismoak inguruneko baldintzen eraginez aldatzen badira ez duelako zentzurik laborategiko saguak erabiltzeak. Animalia horiek naturarekiko guztiz eraldatutako mikroorganismo komunitateak dituztelako hesteetan. «Ikerketarako laborategiko saguak erabiltzeak badu alde on bat: baldintza guztiak kontrolatzen direla, baina kasu honetan garrantzi handia dauka naturako baldintzak errepikatzea». Eta horregatik isurialde atlantikoko mendietan ibili da satitsuak harrapatzen.
Satitsu basati horiek, gainera, naturako baldintzak imitatuz dauzkate laborategian: klima baldintzak erreproduzitzen dituen ganberan plastikozko hainbat kaiola dituzte lurra eta goroldioarekin. «Naturako baldintzetan egonda, nahi du gu animaliek mikroorganismoetarako sarbidea edukitzea, naturan egongo balira bezala egotea». Ganberan tenperatura gorabeherak eragiten dituztenean satitsuek hesteetan duten bakterioen garapena aztertzen dute; baina, horretarako,animalien inguruan dauden elementu guztien bakterioak behatu ditu aurretik Alberdik: kaiolan daukaten lurra, goroldioa eta satitsuei ematen dien ura eta janaria. «Bakterio iturriak kontrolatzen ditugu, eta nondik datozen jakin». Horregatik, tenperatura, hezetasuna eta antzeko klima faktoreak kontrolatuta edukitzean, eta kontaktuan dituzten bakterio iturriak aztertuta, biologoak jakin ahal izango du satitsu bakoitzaren hesteetako mikroorganismo komunitatea aldatu izanak zer-nolako eragina izango duen animaliengan klima aldaketari aurre egiteko orduan. Eta hori guztia naturan izan dezaketen baldintzak erreproduzituta lor dezakete, klima aldaketa simulatzen ari baitira.
Natura ulertzeko ikerketa
Alberdik dio natura ulertzea dela satitsuekin egiten ari den azterketa horren helburu nagusia. Baina gizakietara estrapolatu ahal izango da? «Berez, mikroorganismoen aldatzeko gaitasun horrek oraintxe ez dauka halako lotura zuzenik. Badaude, hala ere, azterdaitezkeen elementuak: aztertu ahal izango da hesteetako mikroorganismoen komunitateak norberaren genoma zenbateraino kontrola dezakeen». Hori aztertzen ari da satitsuekin, eta, ondoren, saguekin ere egingo du halako esperimentu bat: «Saguak eta gizakiok genetikoki oso antzekoak gara, eta identifikatzen baduzu generen batek garrantzia duela hesteetako mikroorganismoak modulatzeko garaian, emaitza interesgarria izango litzateke». Horregatik, zeharka baldin bada ere, gizakietan erabiltzeko aukera izango luke ikerketa horrek.
Baina, finean, natura ulertu nahi dute satitsuekin egiten ari diren esperimentuarekin. «Zehazki, klima aldaketari aurre egiteko orduan, epe luzera izango dugun helburua bada animalia bakoitzaren erantzuna nolakoa izango den zehaztea». Eta horretarako proiektu garrantzitsua izango da. «Animalien eta haien hesteetako mikroorganismoen elkarrekintzak aztertuz, saiatu gaitezke ikusten animalia bakoitzak baldintza ezberdinetan zein erantzun emango duen». Eta zentzu horretan, jakin ahal izango dute klima aldaketaren aurrean zein espezie eta animalia izango diren zaurgarrienak. Hori jakinez gero, etorkizunean zein animaliaren babesa lehenetsi beharko den jakin ahal izango da, eta hori garrantzitsua izan daitekeela dio.
Naturaren eta animalien funtzionamendua ulertu nahi du Alberdik ikerketa honekin; «haien kontserbazioa bermatzeko, zenbaitetan ezinbestekoa da gatibutza esperimentuak egitea». Dioenez, naturan korrelazioak aurki daitezke, baina «kausalitatea normalean ezin da laborategian besterik frogatu». Horregatik babestu du animalien erabilera, etorkizuneko bilakaera nolakoa izango den jakin ahal izango duelako.
Zientzia
Klima aldaketari nola egin aurre
Satitsuek klima aldaketari erantzuteko zer gaitasun duten ikertzen ari da Antton Alberdi, Kopenhageko Unibertsitateko biologoa. Animalien hesteetako mikroorganismoak aztertzen ari da, haren ustez horien arabera egokituko direlako animaliak egoera berrira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu