Fenologiaz saio berezia prestatu du Arantzazuko Parketxeak larunbaterako, martxoaren 15erako. Pello Zabala (Amezketa, Gipuzkoa, 1943) frantziskotar eta meteorologian zein naturan adituak emango ditu azalpenak Lurrari kasu eginez izenburupean. Saioa 10:30ean hasiko da, Arantzazu Parketxean, eta hiru orduko ibilaldia egitea aurreikusten da Parketxearen inguruan. Saioan parte hartzeko izena eman behar da aurrez, 943-78 28 94 telefonora deituta.
Zer da zehazki fenologia?
Urtaroak eta eguraldiaren martxak bizidunetan zein eragin daukan aztertzen duen zientzia da. Hego haizeak pertsonengan eragiten duen moduan, eguraldiak eta urtaroen aldaketak gainontzeko izakiengan eragiten du, eta hori da fenologiak aztertzen duena.
Zer azalduko duzu hitzaldian?
Eguraldi aldaketak azken urteetan zein eragin izan dituen azaldu eta koadernoan apuntatuko ditugu. Esaterako, eguraldi jakin batekin zein txori etortzen diren edo ez diren etortzen aipatuko dugu. Zuhaitzak landuko ditugu, gehien bat: zein zuhaitz hasi den loratzen, noiz hasi den loratzen, loratze hori zenbat egunetakoa izan den. Klima aldaketak asko eragiten die izakiei, eta urtetik urtera era ezberdinean, gainera. Urtez urteko klimaren martxak asko eragiten die zuhaitzei. Esaterako, udazkenean zaparrada handiak eginez gero, badira zuhaitzak segituan adar puntak luzatzen dituztenak, horietako bat intxaurrondoa da. Zuhaitz batzuk klimaren arabera azkarrago mugitzen dira besteak baino.
Eguneroko natura erabilgarritasunaren inguruan ariko zara.
Esaterako, zuhaitz bakoitzaren garaiak aipatuko ditugu. Mota bereko zuhaitzen loratze aldia ezberdina izan daiteke zuhaitz batetik bestera. Nahiz eta mota berekoak izan, hilabeteko aldea izan dezakete loreak ematerakoan. Gizakion modura, zuhaitzek ere beren bizi martxa daukate hostoak ematerakoan. Halako gauzei erreparatzeak afizioa sorrarazten du. Dena dela, politena udazkenean izaten da, hostoak kolorea galtzen hasten direnean.
Hiru orduko ibilbide bat egingo duzue Arantzazuko parkean zehar, zer da ibilbide horretan landuko duzuena?
Azalpen batzuk eman eta gero, ibilaldian zehar gogoan hartzeko moduko gauzak apuntatuz joango gara. Bide batez, ibilaldira etortzen direnen galderak erantzungo ditut. Zuhaitz batzuk aztertuko ditugu, eta horien loratze eta hosto aldiaren inguruan hitz egingo dugu, eta loratzeak eta hosto aldiak noiz egiten dituzten azalduko dugu. Esaterako, Arantzazun oso politak izaten dira elorriak. Elorri zuriak hostotxoak ematen ari dira, eta gero lorea emango dute. Horrez gain, lehen, ia negu guztian loretan izaten zen hurritza. Horiek aztertu eta koadernotan apuntatuko ditugu, urtetik urtera izan dituzten aldaketak ikusiz.
Zein dira saio honen helburu nagusiak?
Naturaz gozatzea da helburua, eta, bide batez, naturarekiko ezagutza, maitasuna eta zaintza sustatzea. Hainbat urtetako datuak biltzen badira, aldaketak izan direla ikusten da. Txorien datuak aztertuz gero, esaterako, ikusten da txoriak lehenago etortzen ari direla urtez urte. Ea etortzen direnek naturari gustua hartzen dioten.
Pello Zabala. Meteorologian eta naturan aditua
«Klima aldaketak asko eragiten die izakiei, eta era ezberdinean, urtetik urtera»
Datuek erakusten dutenez, txori migratzaileak gero eta goizago ari dira Euskal Herrira etortzen urtez urte. Hala azalduko du, behintzat, Pello Zabalak Arantzazun larunbaterako prestatu duen ibilaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu