NASAko eta Washingtongo Unibertsitateko ikertzaileek aste honetan argitaratu duten artikuluen arabera, Antartikako mendebaldeko glaziarrak hasiak dira urtzen, eta egoerak ez du atzera bueltarik. Izotz masa erraldoiak izaki, luze joko du hondamendiak, eta egun Lurrean bizi garenok ez dugu ikusiko. Baina glaziologoak ari dira beste bazter batzuetako glaziar txikiagoetan lehen deskalabruak ikusten. Horietan nabarmenak dira jada klima aldaketaren zantzuak. Horri lotuta, munduko glaziarren inbentarioa aurkeztu berri dute, satelite bidezko irudietatik bildutako datuekin osatua.
Joan den astean Journal of Glaciology aldizkarian argitaratutako artikulu batean eman zuten Randolph Glaziarren Inbentarioa (RGI) izeneko lanaren berri. Antartika eta Groenlandia ez beste toki guztietako glaziarrak zerrendatu dituzte bertan. Glaziar txikiagoak, nolabait esatearren, klima aldaketak aurrena jo dituenak; izan ere, bi poloen inguruetako izotz plaken urtzea beste begi batzuekin aztertu beharreko arazo larria da.
Hala, ia 200.000 glaziarrek osatzen dute munduko inbentarioa. Horien guztizko azalera 730.000 kilometro karratu baino gutxixeago da; Alemaniak, Suitzak eta Poloniak elkarrekin osatzen dutenaren pare. Glaziar guztiok aldi berean urtuko balira, 35 eta 47 cm artean igoko litzateke Lurraren itsas maila.
Besteak beste, AEBetako, Suitzako, Alemaniako, Kanadako eta Norvegiako ikertzaileek egin dute lan elkarrekin proiektu erraldoi honetan. Ibai Rico EHUko glaziologoak ondo ezagutzen ditu horietako batzuk; Tad Pfeffer (Coloradoko Unibertsitatea) proiektu burua, adibidez, irakasle izan zuen iaz lurralde artikoetan egin zuen ikastaro batean. «Hurrengo hamarkadetan glaziar txiki horiek (Patagoniakoak ere badaude tartean) itsas mailaren igoeran izango duten eragina handiagoa izan daiteke Groenlandia edo Antarktikakoena baino, bi horiek dinamika motelagoak daramatzatelako. Inbentarioa izatea beharrezkoa da, etorkizunean itsas maila zenbat igoko den kalkulatu nahi badugu. Munduko kriosferari begira ere, garrantzitsua da glaziarrak neurtuta eta kokalekuak zehaztuta izatea».
Satelite bidez
Pirinioetan eta halako tokietan dauden glaziarrak nahiko txikiak eta iristeko errazak dira, eta airetik ateratako argazkiekin lan egitea ohikoa da halakoetan. Inbentario hau osatzeko, baina, satelite bidez egindako irudietatik abiatu dira; erresoluzio txikiagoa dute, baina edonon dauden glaziarrak identifikatu dituzte.
Ricok azaldu bezala, esaterako, Alpeetan udan ateratako irudi batekin nahiko erraza da begi hutsez erreparatuta glaziar bat bereiztea. Gauzak ez dira beti hain errazak, ordea, baina inbentario hau osatu dutenek puntako teknologia baliatu dute.
«Adibidez, satelitetik ateratako radar argazkiak erabiltzen dira, eta uhinaren arabera, jakin daiteke zer den harria, zer den izotza, zer den elurra, zer den ura... Gainera, askotariko espektroak baliatu dituzte; esaterako, infragorriarekin eta beste espektro batzuekin ere bereiz daitezke glaziarrak. RGIn daukaten beste arazo bat da glaziar batzuk harriek estaltzen dituztela; hori oso normala da Himalaian. Horrelakoetan zaila da neurtzea, baina oraingoz, errore aukera hori kalkuluen barne hartu dute. Dena dela, egin dutena izugarria da. Orain dela 20-30 urte ezingo zen halakorik egin», azaldu du Ricok.
Kopuruak eta azalerak ez ezik, glaziarren bolumenak agertzen dira inbentario horretan. Ricok esan bezala, datu hori optikoki ateratzea zaila da, baina azaleratik abiatuta estimazio nahiko zehatzak egin daitezke: «Matematika formulak aplikatuz atera daiteke izotz bolumena zein den. Edo, adibidez, erliebearen modeloak erabiliz estimatu daiteke bolumenaren zenbatekoa».
Pangea ikerketa taldeko kidea da Rico. EHUko eta Espainiako zenbait unibertsitatetako espezialistek hartzen dute parte bertan, eta haiekin ari da doktore tesia egiten, Pirinioetako glaziarrez eta horiengan klima aldaketa izaten ari den eraginaz. Horrenbestez, gizakiaren esku hartzeak ekarri dituen ondorioen lekuko zuzena da, landa lanean aritzen baita maiz. «Hogeita hamar urteotan munduko glaziarren atzerapena bizkortu egin da. Pirinioetan, azken urteetan neurketak egin ditugunez, orain kuantifikatu dezakegu aldaketa zenbaterainokoa den», dio.
Hogei metro atzerago
Lehen bildutako argazkiekin eta orain eskanerrak eta radarrak eskuan egin duten lanarekin, glaziarrak zenbat atzeratu diren esan dezakete: «Eta bai, izugarrizko aldaketak ikusi ditugu azken lauzpabost urteotan. Adibidez, agian glaziar bat puntu batean zegoen iaz, eta urtebete geroago, hogei metro atzerago dagoela ikusten dugu. Bereziki interesgarriak dira Pirinioetako glaziarrak, oso tamaina txikia dutelako, baina aldi berean oso kalteberak dira klima aldaketarekiko. Europako hegoaldeko glaziar hauek geoadierazle apartak dira».
Glaziarrak dinamismoa galtzen duenean, elurtegi soil baten antza duenean glaziar batena baino gehiago, galtzeko bidean dagoen seinale izaten da. Hori detektatzea da RGI inbentarioaren helburuetako bat, eta horren lekuko izaten ari da Rico Pirinioetan bertan. «Glaziar eta elurtegi baten artean dagoen desberdintasun handiena da lehena mugitu egiten dela, izotza dinamikoa dela. Izotz masak iraun egiten du denboran, baina mugitu ere bai. Goian pilatzen den elur masa izotz bihurtzen da eta aurrera pasatzen da; hor masa transferentzia bat gertatzen da. Elurtegi bat, ordea, iraunkorra den izotz masa txiki bat da, baina muturreko egoeran dago, eta ez da mugitzen jada. Hori ikusten ari gara Pirinioetako glaziar batzuetan», esan du.
Dinamismoaren islarik nabarmenetako bat pitzadurak dira: glaziarrak halako zartatuak baditu, mugitzen ari da, baina ez baditu, elurtegi bihurtzeko gertu dabil. Pirinioetako glaziar txiki batzuk pitzadurarik gabe geratzenari direla dio Ricok: Infiernoko glaziarra, La Paulekoa... Aneto eta Maladetakoa bezalako glaziar handiak ez oraindik, «baina joerari eusten badio, gero eta gehiago bihurtuko dira elurtegi, eta hurrengo hogeita bost urteetan asko desagertuko dira Pirinioetan».
Elurtegia Aralarren
Euskal Herriak ez du tokirik RGI inbentarioan, glaziarrak aspaldi desagertu baitziren hemen. Baina elurtegiak ez dira ezohiko fenomeno bat gurean. Ricok azaldu duen bezala, «elur masak eratzen dira, eta batzuetan urte osoan irauten dute. Joan den urtean, Aralarren izan zen elur masa bat, aurtengo negura arte iraun duena. Baina horiek urtu egiten dira azkenerako».
Azken glaziaziora arte, Pirinioak izotz eremu erraldoi bat ziren; Euskal Herria, tartean. Orain, gurean ez dago halakorik: «Horrek erakusten digu paisaia eta glaziarrak oso azkar aldatzen direla».
Ezarian. Zientzia
Klima aldaketa iragartzen
Munduko glaziarren inbentarioa osatu berri dute, eta baliagarria izango da horien bilakaera aztertzeko eta itsas maila zenbat igo daitekeen kalkulatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu