Teresa Catalan. Konpositorea

«Klasikoek nolabaiteko lehia bidegabea egiten digute»

Musika garaikidea sortzea, zabaltzea eta irakastea: hiru oinarri horien gainean bizi da Catalan. Musika sortzen eta irakaskuntza erabat utzi ezinean dabil orain. Kultura entretenimenduarekin ez nahasteko ohartarazi du: «Jakintzari lotuta dago».

BERRIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Ongi pentsatuta botatzen ditu erantzunak, buruan arakatuta hitz egokiena aurkitu ondoren. Solasaldi lasaia izan da, beraz: presarik gabekoa. Konpositorea eta piano jotzailea da Teresa Catalan (Iruñea, 1951), eta duela bi urte hartu zuen erretiroa musika irakaskuntzan. Musika eta jakintza ditu pasio eta bizibide. Madrilen du etxea, eta sorterrira etortzekoa zen obra bat aurkeztera. Pandemiak ez dio utzi. Beraz, bideo deiak ahalbidetu du elkarrizketa.

6 urterekin musikari izatea erabaki zenuen. Inguruak eraman zintuen horretara?

Inguruak, argi eta garbi. Nafarroako Museoan bizi nintzen, aita atezaina baitzen. Beraz, artez eta artistaz betetako giro magiko batean bizi nintzen, Nafarroako kulturaren mundua han biltzen baitzen. Gogoan dut piano eder bat; aitak ez zidan jotzen uzten. Besaulkien artean ezkutatzen nintzen musikariak aditzeko. 6 urterekin, aitari esan nion musikari izan nahi nuela. Gaur arte.

Nolakoa da museo batean bizitzea?

Zoragarria. Pentsa haur baten iruditerian, hura ikusgarria zen. Denetarik ikusi nuen han: zinema barnetik ezagutu nuen, pertsonaiak ezagutzen nituen... Eta toki pribilegiatuan ginen, San Ferminen horma hobiaren inguruan, zezenak ateratzen diren tokian. Magikoa zen.

Beraz, berehala hasi zinen Iruñeko kontserbatorioan?

Mojetatik Agoitz kalean estreinatu berri zen kontserbatorio berrira jo nuen. Fernando Remacha berreskuratu zuten, bere familiak Tuteran zuen burdindegian erbesteratu baitzen errepublikanoa izateagatik. Zuzendari jarri zuten. Garai erabat aparta izan zen, musikari ikusgarriek bat egin zutelako han: Pilar Baiona, Luis Morondo, Juan Eraso, Luis Taberna... Zortea izan nuen han egonda. Garai hartan Iruñeak musikan indar handia izan zuela aldarrikatu behar da. Kontserbatorio horretara Stockhausen etorri zen, musika elektroakustikoa egiten zen 1960ko urteetan, baina, era berean, Silosko monjeak etortzen ziren kantu gregorianoa egitera.

1960ko eta 1970eko urteetan kultur giroa borborka sumatzen zen Iruñean?

Bai, bai. Pinturan ere bai, Iruñeko eskolarekin; margolari horiek guziek indar handia zuten. Gero 1972ko topaketak izan genituen: mundu mailako ekitaldi bat, esanen nuke. Egoitzetako bat Nafarroako Museoa zen, eta horrek egundoko eragina izan zuen nigan. Etxeko atetik nazioarteko abangoardia sartu zitzaigun; han ikusi nuen John Cage, adibidez.

Hamarkada bat geroago sortu zenuten konpositoreen Iruñeko Taldea. Nola sortu zen?

1982an Nafarroako Jaialdien zuzendaria nintzen, eta, 1972ko bidetik, berriz ere lehen lerroan zirenak ekarri nahi izan nituen Iruñera. 1951ko belaunaldiko pertsona garrantzitsuenetako bat nafarra zen: Agustin Gonzalez Acilu. Horrek jarraipena behar zuen, eta kontserbatorioan ikastaroak emateko diru laguntza eskatu nion diputazioari. Acilu eta Ramon Barce etortzen ziren irakasle. Testuinguru horretan elkartu ginen Javi Larrañaga, Koldo Pastor, Vicente Egea, Jaime Berrades eta ni neu. Hasieran ez genuen taldea sortzeko asmorik, baina eztabaida, hausnarketa eta hazkuntza intelektual, musikal eta pertsonal bat bihurtu zen gure elkarlana.

Elkartea osaturik, zein izan ziren zuen lanak eta helburuak?

Oso argi genuen hiru alor jorratu nahi genituela: sorkuntza, irakaskuntza eta zabalkundea. Sorkuntza peto-petoa. Obra kolektiboak sortzeko ausardia ere izan genuen, eta hori oso zaila da, sormen askatasuna mugatzen baita. Zabalkundeari dagokionez, kontzertuak, hitzaldiak… denetarik antolatu genuen. Euskal musika berriari buruzko jardunaldiak egin genituen Donostian, Iruñean... Eta irakaskuntzan, kontserbatorio askotara jo genuen. Ikasleentzako obrak ere sortu genituen testuinguru horretan. Iruñeko Taldeak ibilbidea egin zuen, baina taldekideak banatuz joan ginen.

Konposizioa ikastea ez da erabakirik arruntena. Zerk eraman zintuen horretara?

Pianozale amorratua nintzen, ezinbestekoa zen niretzat. Piano jole gisa, neure buruari galderak egiten hasi nintzaion. Partiturei so, pentsatzen nuen zergatik zen horrela eta ez bestela. Inork galdera bat egiten duenean, inplizituki agertzen zaio erantzuna aurkitzeko bidea. Argi ikusi nuen bidea: sortzea, konposatzea. Jatorrizkoa azken ondorioetaraino ulertu behar nuen.

Zer aurkitu zenuen?

Muturrez aurrera mundu oso konplexua aurkitu nuen. Konplexua bere horretan, zaila baita komunikatzeko eta sentimenduak pizteko gai den objektu bat ezerezetik sortzea. Baina oso konplexua soziologikoki ere, ez baitzen emakumerik nire inguruan, ez nuen eredurik. Egon ziren: Nafarroan, adibidez, Emiliana Zubeldia eredu loriatsu bat zen, baina ez zen ezagutzen. Ez zen batere erraza izan: kristalezko sabaia; lana, esfortzua eta talentua bi edo hiru aldiz gehiago demostratu beharra... 1990ean, [Espainiako] nazio mailako oposizioak gainditu nituen, lehenbiziko emakumea izan nintzen. Oso harro nago, batez ere hesiak hautsi zirelako.

Zubeldia bere garaian izan zitekeen bezala, orain Catalan izan daiteke eredu?

Ez dakit. Zorionez, orain emakume askoz gehiago ezagutzen ditugu, eta ez bakarrik lehen lerroan gaudenak. Historian emakume sortzaile asko egon dira, baina historia badakigu nork idazten duen. Orain beste manera batez kontatzen da, emakumeok ere kontatzen dugulako; baina bada biderik jorratzeko. Asko eta asko izan gara, baina isildu gaituzte; garai batzuetan, emakumeen obrak haien senarrek, anaiek edo aitek sinatzen zituzten.

Sienan ere ikasi zenuen. Garrantzitsua izan zen Iruñetik kanpora ateratzea?

Garai hartan ez zen ohikoa, baina baziren kultuzko toki batzuk. Iruñearen gisako toki txiki batetik atera nahi nuen, mugak ireki eta mundua ezagutzeko. Gero konturatu nintzen ez nuela deus berezirik aurkitu. Iruñean, zer nahi nuen ikasi nuen, eta Iruñetik kanpo, zer egin nahi ez nuen ikasi nuen. Ez nituen agindu zizkiguten paradisuak aurkitu.

Duela hiru urte, Espainiako Musika Saria jaso zenuen. Zer eragin izan zuen horrek?

Sari bat zerbait kontingentea da. Gertakari bat da, baina ez da helburu bat, ezta ezeren bukaera ere. Ongi dago. Baina badu beste eragin bat: ni izan naiz sari hori jaso duen hirugarren emakumea. Lehenbizikoa nire ikaslea izan zen. Normalizazio horrek pozten nau.

Nola egiten duzu lan? Nola sortzen duzu ezerezetik objektu bat?

[Tarte bat hartu du]. Lehenbizi, pentsamendu bat sortu behar duzu zure barrenean ezagutzen ez duzun txoko hori bilatzeko. Hau da, daukazun guzia da deus ere ez. Ezjakintasun egoera etengabe bati egin behar diozu aurre. Konposatzen dudanean egiten dudana da paperean notak paratu, hau da, kaligrafia, baina ez dakit azkenean nik nahi dudan bezala adituko den. Ezinegona, ezjakintasuna... borroka horri esker zehazten da pixkanaka sortzen ari den objektu bat; haren izaera osatuz doa, eta errespetatu behar duzu. Ama batek semea duenean bezala, bere osotasunera ailegatu dadin ezin duzu baldintzatu. Harekin bizi behar duzu. Hori guzia noraezean egiten duzu. Ez dakit beste modu batera azaltzen. Sorkuntza ez da burutazio bat, nahiz eta hori izan daitekeen abiapuntua. Esanahi maila ezberdinak dituen objektu bat da; beraz, prozesu intelektual oso sakona da, teknikoki ez ezik intelektualki ere oso ongi eraikia egon behar duena. Ezinegon horrek bizitza biziagoa egiten du.

Sortutakoa aditzeko uneari nola egiten diozu aurre?

Une hori da giltzarria; ez estreinaldiarena, baizik eta lehenbiziko entseguarena. Momentu horretan zaude izuturik, estuturik, izerditan, kezkaturik... Gainera, interpretatzailearen bitartekaritza ere hor dago. Soilik zuk dakizu hori ote zen buruan zenuena.

Segurtasuna bide okerra da?

Konposiziora zalantzek eraman ninduten; zalantzarik ez izatea erabat zentzugabea litzateke. Segurtasunak gauzen heriotza dakar. Beti bilatu behar da; sineste sendo batera ailegatu zarela seguru bazaude, berritu ezazu. Hori da sortzaile baten helburua: berritzeko etengabeko pasioa, galdetzekoa, bilatzekoa. Ziur dagoenak edo ez du anbizio intelektual handirik edo ez daki zertaz ari den.

Musika bizia aldarrikatu ohi duzu. Zer garrantzi du?

Gauza asko daude. Musika entzun eta ikusi egiten da. Taldea ikusten duzunean, gauza gehiago entzuten dituzu. Ikuspegi horretatik, zuzeneko musikak ez du parekorik. Gero beste kontu bat dago: klasikoek nolabaiteko lehia bidegabea egiten digute. Norbaitek obra ezagutzen badu Beethovenen bederatzigarrena, adibidez, oroitzapen on batera itzultzen da. Kasu horretan, ikusleak ez du inolako ahaleginik egin behar: eseri eta gozatu. Ez dago galderarik; ezagutzen duena berresten du, besterik ez. Egile garaikide batek, baina, ikuslea urduritzen du, ez baitaki zer adituko duen, gustatzen ote zaion... Horrek tentsio konplikatua sortzen du bizi dugun garaiaren eta sortzailearen proposamenaren artean. Horregatik da garrantzitsuainteresa duen jendea musika garaikidera gerturatzea.

Kultura entretenimendu huts gisa hartzen da? Konfinamenduan, adibidez, denbora-pasatzat aurkeztu da askotan.

Bai, hori da garai honen akatsik handiena, eta garai hau markatuko duena: kultura aisialdiarekin nahastea. Posible da kulturarekin entretenitzea, baina kultura, berez, ez da entretenimendua: jakintzarekin lotuta dagoen proposamen bat da. Hori arazo handia da, hezkuntza alde batera utzi baita. Ez gaituzte hezten gizakion historiaren hazkuntzaren garapenaren ezagutzan. Galdetu beharko genuke gure eboluzioaren zer puntutan gauden eta zer egin nahi dugun gure etorkizunarekin. Ezin dugu ehun urte barru tradizio izanen dena lurperatu. Ez dugu Beethovenen bederatzigarrenaren gaur egungo baliokidea bilatzen, ez dugulako kultura ezagutzatzat hartzen, denbora pasatzera eseri garelako.

Horregatik eskaini diozu hainbeste urte irakaskuntzari?

Noski. Ezagutzaren transmisioa ezagutza bera bezain garrantzitsua da. Hurrengo belaunaldiak ezin ditugu ispilurik gabe utzi. Beren burua hor ezagut dezaten erakutsi behar diegu, eta, belaunaldi berriak diren heinean, gauza berriak egin ditzaten, aurrekoa ezagutuz, hutsegite berberak egin ez ditzaten. Ezin dugu kulturaren eta ezagutzaren garapena gelditu. Kultura zibilizazioa da, eta zibilizaziori esker dago komunikazioa eta elkarbizitza. Borroka horiek horrela ulertu behar ditugu, edo galduta gaude.

Erretiroa hartua duzu. Orain zertan ari zara?

Sortzen ari naiz, nahiz eta bizi dugun egoera lazgarri honek atsekabetu eta geldiarazi egin nauen. Bestalde, ez dut irakaskuntza erabat bazter utzi: doktoretza tesiak zuzentzen ari naiz. Doktoregaiek irakurtzera behartzen naute, eguneraturik egotera eta gazteekin harremana izatera. Ez dut erabat utzi, irakaskuntza uztea ikasteari uztea baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.