Azalen aniztasunak homogeneo bilakatu du Getxoko (Bizkaia) Komiki Azokako postuetako eskaintza, kasik nahasteraino askotariko formak, koloreak eta tipografiak. Baina, hala ere, komikiak leitzen ez dituen irakurzale bati lehen kolpean egin zaio ezagun Marjane Satrapiren Persepolis-eko emakume zuri-beltza (Elkar, 2023; Irene Arrarats Lizeagak euskaratua). Eta ikusiak zituen lehendik ere Art Spiegelmanen Maus (Astiberri, 2022; Julen Gabiriak itzulia) eta Joe Saccoren Palestina (Astiberri, 2023; Gabiriaren itzulpena), tituluokin topo egin aurretik argitaletxearen erakustokian.
Amuak balira legez. «Komikiak irakurtzen ez dituztenek ere erosi egiten dituzte», esplikatu du Astiberriko Bego Taranconek. Azken urteetan «ahalegin handia» egin dutela esan du zenbait klasiko eta bestseller euskaratzeko, eta harro iragarri du laster Corto Maltese ere euskaraz irakurri ahal izango dela.
Elkar dendetan ere nabari dute ezaguna den horren bila ibiltzen direla erosleak. Joseba Agirrek uste du Maus eta Persepolis bezalako mugarriak euskarara ekarri izanak euskal komikiari hauspoa eman diola. «Duela hiruzpalau urtetik hona, apurka-apurka igotzen ari da komikien ekoizpena», kontatu du, eta agerikoa da joera horren emaitza Elkarren mahaian: euskaraz topatu litezke hala itzulpenak —Paco Rocaren pare bat nobedade, besteak beste—, nola jatorrian euskaraz ondutakoak —Tupust kolektiboaren hirugarren alea, edo Juan Suarezen eta Pello Varelaren Mo (Pamiela, 2024), Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak eleberriaren egokitzapena—.
Japoniarrak euskaraz
Ez da helduen afizioa soilik, dena den. Agirreren esanetan, haurrentzako eta gazteentzako komikia ere goranzko joera betean dago; batez ere, manga. Harriet argitaletxearenean, mahaiaren zati handi bat hartzen dute. Komikiak argitaratzen hasi ziren orain dela bederatzi urte, baina eskaintzan hutsune bat atzeman zuten, Gregorio Muro jabeak onartu duenez. «Ez zegoen manga euskaraz. Gazteek manga mordoa irakurtzen zuten, baina gaztelaniaz». 2022ko Durangoko Azokarako atera zuten lehen alea, Cube Arts 1, eta orain formatu japoniarra da argitaletxearen lehentasuna. «Urtean, lau-bost komiki argitaratzen ditugu, eta hamar bat manga. Hainbeste manga daude liburu dendetan, ezen, euskarazkoek ikusgaitasuna izan dezaten, hainbat egon behar baitira».
Mangak ere baditu bere klasikoak, baina horien euskarazko bertsioak oraindik ez daude komiki azokako mahaietan. One Piece, Naruto eta Dragoi Bola aipatu ditu Murok, egunen batean euskaratu ahal izango dituzten itxaropenarekin. «Konplikatua» dela onartu du, halere, argitaletxe handi batek baititu haien eskubideak. «One Piece-k, adibidez, bostehun milioi ale baino gehiago saldu ditu; beraz, eskubideen truke eskatuko diguten dirua ezin izango dugu ordaindu, seguruenik».