Ikusmin ikaragarriarekin eta Donostiako Piratek goizetik gauera arte antolatutako Edozer Dugu Posible egunaren arrakasta are nabarmenagoa eginez, Manu Chaok dantzan jarri zituen atzo gauean Zurriolako hondartza txiki utzi zuten milaka lagunak. 22:30ak puntuan igo zen kantaria agertokira Mano Negraren garaietako lagunez osatutako taldearekin, eta jendetza «Gabon piratak» eta «Gabon Donostia» ohikatuz agurtuta, Mr. Bobby kantuarekin hasi zuen gauerdiaz harago luzatuko zen kontzertua. Gitarra akustikoa eskutan, alde batera eta bestera jauzi eginez, eta jendea dantzaraziz.
Kontzertu hasiera etenik gabekoa izan zen. Erritmo bizia inoiz utzi gabe, Se fuerza la maquina eta Dia luna...dia pena uztartu zituen eta Por el suelo nahiz Tadiboteira etorri ziren ondoren. Denak hasieran kontzertuari emandako abiada berean. Bizi-bizi. Hasiera horren ostean, aldiz, Palestinaren aldeko aldarrikapena iritsi zen Zurriolara. Oholtzara igo zen emakume batek Israel Gazan eta Zisjordanian ezartzen ari den apartheid eta errepresioa salatu zituen, eta Palestinaren nahiz Sahararen aldeko aldarrikapenen artean jo zuten Chaok eta lagunek Clandestino, hainbat herritan jazarriak izan direnen herritarrak gogora ekarriz.
Diskoa estreinatu
Ikusleak bereganatuta zituela, musikariak bere bakarkako ibilbideko nahiz Mano Negrarekin grabatutako diskoetara jo zuen handik aurrera, eta ez ziren falta izan bere kantutegiko pieza esanguratsuak: La vida tombola, La primavera -Palestinari berriro erreferentzia eginez-, Mala vida...
Manu Chao izan zen Donostiako Piratek antolatutako jai egunaren protagonista nagusia; ez ordea, bakarra. 19:00ak pasa zirela eta euriaren mehatxupean ekin zion Selektah Stepik, hip-hop eta dub doinu eta erritmoekin, eta Tania de Sousak, bere aldetik, bere lehenengo diskoa izango denaren kantuak aletu zituen. Laukote formazioarekin -Fermin Bouza (gitarra), Maitane Alonso (baxua) eta Ander del Sol (bateria)-, popetik eta rocketik intentsitatez edaten duen proposamena taularatu zuen kantari zestoarrak, Zuloak proiektuarekin erakutsitako zuzeneko jarrerari eutsiz, baina ñabardurez josiz. Hasieran haize bolada handiek emanaldia zapuz zezaketela ematen bazuen ere, bere saioaren amaierarako zerua garbitu eta hodei beltzak desagertzen joan ziren. Bere egitasmoa aurkezteko ematen zuen estreinako kontzertua zuen atzokoa De Sousak eta ez zuen aukera galdu.
Zuloak proiektuko kantari izandakoak giroa berotu ostean, Skakeitan taldeak gori-gori jarri zuen Zurriola osoa. Ordurako hondartza oso betea zegoen, eta Donostiako zazpikoteak dantzan eta kantuan jarri zituen lehenengo lerroetan ez ezik, atzerago zeudenak ere. Ska-punk doinuei tiraka, eta frontman ikusgarri batekin (Pello Armendariz), Skakeitanek Mikel Laboari eskaini zion kantu bat (Gure hitzak), Bataplan dantzalekua erretzeaz aritu zen, Piraten kantua jo zuen eta Arnasestuka dabiltzanak ere ekarri zituen gogora. Publikoaren gozamenerako, kantaria txalupa puzgarri batera igo eta jende artean aritu zen CDak banatzen. Ikuskizun erabatekoa gaueko izarra Zurriolako oholtzara igo baino lehen.
Klandestinoa eta pirata
Manu Chaok kontzertu arrakastatsua eskaini du Donostian, Piratek antolatutako Edozer Dugu Posible egunari amaiera emanez.Bere ibilbide osoko kantuak berreskuratu ditu emanaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu