Kirolean bidelagun direnak...

Kirolariak aholkatzea, motibatzea, zuzentzea... Hori da, besteak beste, entrenatzaile pertsonalen lana. Bezero bakoitzak zerbitzu pertsonalizatua jasotzen du bere osasun fisikoa eta mentala optimizatzeko.

Aitor Vazquez, bezeroekin egiten duen ariketa bat egiten. BERRIA
Aitor Vazquez, bezeroekin egiten duen ariketa bat egiten. BERRIA
unai etxenausia
2024ko ekainaren 6a
05:00
Entzun

Entrenamendu pertsonal batek bezeroaren beharretara eta helburuetara egokitutako entrenamendu plangintza baten diseinua du. Ordea, faktore asko sartzen dira oinarrizko definizio horren barruan. Hala, entrenatzaile pertsonalak bezeroen egoera fisikoa aztertzen du lehenbizi, eta egoera fisikoa eta osasuna hobetzeko helburuak ituntzen ditu denbora esparru baterako. Hala, entrenamenduaren eta nutrizio jarraibideen bidez lortutako emaitzak baloratuko dira. Helburuak lortzeko, entrenatzaile pertsonalak bezeroaren egoera fisikora eta lortu nahi dituen helburuetara egokitutako entrenamendu programa bat diseinatzen du.

Entrenamendu pertsonala edota entrenatzaile pertsonalaren figura ez daude araututa AEB Ameriketako Estatu Batuetan eta beste herrialde batzuetan, baina bai Euskal Herrian. Horregatik, askotariko prestakuntza duten profesionalak aurki daitezke gurean. Izan ere, kirol diziplinetako entrenatzaile pertsonalak era askotakoak dira. Adin desberdinetako emakume eta gizonak dira, eta denek dute kirolerako eta osasunerako grina.

Miguel Angel Arcos eta Aitor Vazquez entrenatzaileak dira. Beti argi izan zuten bizitza eta lana kirolari lotuta egongo zirela oro har, eta elkarrekin egiten dute lan gaur egun. Arcos da beteranoa, eta, beraz, esperientzia eta bezeroak nola lagundu da haren berezitasuna. Izan ere, «ez da entrenatzea bakarrik: «ondo entrenatzea» da garrantzitsuena, eta jakin egin behar da horretarako, nabarmendu du Arcosek: «Ariketa fisikoa dosi egokian preskribatu behar da, haren onurak maximizatzeko eta izan daitezkeen albo ondorio kaltegarriak minimizatzeko. Askotarikoak izaten dira bezeroak, eta nola entrenatu erakutsi behar zaie; haien beharretara egokitu».

PXL 20240530 082012355 entrenatzen. BERRIA
Vazquez, entrenatzen. BERRIA

Duela urte erdi inguru hasi zen lanean Vazquez, baina ondo ezagutzen ditu gaur egungo joerak eta kirol teknika berriak. «Eboluzionatuz doa kirola eta gure lana, eta bezero bakoitzaren beharrak ezagutu behar dira. Ez da berdin tratatu behar gazte bat edo adineko bat; kirol bat ala bestea… Pasioa transmititzea da garrantzitsua, entrenatzen erakustea», azaldu du Vazquezek.

Bien iritziz, «ez da hain erraza ondo entrenatzea», eta ez da gomendagarria norberaren konturako jarduera fisikoa egiten hastea, batez ere aurretik kirol jakin bat inoiz egin ez bada edo teknika egokia nola egin jakin gabe. «Zergatik?», azaldu du Arcosek: «Gure lana uste baino garrantzitsuagoa da, hasieran behintzat. Ez dira espero diren helburuak lortuko, pertsona zapuztu egin daiteke eta amore eman, eta are okerrago, kirol lesio beldurgarriak jasan ditzake».

Entrenatzaile bakoitza, gainera, arlo ezberdin batean egon daiteke espezializatua. Hala nola muskulazioan, yogan, pilatesean, luzamenduetan, lasterketetan, triatloian, fitnessean, arte martzialetan, kirol kolektiboetan, errehabilitazioan… «Kirol bakoitzak, hasieran behintzat, oinarrizko kontzeptuak azalduko dituen figura bat behar du. Nola jo bolari, nola mugitu besoak… ezberdintasuna dago hori jakin ala ez», esplikatu du Vazquezek. Hark, esaterako, ongi eta modu seguruan korrika nola egin irakasten die bezero askori.

Zertarako entrenatzailea?

Ane Alonso entrenatzaile pertsonala behar zuela konturatu zen. 27 urteko gaztea da Alonso, eta duela urte batzuk piztu zitzaion lasterketetan parte hartzeko grina. Hasieran, plan jakinik gabe korrika egitera irtetea zen haren entrenamendua, naturaz eta esfortzuaren erronkaz gozatuz. Hala ere, laster konturatu zen haren errendimendua hobetzeko eta lesiorik ez izateko «gidari profesional» bat behar zuela. Txindoki mendira (Gipuzkoa) igotzeko lasterketa egin ondoren izan zen hori.

Ane Alonso, mendi lasterketa batean. BERRIA
Ane Alonso, mendi lasterketa batean. BERRIA

«Mendian korrika hasi nintzen gustatzen zitzaidalako, baina konturatu nintzen ez neukala hobekuntza nabarmenik. Hobetu nahi banuen entrenatzaile baten laguntza behar nuela jabetu nintzen. Beraz, entrenatzaile batekin hasi nintzen lanean», azaldu du Alonsok. Ordutik, hobeto egituratzen du entrenamendua, eta teknika hobetzen laguntzen diote. Are, entrenamendu ezberdinak prestatzen dizkio entrenatzaileak, dagokion erronkaren arabera.

Orientazio eta motibazio etengabeari esker, lehengo oztopoak gainditzea lortu zuen. «Nire entrenatzaileak ez dit ariketa plan bat bakarrik eman: behar bezala elikatzen eta pentsamolde positibo bat mantentzen ere irakatsi zidan. Nire errendimenduan eta ongizate orokorrean hobekuntza nabarmena sentitzen dut», eskertu du Alonsok.

Denentzat

Pandemiaren ondorioz, orokorrean pertsonek inplikazio handiagoa izan dute jarduera fisikoarekin, uste du Arcosek. «Jendeak ulertu zuen oso garrantzitsua zela jarduera fisikoa, ulertu zuen garrantzitsua zela sektoreko profesionalekin lan egitea». Halere, online entrenamenduak jarri dira modan.

Agian baliagarriak izan daitezkeela uste dute, baina bezero eta entrenatzaileek aurrez aurre duten elkarreraginaren garrantzia azpimarratu dute biek. «Aurrez aurreko entrenamenduak badu beste dimentsio bat. Bezero baten teknika gertutik behatzeko. Saio presentzial batean sortzen diren energia eta motibazioa paregabeak dira, eta bezeroa zuzendu ahal dut gaizki ari denetan. Etxean badago, ezin dut ikusi eta zuzendu», esan du Vazquezek. Horregatik, hain justu, aurrez aurreko saioak bakarrik eskaintzen dituzte.

Gorakadaren beste arrazoietako bat eskuragarritasuna da. Lehen eliteko atletentzat edo ospetsuentzat gordetako luxutzat jotze zirenak «demokratizatu egin dira», eta orain biztanleriaren zati handiago baten esku daude. «Duela urte batzuk, entrenatzaile pertsonal bat kontratatzea ez zegoen guztien esku, eta badakigu gaur egun ere ez dela hala. Baina jende gehiagok kontratatu dezake bat, prezioa saioko 20-30 euro ingurukoa baita gurean. Ez da merkea, baina ez da eguneroko gauza bat; astean behin ala birritan etortzen da jendea», azaldu du Arcosek.

Norberak nahi duenerako eskatzen du entrenatzailea, gainera. «Batzuek kirola gustatzen zaielako hartzen dute entrenatzailea; beste batzuek, berriz, kirola egitea gustatzen ez zaielako eta diziplina behar dutelako; eta badaude fisikoki behar dutenak», azaldu dute entrenatzaileek. Dena den, argi utzi du Arcosek: «Hemen ez dago miraririk, laguntza besterik ez dugu ematen. Ez gara coach-ak: kirola nola egin erakusten diegu, errutinak, baina bezeroaren diziplina eta borondatea da garrantzitsuena».

Alonsorentzat, entrenatzailearen eta bezeroaren arteko harremana da garrantzitsuena «aurrera egiteko». Entrenatzaileak ematen dion gertutasuna eta babes emozionala eskertzen du gehien. «Oso prozesu pertsonala da, eta zure erronkak ulertuko dituen eta aurrera egitera bultzatuko zaituen norbait izatea alde handia da. Nire entrenatzailea konfiantzazko figura bihurtu da: gai fisikoetarako ez ezik emozionaletarako ere lagun izan dezakedan norbait».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.