Ezarian. Argizaiola saria

Kirolarien indarra

Carlos de Cos argazkilariak irabazi du Argizaiola saria, indarrez beteriko kiroletako argazki batekinAurtengo deialdian, 29 argazkilarik parte hartu dute; guztira, 201 irudi lehiatu dira

Berdea. EVA FERNANDEZ.
2013ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Triatloia egiteko prest dagoen kirolari taldea. Abiatzeko pronto. Horixe da aurtengo Argizaiola saria irabazi duen argazkiak erakusten duena. Egilea, berriz, Carlos de Cos soraluzetarra da. Bi accessit edo kontsolamenduzko sari ere eman dituzte: Miguel Cabezas eta Luis Pontijas argazkilariei.

Aparteko indarra dauka De Cosen argazkiak, eta, horregatik, epaileek ez dute zalantzarik izan hura aukeratzerakoan. Aurten, 29 argazkilari aurkeztu dira, guztira 201 irudi. Epaimahaia iazko irabazleak eta bi argazkilari profesionalek osatu dute. Lehiaketaren irabazleak garaikur bat eta 600 euro jaso ditu. Accesiten irabazle bakoitzak 200 euro jaso ditu.

Argazki irabazleak ez dauka teknikoki aparteko misteriorik, ezta editaian ere. Hala ere, kazetaritza sena erakusten du, momentu eta toki jakin batean jaurtitako flasha eta harrapatutako irudia erakusten baititu. Haatik, gaur egun aurkezten diren argazkiek —hala erakusten dute bi accesitek— teknologia berrien eragina dute; horrek dena aldatu du: lan egiteko era, egitura, teknika...

Hala, argi jokoak, photoshopen eragina eta esperimentu bitxiak ikus daitezke. Juan Armentia Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko lehendakariak dioenez, «hasieran zuri-beltzezko argazki asko zegoen, paper baritatuan batik bat. Gero, kolore bizien teknika nagusitu zen, saturazio handiak erabiliz. Gaur egun, %95 baino gehiago teknika digitalez hartua eta editatua izaten da».

Gaien aldetik, aniztasun handiagoa dago, lehiaketa librea baita eta urteen poderioz lehiaketak ere ospea hartu baitu, beraz, jendeak asko zaintzen du zer bidaltzen duen. Gainera, Armentiak esan duenez, «epaimahaiak normalean ez ditu teknika edo kalitatea saritzen, gustu ona baizik». Urtero, sariketaren ondoren, erakusketa ibiltaria egiten dute, 30 bat argazkirekin. Euskal Herri osora eramaten dute, baita kanpora ere —joan den urtean, adibidez, Katalunian izan ziren—. Gainera, aurten irabazle eta finalistak erakusketaren aurkezpenean egongo dira urrian, eta haien lana erakutsi eta hitzaldi txiki bat emango dute.

Argizaiola lehiaketa 1970eko hamarkadan sortu zen, argazkilaritza alorrean harremanak sendotzearen ondorioz. Informazioa eta esperientzia trukatzearen poderioz, 1973an, Altsasuko Alaska hotelean, orduan Ipar Euskal Herrian zeuden argazkizaleen talde batzuen artean sortu zuten.

Euskal Herri osoko txapelketa formatua izan zuen, hau da, zenbait lehiaketatan aukeratutako argazkien lehiaketa zen. Garai hartan, lehiaketa hauek parte hartzen zuten —eta sailkatzeko baliagarriak ziren—: Gasteizko San Prudentzioko lehiaketa, Donostiako Rocaverdeko markesaren memoriala, Iruñeko Nicolas Ardanaz memoriala eta Bizkaiko Hamabostaldia. Beraz, hasieran, lau elkarte baizik ez zeuden, txapelketa haietan irabazi zuten argazkietatik bat aukeratu eta Argizaiola ematen zitzaion. Formatu horrek urteak iraun zituen, baina geroago geldiune bat egon zen, eta urte batzuetan ez zen egin.

2000. urtean berreskuratu zuten gutxi gorabehera Argizaiola txapelketa egiteko ohitura. Hain zuzen ere, Juan Armentia Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko lehendakari izendatu zutenean. «Urte hartan elkarteak babesten dituen lehiaketa guztietako irabazleak gonbidatu genituen, eta, noski, duela urte batzuk baino askoz gehiago ziren, bai lehiaketak bai parte hartzaileak», adierazi du lehiaketa berreskuratzeari dagokionez.

Gaur egun, argazkilariak irabazi duen lehiaketa elkarteak babestua izan behar du sailkatu ahal izateko eta argazkilariak Euskal Herrian bizi behar du, horiek dira bi baldintzak. Gainera, sailkatzeko balio duten lehiaketak hamabi dira gaur egun, horien artean kirol edota paisaia argazkilaritza lehiaketak daude. «Jende askok uste duenaren kontra, ez da bakarrik elkarteko argazkilarientzako lehiaketa bat, baizik eta elkarteko lehiaketen irabazleentzat», azaldu du Armentiak, «lehiaketen lehiaketa baten modukoa da, Euskal Herriko txapelketatzat har daiteke», gehitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.