Aspalditik ezagutzen dute elkar. Haien bizitza profesionalean leku askotan egin dute topo Joseba Belokik eta Martin Fizek, eta lagunak bilakatu dira. Lazkaon (Gipuzkoa) sortu arren, Gasteiz du bizileku Belokik, eta Fiz du auzokide. Bizilagun eta laguna izateaz gain, entrenatzeko adiskide eta entrenatzaile ere badugasteiztarra. Izan ere, Behobia-Donostia lasterketa batera prestatu dute, eta parte hartzeko gogo biziz daudela erraz antzeman dakieke.
2007an bizikletatik jaitsi eta goi mailako kirola egiteari utzi zion Belokik. Halere, ez du kirola alde batera utzi, eta txirrindularitza egiten jarraitzeaz gain korrika ere badabil. Uda partean bizikletan aritu ondoren, korrika egitea dagokio orain. Otsail bukaeran Sevillako (Espainia) maratoia egiteko asmoa du, Martin Fizekin batera, eta ongi datorkio Behobia-Donostia proba hori prestatzeko. Prestakuntzaz harago, oso gustuko du lasterketa berezi horretan parte hartzea. «Behobiako festa horretan egotea oso polita da».
Fizek profesionalki korri egiteari 2001ean utzi zion, baina ez du inoiz kirola bazterrean utzi. «Nire zaletasuna lanbidea bihurtu zen, gero berriro ere zaletasuna bihurtzeko». Astebururo parte hartu ohi du lasterketa batean.
Aspalditik ezagutzen du Behobia-Donostia Belokik, eta gustuko izan du betidanik. «Profesionaletan geundenean ere gure lagunak ikustera joaten ginen», dio. Txirrindulariak argi du zein den lasterketaren xarma nagusia: «Alpeetan eta Pirinioetan txirrindulari gisa sentitu dudana, jendeen animo artean joate hori, Behobian ere sentitu dut. Zaleen arteko giro paregabea dago. Lehenengo korrikalariak zein azkenak itxaroten dituzte bide bazterrean». Batez ere, Gaintxurizketa eta Mirakruzko igoeretan sentitu duela dio Tourrean bizitako giroaren antzekotasuna. Mirakruzko igoera hori da lasterketako punturik politena, Belokiren iritziz. «Xarma berezia du. Handik pasatu nintzen lehenengo aldian Donostiako Klasikoan nengoela sentitu nuen». Halere, Behobiatik Donostiarako errepide guztian zehar zaleak daudela gogoratu du, eta lasterketak Euskal Herritik kanpo oso irudi ona duela dio. «Lasterketako giroak hurrengo urtean ere berriz lehiatu beharra sortzen du».
Lagunak esandakoarekin erabat ados dago Fiz. Lasterketa «izugarria» dela dio. «Jende orori gomendatzen diot; batez ere, lasterkari eta ikusleen artean dagoen giroarengatik». Lasterketako ibilbidea «bereziki polita» ez dela iritzi du Fizek. «Giroan dago, dudarik gabe, lasterketaren edertasuna. Parte hartu behar duten pertsonek eta, batez ere, ikusleek egiten dute lasterketa berezia». Halere, Fizek gustuko du ibilbidea, aldaketa handiak dituelako. «Aldapak igo eta jaistea ondo dagokio nire lasterka egiteko erari». Profesional izandako garaian inoiz ez du Behobia-Donostia lasterketan parte hartu. Afizionatu garaietan izan du horretarako aukera; profesional izan aurretik, baita ondoren ere.
Goi mailako kirolean urte dezente aritutakoak dira biak, eta lehiakortasuna odolean daramate. Behar berezi bat sentitzen dute euren zaletasuna praktikatzean: erronkak gainditu ahala euren buruari berriak jartzea. «Eliteko kirola praktikatu dugunok horrelakoxeak gara. Goian ikus gaitzaten nahi dugu beti», laburbildu du Fizek.
Belokik Donostiako Bulebarreko helmuga 1.18 minutu baino gutxiagoan gurutzatzea espero du. «Nire entrenamenduak horretara bideratu ditut. Ez dut errepikatu nahi lehen gertatu ohi zitzaidana: fuerte hasten nintzen, erdi parte horretan ito egiten nintzen, eta gero ezin bukatu». Orain, erritmoak kontrolatzen ikasi du, eta, ongi bidean, marka hori hautsiko duela ziur da. «Ziurrenik, euripean egingo dugu lasterka; kontuz ibili beharko da orduan».
«Joseba oso lehiakorra da; noski, lortuko du proposatutako marka hobetzea». Fizek lagunaren gaitasunean itsu-itsuan sinesten du. Orain dela urte batzuk baino sasoi hobean ikusten du, gainera. «Orain egokituago dago korrika egiteari».
Entrenamendu adiskide izateaz gain, entrenatzaile lanak ere bete ditu maratoilariak, eta hark proposatutako saioak jarraitu ditu Belokik. Behobia-Donostiarako ere hainbat aholku eman dizkio: «Erritmo jarraian korritzen saiatu behar du, ibilbidearen gorabeherek eragingo baitizkiete erritmo aldaketak». Korrika saioetan zur eta lur geratu da gasteiztarra lagunak aldapak igotzeko duen gaitasunarekin. «Ziztu bizian igotzen ditu aldapak. Hauspo ikaragarria du; hala erakutsia digu Tourreko etapa menditsuetan». Batera korri egiten dutenean, maldan gora aurrea hartzen diola aitortu du Fizek. «Muskulatura pittin bat egokitzea falta zaio, asfaltoaren gaineko hanka joka horretara egokitzea».
Sufrituz gozatu
Entrenatzaile «bikaina» duela aitortu du Belokik; ezinbestekoa,erreferentzia askorik ez duen kirolean hobetzeko. «Zorte handia da berarekin entrenatzea, ohore bat». Barre egiten du Belokik, lagunak maldan gora korri egiteko abilezia aipatzen duenean. «Horrenbeste urtean bizikletan ibilinaizenez, indar handia dut hanketan, eta maldan gora ondo moldatzen naiz. Baina, egia esan, oraindik ere maila ikaragarria du Martinek».
Fizek bere buruari jarritako erronka ere ez da inolaz ere txikia. Irabaz zezakeen ia guztia irabazi du profesional izandako garaian. Munduko eta Europako txapelduna izan den kirolari batentzat, errazena lasterketa lasai hartzea izango litzateke. Fizi, ordea, ezinezkoa zaio hori egitea. «Neure buruari helburu zailak ipintzea dut gogoko». Bihar lasterketaz gozatzera aterako dela dio, baina gozatzeko era berezia izan ohi dute haren gisako kirolariek. «Oso lehiakorra naiz. Gozatzeko nire era hortzak estutu eta zakur baten antzera sufritzea da, ahalik eta aurrenen joatea». Gipuzkoarrek eta, oro har, euskal herritarrek ezagutzen duten bezala azaldu nahi du: borrokalaria. «Gogoko dut jendeak ni animatzea, eta ondo egon eta lehenengo postuengatik borrokan ikus nazaten nahi dut». Helburu handia darabil esku artean 49 urteko atletak: 1.06 minututik jaistea. Badaki goi mailako korrikalariekin lehiatu beharko duela, baina lehenengo hamar postuen artean sailkatzea espero du. «Haizeak aurka jotzen ez badu, behintzat, denbora hori jaits dezakedala uste dut».
Belokik lagunaren alde egina du apustu. Korrika atera ohi diren taldetxoan apustu txikiak egin ohi dituzte lasterketen harira, eta zalantzarik ez du izan lazkaotarrak: «Ikusita nolako sasoia duen eta zer-nolako entrenamenduak egiten dituen, ziur naiz lortuko duela, baldin eta oso eguraldi txarra egiten ez badu». Tamalez, eguraldiak ez dirudi gehiegi lagunduko dienik, euria eta aurkako haizea iragarri baitute metereologia zerbitzuek.
Azkeneko postutan ailegatzen direnek aurrean doazenek bezainbeste animo eta babes jasotzen dute lasterketan. Bi kirolarien aurpegiak, ordea, aski ezagunak zaizkie zaleei, eta animo bereziak jasotzen dituzte. Belokik jendeak ezagutu ohi duela dio, baina aurpegian harridura apur bat nabari die hasiera batean. «Ez dute onartzen ni naizela: 'Nola? Beloki hemen? Ezinezkoa'».
Fizen korri egiteko estilo propioa ere erraz ezagutu ohi du Jendeak, burua makurtzeko era berezi hori. Batez ere, adin batetik aurrerako jendeak ezagutzen duela dio; haren balentriak zuzenean ikusi izan dituztenek. «Gehien gustatzen zaidana da aitona bat bilobarekin lasterketa ikusten dagoenean, aitonak gazteari kontatzen baitio nor naizen».
Liturgia berezia
Beste milaka korrikalarik bezala, liturgia berezia jarraitzen dute Belokik eta Fizek ere lasterketa amaitu ostean. Belokiren emaztearen urteak izan ohi dira lasterketa jokatu ohi den egunetan, eta trasteak bildu eta etxean familiartean bazkaltzen dute. Fizek, berriz, turismo pixka bat egiteko baliatuko du Donostiara eginiko bisita. «Sagardotegi batera joango gara ospatzera, sagardoak ere hidratatzen baitu», dio txantxetan. «Familia eta lagunekin joaten gara hara, eta lasterketaren ostean sagardotegi batera joaten gara beti. Agian, gorputzarentzat ez da egokiena, baina bai buruarentzat».
Ezarian. Behobia-Donostia lasterketa
Kirola bazterrean utzi ezinik
Adiskideak dira eta batera entrenatzen dira. Badira urte batzuk Joseba Belokik eta Martin Fizek kirol profesionala utzi zutela, baina kirola eginez gozatzen jarraitzen dute. Bihar Donostia-Behobian izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik