Ikasle gazteen eta bezero osasuntsuen artean egindako urteengatik izango da, agian, baina begi urdin horien distira ez zaio apaldu Iñaki Arratibeli (Tolosa, Gipuzkoa, 1958). Egin ditu memoria ariketak, askatu ditu galdera korapilodunak, marraztu ditu lerro gorriak, eta pentsatu ditu garai berriak. Euskal Herriko kirol medikurik ezagunenetakoa erretiroa hartzera doa.
Kirol medikuak kirolari frustratuak omen zarete.
Ez dut uste hala denik. Familian beti esan izan didate txikitatik izan nahi nuela medikua, kirolariak artatzeko medikua. Frustratua? Ez, ez. Norberak badaki bere mugak zeintzuk diren.
Baina kirola egindakoa zara?
Gaztetan iraupen eskia egin nuen. Espainiako txapelketan-eta ibilitakoa naiz kadete mailan. Josu Iztuetarekin-eta, Panticosan [Huesca, Espainia]. Baina ikasketengatik utzi nuen.
Ikasle ona zinen?
Bai, egia esanda. Beti kontatzen dut suspenditu nuen ikasgai bakarra Formación del Espiritu Nacional izenekoa izan zela. Zerbaitegatik izango da [barrez].
Valladoliden (Espainia) egin zenuen medikuntza.
Salto handia izan zen, eta gogorra hasieran. Garai hartan, medikuntza ikasteko, hara zegoen joan beharra, eta horregatik juntatu ginen horrenbeste euskaldun. Lagun asko egin nituen. Eskubaloian jokatzen nuen, hango fakultatearekin eta han egindako lagun talde batekin. Maila onean aritu ginen.
Euskaldun talde hark ekarri omen zuen medikuntza unitatea Donostiara, ezta?
Gu izan ginen etortzen lehenak, bai. Gehien borrokatu zena Pako Etxeberria izan zen. Kontaktuak-eta bazituen. Esan ziguten ez zela bideragarria fakultatea Donostiara ekartzea, baina bai unitate klinikoa. Kostatu zitzaigun. Zer gertatuko zen jakin gabe egin genuen lekualdaketa. Borrokalariak ginen, eta giroa ere horretarako egokia zen.
BAME azterketa gainditu ez, eta Alemaniara?
Ez zen bata bestearen ondorio izan. Kirol medikuntza egin nahi nuen, eta garai hartan hemen traumatologiaren eta lesioen aldetik zegoen oso bideratuta. Ordurako banuen beste kontzeptu bat buruan, fisiologiaren aldetik bideratua. BAMEa ateratzea oso zaila zen orduan, oso lanpostu gutxi zeuden. Praktikak traumatologian egin nituen, Donostian. Sortu zitzaidan aukera Beasaingo [Gipuzkoa] Fondan lana egiteko, lan istripuak-eta tratatzen. Eta handik gero Alemaniara joan nintzen.
«Ni galdera batzuk hartuta joan nintzen Alemaniara, eta konturatu nintzen haiek 25 urte lehenago jada erantzunda zituztela».
Hura bai saltoa.
Bai, batez ere kontuan izanda alemana ez nekiela. Mathieu Hermans txirrindulariaren entrenatzailearen bidez hasi nuen bidea. Aurreneko asmoa zen Herbehereetara joatea, Maastrichtera. Baina esan zidaten han aukera gutxi zeudela, eta joateko Alemaniara.
Familia?
Lehenengo, ni joan nintzen, eta handik gutxira, emaztea. Alaba ere han jaiotakoa da. Oso oroitzapen onak dauzkat. Pentsa: erretiroa hartzera noan honetan, pentsatzen ari naiz han boladatxo bat egitea. Giro onean egon ginen Friburgon: oso hiri lasaia da, txikia, Oihan Beltzetik gertu dago...
Eta Alemanian bazegoen kirol medikuntzari buruzko tradiziorik?
Sekulakoa. Nire departamentuko burua 80 urte zituela ezagutu nuen. Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean jada bazituzten han kirol medikuntzari buruzko lanak eginak. Ni galdera batzuk hartuta joan nintzen hara, eta konturatu nintzen haiek 25 urte lehenago jada erantzunak zituztela.
Bueltatu zinenean ireki zenuen kontsulta?
Jaurlaritzaren beka batekin egin nituen aurreneko bi urteak, baina ez zitzaidan aukera handirik irekitzen. Lagun bat Tolosa kirol elkarteko presidentea zen, eta proposatu zidan zerbait egitea. Prefabrikatu bat jarri genuen Berazubin, eta han hasi nintzen kirolariekin lanean. Eta horretan hasi eta berehala, Xabier Leibarren bidez jakin nuen unibertsitatean bazegoela irakasle plaza bat, eta Soin Hezkuntzako Euskal Erakundean hasi nintzen irakasle.
Kontsulta irekitzean, lehen bezeroa, Abraham Olano.
Bai. Pista utzi, eta errepidean hasi nahi zuen. Konturatu nintzen ahalmen handia zuela, baina leundu beharreko diamante bat zela. Lan asko egin genuen. Askoz beranduago, Karmele bere emazteak aitortu zidan: «Aurreneko egunetan, etxera jota iristen zen, eta esaten zidan: «Horrela aguantatu behar badut, pikutara bidaliko dut hau». Baina aguantatu egin zuen. Eta begira noraino eta nola iritsi zen.
Kolonbian Munduko Txapelketa irabazi, eta zure izena aipatu zuen eskertzetan.
Uste dut jauzi bat izan zela hori. Toki askotatik hasi zitzaizkidan deika, elkarrizketak egiten... Banesto taldeak horren ostean deitu zidan.
«Konturatu gabe, nik jakin gabe, askok lerro hori gainditu egiten zuten, kanpotik eta euren kabuz jardunda».
Banesto, BigMat, Phonak... zerrenda luzea da. Txirrindularitzari buruzko oroitzapen onak dituzu?
Gazi-gozoak esango nuke. Gozoak: asko ikasi nuelako, ezagutza handia eman zidalako, nekizkienak praktikan jartzeko aukera eman zidalako. Gaziak: oso gaziak, nire inguruan ikusten hasi nintzen arazoengatik; dopinagatik. Kirol medikuntzak badaki lerro bat dagoela, eta kirol medikuntzak izan behar du lerro horretara gerturatzea, baina gainditu gabe. Eta konturatu gabe, nik jakin gabe, askok lerro hori gainditu egiten zuten, kanpotik jardunda. Baneston zerbait, baina Phonaken konturatu nintzen horretaz. Jendea zebilela nire atzean, ezkutuan. Mediku gisa dena kontrolatzea zaila zen, bakoitza bere etxean bizi zelako, eta bakoitzak bere gauzak egiten zituelako. Ikusi nuenean hori kontrolatzea ezinezkoa zela, utzi egin nuen. Alabak esan zidan: «Utz ezazu, eskolan jada zuri buruz ari dira hizketan».
Susmagarri bihurtu zineten? Arretagunea txirrindularietatik medikuetara pasatu zen?
Gerora ulertu ditut gauza batzuk. Puerto afera-eta azalera irten zirenean konturatu nintzen txirrindulari haietako asko engainatuta zeudela, atzeko lan horretan ari ziren beste zenbait medikuk engainatuta zeudela.
Txirrindularitza izan da dopinaren pagaburua?
Bai.
Andoni Urbistondo kazetariak 2004an egunkari honetan bertan egindako galdera da hau, hogei urte geroago: «Zer erantzukizun maila du kirol mediku batek kirolari baten prestakuntzan? Zein da muga?».
Kirol mediku batek, gaur egun, orduan baino eginkizun gutxiago dauzka. Badaude prestatzaile fisikoak, nutrizionistak, eta bestelakoak. Talde lana askoz handiagoa da. Kirol medikuaren ardura nagusia osasuna da, eta suspertzeak-eta nola kudeatu. Eta muga non dagoen? Muga bat jarri badute, hori onartu egin behar da; bestea, tranpa egitea da. Egon zaitezke ados muga batzuekin, edo ez. Baina nahiz eta ez egon ados orduko 80 kilometroko muga horrekin, hori baino azkarrago harrapatzen bazaituzte, badakizu zer daukazun.
«Puerto afera-eta azalera irten zirenean konturatu nintzen txirrindulari haietako asko engainatuta zeudela, atzeko lan horretan ari ziren beste zenbait medikuk engainatuta zeudela».
Apenas entzuten den orain dopin eta positibo konturik. Horrek zer esan nahi du? Ez dagoela?
Saiatu, saiatzen direla, baina kontrolak ere ezberdinak direla. Pasaporte biologiko hematologikoa eta pasaporte biologiko hormonala. Kontrolak egitea, odol analisiak eskatzea, baloreak edukitzea... horrek esan nahi du zerbaiten bila badoazela. Gizartearen ezaugarri bat da ahal badu tranpa egitea, lortu nahi duen hori lortzeko. Baina kontrolak egitea, kontrolatzea bera, askoz errazagoa da orain. Phonaken garaian, harrapatu zuten lehenengoa Oscar Camenzind izan zen. Donostiako Klasikoa lehiatu aurretik, hotelean bertan esan zidan: «Zuek lasai, ni aterako naiz esanez zuek ez daukazuela zerikusirik, nire errua izan dela». Beti eskertu izan diot hori. Bazekien zer zeukan. Erretiroa hartzera zihoan, Olinpiar Jokoetan emaitza onak eduki nahi zituen, hanka sartu zuen, eta kito. Hori beti gertatuko da. Kontua da kontrola gaur egun askoz zorrotzagoa dela, errazagoa dela kontrolatzea, eta horrek jendeari atzera eginarazten dio. Eta egia da baita ere hezkuntza handiagoa dagoela. Erakutsi behar da edozer gauzak ez duela balio. Eta uste dut hori sartu dela jada gizartean.
Sinesgarritasuna irabazi du berriz txirrindularitzak? Oraingo gazteen balentriak ez dira zalantzan jartzen...
Orduko galdera hura ez da orain egiten, ezta?: «Nola ote doaz horiek?». Egia da, era berean, oraingo tropelaren ezaugarriak bestelakoak direla: askoz azkarrago doaz, prestatuago doaz... Lehen aipatu dudan talde lan horregatik daude prestatuago, materiala ere ezberdina da... Ea gazte horiek ere zenbat eta noiz arte irauten duten.
Eskubaloi eta futbol taldeetan, arraunean, herri kiroletan... Lagunak egin dituzu, edo etsaiak?
Ausartuko nintzateke esatera ia toki guztietan lagunak egin ditudala, eta ongi bukatu dudala guztiekin. Salbuespenak beti daude, baina oso-oso gutxi dira etsaiak.
«Kontua da kontrola gaur egun askoz zorrotzagoa dela, errazagoa dela kontrolatzea, eta horrek jendeari atzera eginarazten dio».
Tolosa futbol taldeko presidentea ere izan zinen. Bazkidea zara?
Bai, noski. Eta biloba 11 hilabeterekin egin dut bazkide.
Tertuliakide ere izan zinen Euskadi Irratian.
Jose Luis Kortarekin. Jende asko akordatzen da oraindik horretaz. Nik ere oso oroitzapen onak ditut. Eta kazetari lagunak ere asko ditut.
Erretiroa hartzera zoazela jakiten dutenean...
Aizu! Astean behin aritzeko bada... [barrez].
Irakasle unibertsitatean, 35 urtez. Zer eman dizu?
Jende gaztearekin lan egiteko aukera. Eta kirol medikuntzak berak ere hori eman dit: ikasleak zein bezeroak beti direla gazteak. Irakaskuntza asko gustatu izan zait. Okerrena izan da beti Gasteizera autoz joan beharra, baina klaseak ematea asko gustatu izan zait, eta horren falta sumatuko dut.
Zer nahiago duzu: mediku on bat ala euskalduna?
Ez dut uste bata bestearen kontrakoa denik. Gaur egun, zorionez, datozen gazte guztiak mediku euskaldunak dira. Nire alabak karrera euskaraz egin zuen.
Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran lehen lerroan ibili zinen.
Oso gogorra izan zen hura. Kolpe handi bat. Martxelo-eta ezagututa, are gehiago. Euskara bizimodu bat da, nire hizkuntza da, eta argi daukat, gainera, mentalitate bat ematen duela. Hori defendatzea ezinbestekoa da.
Kirolari buruzko kontzeptua aldatzen ari da?
Egia da kirolaren eta osasunaren kontzeptua oso txertatuta daukagula gurean. Baina irudipena daukat hori gaur egun beste ertzera eramaten ari garela: ultramaratoi bat egiten ez baduzu, badirudi ez duzula ezer egiten. Eta hori irudipen oker bat da. Jende gehienak ezin ditu halakoak egin, eta ondorioak jada ikusten hasi gara. Batere kontrolik gabe egin du jende askok kirola. Oso ondo dago kirol gehiago egitea. Behobia maratoi erdi bat da. Jendea hori egitera bultzatzea ondo dago, baina hor badago %3-5 bat arazoak izan ditzakeena, eta, 30.000 lagunen artean, hori asko da. Jendeak esaten du: «Egin ditut bihotzeko probak, eta esan didate ongi nagoela». Baina hurrengo galdera da: «Baina zu prestatuta zaude hori egiteko?». Ni jendeari esanda nago ezin dituela Hiru Handiak egin, edo maratoi erdi bat korritu, ez dagoelako prestatuta hori egiteko. Hasi bost kilometroko batekin. Eta ikusiko dugu gero.
«Euskara bizimodu bat da, nire hizkuntza da, eta argi daukat, gainera, mentalitate bat ematen duela. Hori defendatzea ezinbestekoa da».
Eta esan dizute: «Iñaki, emadazu zerbait».
Azken bolada honetan, zorionez, ez. Bere garaian, bai. Masifikazio hori ongi iruditzen zait, jendeak gauzak ongi egiten baditu. Baina ez dago hainbeste egin beharrik osasuntsu mantentzeko. Ziurrenik, erdiko tarte horretan, osasun handiagoa dago.
Memoria liburua, noiz? Hemen kontatu ez dituzun sekretu horiek guztiak kontatzeko.
Behin baino gehiagotan esan didate. Bazkariren batean eta lagunartean halako pasadizoak kontatzen ditudanean: «Hori idatzi egin beharko huke». Halako gauzek, ordea, erreparo edo lotsa apur bat ematen didate. Ez dakit merezi duen askotan halako gauzak kontatzea. Pasatu dira, norberaren bizipenak dira, eta ez dakit horien berri ematea nora doan. Agian beste liburu klase bat bai idatziko nukeela, teknikoagoa, nutrizio aldetik-eta eztabaidagarriak diren gauza batzuei buruz.