Ezarian. Non da? (eta IV) Marta Mendia

Kirol ibilbidea, bizitza bezalakoa

Duela hiru urte erretiratu zen Marta Mendia, baina gaur egun ere atletismoarekin lotura handia du, Nafarroako Atletismo Federakuntzan egiten baitu lan

Marta Mendiak Nafarroako Atletismo Federakuntzan lan egiten du orain. IDOIA ZABALETA / ARP.
2013ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Marta Mendia atletak 2010eko maiatzean egin zuen azken gorako jauzia (Burlata, 1975). Hainbat urtetan atletismoaren maila gorenean egon ostean, agur esan zion bere ibilbideari. Dioenez, gaur egun, kirolik ez du egiten, baina atletismo munduarekin lotura estua izaten du oraindik. Izan ere, Arte Ederretan lizentziatua eta ikus-entzunezkoetan espezializatua den arren, kirol munduan lan egiten du. Aurten hasi da Nafarroako Atletismo Federakuntzan, zuzendari tekniko lanetan. Txapelketak antolatu, araudiak prestatu, ordutegiak zehaztu, teknifikazio zentroak gainbegiratu, kirolarien jarraipena eta hautaketa egin... Askotako funtzioak betetzen ditu, eta, dioenez, oso gustura dago: «Askotariko lanak egiten dira. Bulegoan orduak sartzen ditut, bai, baina ateratzea ere tokatzen zait; txapelketetara, esaterako». Iruñean du lantokia, eta lanaldi erdira lan egiten du, arratsaldez.

Getzen bizi da Mendia. Iruñean jaiotakoa da, eta urte askoan Burlatan bizi izandakoa. Haren gurasoak Getzekoak izanik, betidanik lotura estua izan du herriarekin: «Burlatan bizi izan naiz urte askoan, baina umetan sarri joaten nintzen Getzera: asteburuetan eta oporretan, adibidez. Gero, bertako mutil batekin ezkondu nintzen, eta gaur egun bertan bizi naiz». Bizi bakarrik ez, hango zinegotzia ere bada. Udalbatza txikia izanik, ez dute departamenturik, eta denetik egitea tokatzen zaiola azaldu du: «Herriko talde txiki bat gara, eta txokolate janan herritarrei txokolatea banatzea nahiz erabakiak hartzea tokatzen zaigu. Talde independentea da, eta herriko gehienei tokatzen zaie udalbatzaren parte izatea lehenago edo geroago. Norbaitek egon behar du, eta betiere, herrikoa bada hobe». Egia esaten jarrita, politikarako bokaziorik ez duela argitu du.

Entrenatzaile izateko ikasketak egiten ere badabil. Madrilen (Espainia) hasi zituen, eta azken txanpan dago jada. «Urrian azken lanak aurkeztuko ditut, eta, gainditzen baditut, titulua eskuratuko dut. Gustuko dut, eta gustatuko litzaidake horretan aritzea». Badu esperientzia entrenatzaile lanetan: iaz, neskatila talde baten entrenatzailea izan zen, eta duela urte eta erdi ingurura arte, ISN Pamplona Atletico taldeko kadeteak ere entrenatzen zituen. «Oso gustuko nuen kadeteekin aritzea, baina lana eta biak ezin nituen bateratu, eta utzi egin behar izan nuen. Iaz ere oso gustura ibili nintzen neskatilekin. Aurten, oraindik ez dakit jarraituko dudan edo ez».

Atletismo mundua gertu bai, baina berak ez omen du kirolik egiten. «Urte batzuk daramatzat ezer egin gabe. Badakit egin beharko nukeela, kontziente naiz horretaz, baina dezente kostatzen zait. Urteetan egun bakar batean huts egin gabe entrenatzen aritu naiz, eta akaso, horregatik orain ez dut gogorik». Pixkanaka lagatzen joan zela argitu du, bortizki ez egiteko eta saltoa handiegia ez izateko. Egun, ez du horren falta sumatzen, eta garai batean kirolari eskainitako ordu guztiak beste gauza batzuetan ematen ditu: irakurtzen, zinemara joaten, musika entzuten, eta lagunekin bizitza sozial oparoa edukitzen, besteak beste.

Ibilbide oparoa

Atletismoa praktikatzeari utzi badio ere, ez du inolaz ere ahaztu. Atzera begiratu, eta eginiko ibilbideaz harro agertu da Mendia. Raul Gonzalez entrenatzailearen laguntzarekin, Sydneyko (Australia) eta Atenasko (Grezia) Olinpiar Jokoetan, munduko atletismoko zortzi txapelketatan, eta Europako beste zazpitan parte hartu du, besteak beste. Oroitzapen bereziak ekartzen dizkiote, bereziki, bi Olinpiar Jokoek. Oso modu ezberdinean bizi izan zituen: «Sydneyko jokoek ezustean hartu ninduten. Azken-aurreko aukeran lortu nuen gutxieneko marka gainditzea, eta ezusteko handia izan zen. Hori bai, esperientzia sekulakoa izan zen. 2000ko joko haiek aprobetxatu nituen olinpiar hiriko giroan murgiltzeko. Txapelketa hasi baino lehenago joan ginen Sydneyra, eta giroaz izugarri gozatu nuen. Gero, txapelketan bertan, ez nituen oso emaitza onak lortu», azaldu du. Guztiz alderantzizkoa izan zen Atenasko esperientzia: «2004koa ezberdina izan zen. Maila hobea erakutsi nahi nuen, eta zorrotzago hartu nuen. Hara iristeak sesan nahi zuenaz jabetu, eta emaitza hobeak lortu nahi nituen. Beraz, giroaz ez nuen horrenbeste gozatu, baina txapelketa bera hobeto atera zitzaidan». Hantxe bizi zuen bere ibilbideko momenturik politena: «Salto egin nuen, eta ez nekien finalerako sailkatu nintzen ala ez. Bideo markagailua begiratu nuen, eta baietz ikusi nuenean, benetan une magikoa izan zen. Sekulako poza sentitu nuen». Finalean, bere emaitzarik onenetariko bat lortu zuen: 10. sailkatua izan zen, 1,93ko markarekin.

Atenaskoa baino marka hobeak ere baditu nafarrak. Aire zabaleko pistan, 1,95 metroko jauzia egin zuen behin baino gehiagotan, eta pista estalian, berriz, 1,96 metro gainditu zituen. Azken hori, 2004an izan zen, Munduko txapelketarako sailkapen proban. Dioenez, egun polita bai, baina arraroa ere izan zen: «1,96 metro jauzi egin nuen eguna oso arraroa izan zen. Munduko txapelketarako sailkapen proba bat zen, eta, halakoetan, marka bat gainditu behar izaten da ezinbestean. Lehenengoan gainditu nuen hesia, eta ez zen jauzi gehiagorik egon; zuzenean, finalera. Egia esateko, amorrua sentitu nuen. Nire bizitzako egunik onenean nengoen, eta ezin izan nuen salto egiten jarraitu. Hurrengo egunean edo handik bi egunera, finala izan zen, eta 1,97ko altuerarekin saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Oraindik pentsatzen dut egun hartan beste salto bat egin izan banu beharbada marka hautsiko nukeela. Baina 1,96 ere ondo dago. Inoiz ez dut altuago jauzi egin, behintzat», azaldu du irribarrez.

Podiumak, sarri-sarri

Nazioartean emaitza onak lortu izan ditu, eta podiumak ere zapaldutakoa da, gehienbat, Espainian. Espainiako txapelketetan, ez behin eta ezta bi aldiz ere. 21 aldiz igo zen podiumera; eta gainera, podiumaren gorenera. Junior mailan lau aldiz izan zen txapeldun; promesa kategorian bost bider, eta maila absolutuan, dozena bat aldiz. Eta hori gutxi balitz bezala, berak hautsi zituen 1,90 metro eta 1,94 metro bitarteko markak. «1,94ko marka Ruth Beitiak eta biok hautsi genuen. Egun berean egin genuen, baina hori bai, nik lehenago hautsi nuen».

Hirugarrengoz Olinpiar Joko batzuetan parte hartzeko ahalegina ere egin zuen burlatako atletak. 2008an Pekinen (Txina) jokatuko ziren Olinpiar Jokoetarako inoiz baino gehiago saiatu zela onartu du. Inoiz baino gogorrago egin zuen lan onenen artean egon ahal izateko, baina ez zuen salto hori egitea lortu. «Sydneyrako eta Atenaserako aldean asko entrenatu nuen, baina ezinezkoa izan zen». Ordurako beherakadan zegoela dio, eta hortik aurrera, bere kirolari ibilbidearen amaierara hurbilduz joan zen. «Ordurako beherakadan nengoen. Nire ibilbidea bizitzaren ibilbidea bezalakoa izan da: atleta gisa hazi, urte batzuetan gorenean egon, eta behera egin».

Ibilbidea amaituta, zorte handiko emakumetzat du bere burua. Batetik, gorputzak emandako erantzuna aipatu du. «Lesio aldetik, zorte onekoa izan naiz. Nire gorputzak ondo erantzun izan du beti, eta ez dut lesio larririk izan inoiz. Azken urteetan arazotxo gehiago izan nituen, baina larririk inoiz ez». Pertsonalki ere, oso ibilbide polita eta aberasgarria izan zela azpimarratu du: «Txapelketetan lehiatzen gozatu egin dut. Kirol ikuspegitik, izugarri ondo sentitu izan naiz beti pistan. Momentu asko eta gauza asko daude gogoratzeko: horrenbeste jende ezagutu izana, hainbeste urtean burbuila horretan bizi ahal izana eta familia handi hori osatu izana». Bidaiekin ere geratzen dela aipatu du. «Horrenbeste gustatzen zitzaidan eta hainbeste betetzen ninduen, hartaz bizi ahal izana sekulakoa da; ohore handia da. Zalantzarik gabe, bizitzan gertatu zaizkidan gauzarik onenetakoa izan da». Finean, betetako kirol ibilbideaz oso harro dagoela esan du.

Atzera bezala, aurrera ere begiratzen du Marta Mendiak. Kirolaria zenean bezalaxe, konstantea eta zorrotza izaten jarraitzen duela dio, eta gogorik ez zaio falta aurrera egiteko. Entrenatzaile izatea gustatuko litzaioke, eta ekonomiak hobera eginez gero, bere ikasketekin lotura duen lanen bat ere gustura hartuko luke. Maila pertsonalean ere, baditu asmoak: «Familia izatea ez dut baztertzen. Ikusiko dugu... Iritsi beharrekoa iritsiko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.