Beltran (10) eta Oria (8) donostiarrak dira, baina asteburuetan herriz herri ibiltzen dira gurasoekin. Imanol Elizetxeak dioenez, ez dira etxean geratzekoak: «Bihar Urruñara goaz. Aurrekoan irakurri nuen barrikote festa zegoela, eta udaberriaren atarian plan polita iruditu zaigu». Ezkioko Igartubeiti baserria ikustean aho zabalik geratu dira seme-alabak. «Zahar-zaharra da», dio mutikoak. Neskatoak ere begiak zabal-zabalik ditu. Zurezko egitura ikusi dute, eta dolarea, baserriaren bihotza. «Bostehun urte ditu», diote. Oria pozarren dago boloetan eta tokan aritu direlako. Artean ez dakite zer den kirikoketa.
Igartubeiti baserri museoak XX. Barrikote Festa ospatu du. Kizkitza Ugarteburu museoko koordinatzaileak azaldu du sagardogintzako lan guztiak amaitzen zirenean baserrietan egiten zen festa zela barrikotea: «Kirikoketa sagarrak zanpatzean egurrezko pisoiak askako oholean egiten duten hotsa da. Ziklo baten emaitza da. Sagar jotzeak mezu bikoitza du; batetik, lana amaitu egin dela, eta, bestetik, festarako deia da».
Igartubeitin 2.000 litro sagardo egiten dute behinola bezala. Urtean behin erabiltzen zuten dolarea sagardoa egiteko, baina antzina oso garrantzitsua zen. «Ez dago oso argi ondoren sagardoa edan egiten zuten edo marinelei saltzen zieten, baina badakigu baserri askok zutela dolarea». Berez udazkeneko zeregina da, sagarren uztaren ostean egiten dena, baina udaberrian ohitura hori berreskuratu zuten, sagarrik ez badago ere: «Ezkioko Yartu kultur elkartea hasi zen barrikotea antolatzen, eta guk duela sei urte hartu genuen lekukoa». Arizkungo Jo ala Jo elkarteko kideak joaten ziren kirikoketa jotzera, baina halako batean utzi zioten joateari, eta orduan ikastaro bat antolatu zuten. «Juan Mari Beltran etorri zen, eta ordutik inguruko herrietatik datoz kirikoketa jotzera».
Soinu arkaikoa
Halako batean soinu berezi bat entzun da. Soinu arkaikoa. Erritmo onomatopeikoa. Eider Garmendia, Ito Fernandez eta Xanti Gasso arto hostoen gainean jarri dute ohola, ezkaratzean, eta pisoiak eskuetan jotzen hasi dira. «Kirikoketa, kirikoketa, kirikoketa, koketa, koketa... Sagarra jo dela, sagarra jo dela, sagarra jo dela, jo dela, jo dela». Garmendiak biko erritmoan abestu du, eta, ondoren, hiruko erritmoan, beste abesti bat: «Aldapeko sagarraren, adarraren puntan...».
Beltranekin ikasi zuten jotzen. «Kirikoketa taldea sortu dugu, hogei bat lagun gara, goierritarrak, eta tartean emakumeak ere bagara», dio Garmendiak. Historiaz ere ikasi dute: «Uzta garaian talde bat ibiltzen zen baserriz baserri. Erritmo bat sortu zuten, txandaka joz, horrela ez ziren aspertzen, eta inork ezin zuen alferrarena egin. Kotoia biltzean ere horregatik kantatzen dute, eta arraunean ere bai». Beltranek eta Oriak adi-adi entzun dute kirikoketa. Ondoren txalaparta hartu dute esku artean. Ustez txalapartaren aitzindaria da kirikoketa. Beste leku batzuetan, kolpe bakoitzeko, beste letra bat dute. «Alakiketa, alakiketa, alakiketa, kiketa, kiketa... Sagarra jo dela, sagarra jo dela, sagarra jo dela, jo dela, jo dela»