Kirikinausitik kirikinausira

Gaztainaren Eguna ospatuko dute igandean Orozkon (Bizkaia). Supelaur elkarteak ibilbide zirkular bat egin du garai batean gaztainak gordetzeko erabiltzen ziren harrizko egitura biribiletan barrena.

Jose Angel Aramendi Supelaur elkarteko presidentea, kirikinausi baten aurrean. OSKAR MATXIN / FOKU
Jose Angel Aramendi Supelaur elkarteko presidentea, kirikinausi baten aurrean. OSKAR MATXIN / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Orozko
2024ko urriaren 24a
05:00
Entzun

«Kirikino» hitzetik dator izena, gaztainek dituzten oskol, morkots, buruts edo lakatzetatik; hau da, arantzaz betetako azaletik. Euskal Herrian ehun bat kirikinausi daude, mendebaldetik ekialdera, Bizkaitik Lapurdira. «Sararaino [Lapurdi] iristen dira. Hemen kirikinausi izena daukate, edo kirikino-hesi. Aiaraldean kortina deitzen diete. Izen ugari dituzte; kirikinotokie, izkiñue, espil...». Jose Angel Aramendik (Orozko, Bizkaia, 1950) beti ezagutu izan ditu kirikinausiak, haur koskorra zenetik, baina heldutan ohartu da jaioterrian erruz dauden harrizko eraikuntza berezi horiek kultur ondare bat direla: «Urigoiti auzunekoa naiz sortzez; Sakristauetxe baserrikoa. Inguru hartan 22 baserri daude. Aitak ikatza egiten zuen, baso gizona zen, eta aitita, berriz, artzaina. Hark, garai honetan, beti ekartzen zuen gaztain eskukada bat».

Supelaur kultur elkarteko presidentearentzat egun berezia izango da igandekoa. Orozkon Gaztainaren Eguna ospatuko dute, urriko azken igande guztietan legez, eta honezkero prest daukate ekitaldi kutunena; kirikinausitik kirikinausira egiten den ibilbide zirkularra. «Zubiaur plazan elkartzen gara, eta hortik autobusez joaten gara Usabelera. Han dago abiapuntua. Bidea oso polita da. Bederatzi kirikinausi ikusiko ditugu, baita burdinola, teileria, errota zahar bat eta txondorlekuak ere. Laminak ere ikus daitezke errekastoetan...».

KIRIKINAUSIAK
Irukusigietako kirikinausia. Bertan egingo dute erromeria igandean. OSKAR MATXIN / FOKU

Azken egunotan zuhaitz adarrak eta sasiak mozten ibili dira elkarteko kideak zazpi-zortzi kilometroko ibilbidean. Igandean kirikinausi handienean elkartuko dira denak. Gaztainak erre, hamaiketakoa jan, eta, jarraian, musika eta bertsoak: «Irukusigietako kirikinausian erromeria egiten dugu. Orozkoko kirikinausi handienetakoa da; bi metro garai da, eta zazpi metro eta erdiko diametroa dauka. Sasiz beteta zegoen. Ugazabak gaztainadia errespetatu du. Ingurua pinuz josita dago».

Biribilak edo eliptikoak

Kirikinausiak behinola gaztainak gordetzeko erabiltzen ziren harrizko eraikuntza biribilak edo eliptikoak dira. Gaztainak morkots eta guzti pilatzen ziren barnean, eta, ondoren, iratze, belar, adar, elorri edota zakuekin estaltzen ziren. Era horretan, gaztainek luze irauten zuten, eta, bide batez, animalietatik babesten ziren. Irail amaieran hasten ziren gaztainak biltzen, eta kirikinausietan gordetako gaztainak abendu aldera hasten ziren jaten. Morkotsak arrasteluekin ateratzen zituzten, eta, aletu ondoren, baserrira eramaten zituzten. Aldi bakoitzean astebeterako behar zirenak ateratzen ziren.

Gorbeialdea da gaztain hespil gehien duen eremua, eta handienak ere bertan daudela diote. Badira 8,6 metro arteko diametroa dutenak. 1,1 eta 2,15 metro arteko garaiera daukate, eta gehienek ate zuloa daukate, ataka.

KIRIKINAUSIAK
Sintzietako kirikinausiaren atea. Harritzar bakarra erabili zuten ataka jartzeko. OSKAR MATXIN / FOKU

Aramendi Sintzietako kirikinausiaren atean jarri du arreta: «Harritzarra dauka, harri bakarra da, metro eta erdikoa. Atearen alde banatan jartzeko zatitu zuten». Itzina mendia ikusten da bertatik, eta elkartearen izenari ere erreparatu dio: «Itzinan dagoen kobazulo bat da Supelaur. Anbotoko Mari zazpi urtez bizi da Supelaurren; Anboton zazpi urtez eta beste zazpi urtez Supelaurren».

Sintzietako kirikinausia sasiz beteta dago, eta barruan, garo artean, gaztainondo bat dauka. Ez da erraza bertara iristea. «Hau oraindik zaharberritu gabe dago. Orain arte bizpahiru kirikinausi zaharberritu ditugu, eta beste batzuk konpontzeko bidean dira. Ibilbide zirkularra txukuntzea izan da lehentasuna. Erreka ere pasatzen da, eta babestu behar izan dugu; beste hiru kirikinausiren arrastoak aurkitu ditugu».

Ondare etnografikoa

Enrique Ibabe eta Juana Lujanbioren izenak aipatu ditu Aramendik: «Gorbeia inguruko ondare etnografiko guztia katalogatzen hasi ziren; elur zuloak, txabolak, kirikinausiak... Guk beti ikusi izan ditugu, eta ez genien garrantzirik ematen». Lehen Gaztaina Egunarekin ere akordatu da: «Ibabek zerbait egitea proposatu zigun, eta erantzuna itzela izan zen. 2001. urteaz ari naiz. Kirikinausietatik ibilbide zirkular bat egiteko ideia ere hark eman zigun. Hari esker ohartu ginen genuen ondareaz». 

Gorbeiako kirikinausien inguruko lan mardula idatzi zuten Ibabek eta Lujanbiok. 1998. urtean argitaratutako lan horretan aipatzen da kopurua: Gorbean 36 gaztain hesi dokumentatu zituzten ikerlariek, baina, orduz geroztik, gehiago ere aurkitu dituzte. Orozkon bakarrik 40 bat daude. Aramendik dioenez, handiena oso egoera kaskarrean dago: «Baranbioko kirikinausia da handiena. Pinudi bat dauka alboan. Saukudui eta Lastrabekoak ere oso handiak dira. Ez dugu ariketa egin, baina tona asko sartuko ziren barruan. Imajinatu zenbat gaztain biltzeko edukiera zeukan, eta, beraz, gaztainak zenbaterainoko garrantzia zuen hemen». 

GAZTAINA BAT KIRIKINOAREN BARRUAN
Gaztain bat kirikinoaren barruan. San Miguel gaztaina da jasotzen den lehena. OSKAR MATXIN / FOKU

Eskuan urkila, matxarda edo kurrika duela ari da hizketan, gaztainak nola biltzen diren azaltzen duen bitartean: «Gaztainondoa astindu egin behar da baranda luze bategaz, parrikaz, eta gero kirikinoa ubelatxarekin jasotzen da, orkatxarekin. Kirikinoak arantzak ditu, eta ezin da eskuekin jaso. Morkotsek ziztatu egiten dute. Ondoren, saskietan gordetzen ziren, eta saski horiek kirikinausietan husten ziren». San Miguel gaztaina da jasotzen den lehena. Berantea abenduan jasotzen da. Orain, barrutik zuria dago». Ibaberi egin dio erreferentzia berriz ere: «Jausten zen lehen gaztaina azkar jan behar zela zioen, zoli, bestela, mamarroa sartzen zitzaiola. Lurrean daudenak, berez, ez dira onak. Gaztain mota asko daude, eta hor ere ondarea galdu dugu».

Lexikoaz ari da. Egosita jaten ziren lehen gaztainek bentugorrie izena zuten. Ibabek beste makina bat izen ere jaso zituen bere ikerketa lanean, gaztain mota ezberdinak izendatzeko: tartalo, ataloa, ullibera... Egosi aurretik kentzen zen azal zatiari, berriz, palistu deitzen zioten. 

Auzolanean jasotzen ziren gaztainak, eta mendeetan funtsezkoak izan ziren ekonomiarako. Gorbeialdean dauden kirikinausien ugaritasuna gaztainek han izan zuten garrantziaren adierazle da. Harri hormaz eraikitakoak dira gaur egun arte iraun dutenak, baina aurretik adarrez egiten zituzten, adarrak gurutzatuz. Haritza, hurritza eta pagoa erabiltzen zituzten adaxkak egiteko. Familia osoek parte hartzen zuten bilketan, baita haurrek ere, eta, garai batean, kanpotik ere joaten ziren gaztainak biltzera, bereziki emakumeak.

Gaztainak biltzen zituzten emakumeen argazkia. Orozkoko museoan dago.
Gaztainak biltzen zituzten emakume batzuen argazkia. OROZKOKO ETNOGRAFIA MUSEOA

Orozkoko Etnografia Museoan argazkien eta panelen bidez azaltzen da nola lanik gogorrena, makurtuta gaztainak batu behar zituzten biltzaileen lan nekagarriena, emakumeek egiten zuten: «Lana hainbesterainokoa zen, beste eskualde batzuetako sasoikako neska batzuk etortzen baitziren horretarako. Lana amaitzean, agur jai txiki bat egiten zuten basoan». Halaxe irakurri daiteke buruan saskiak dituzten lau emakumeren irudia duen argazkiaren alboan dagoen testuan. Burgostik (Espainia) trenez joaten ziren sasoikako emakume langileena ere dokumentatuta dago. Liburuxka txiki batean jaso dute informazioa.

Pobreen ogia

XVIII. mendean patataren eta artoaren landaketak arrunt bihurtu ziren arte, gaztaina oinarrizko elikagaia zen, eta, etxerako kontsumorako erabiltzeaz gainera, gaztain asko eta asko esportatu egiten ziren. Aramendik zehaztu du kontinente zahar osora esportatzen zirela: «Alemaniara eta Herbehereetara eramaten zituzten, Flandriara... Bilboko portutik astero ateratzen ziren itsasontziak eta inoiz grebaren bat ere egin zuten, prezioa zela eta. Ehunak tindatzeko ere erabiltzen omen ziren gaztainak».

Euskal Herrian, baina, pobreen janaria zen. Etxe askotan eguneroko afaria izaten zen urritik hasi eta martxo edo apiril bitartean. «Sarritan, esne zopak eta gaztainak baino ez zituzten jango. Txikienak txerrientzat izaten ziren, ertainak etxerako, eta onak saltzeko». Aramendik dioenez, gosea kentzeko janaria zen. 

Ibabek hainbat lekukotasun ere jaso zituen. Alejandro Arkotxa Zeanuriko (Bizkaia) herritarrak kontatu zion nola dirudunek gaztainak jan aurretik salda eta bestelako jakiak jaten zituzten, baina pobreek gaztainak baino ez. Pobreen ogia zen gaztaina. Zaharrek, hala ere, esaten dute kirikinausietan biltzen ziren gaztainen zaporea gozoagoa zela. 

JOSE ANGEL ARAMENDI SUPELAUR ELKARTEKO PRESIDENTEA
Jose Angel Aramendi Supelaur kultur elkarteko presidentea. OSKAR MATXIN / FOKU

Supelaur kultur elkarteak lanean jarraituko du kirikinausien ondarea ezagutarazteko eta babesteko. «Ondare hori guztia erakustea eta aintzat hartzea oso inportantea da guretzat. Gauzak azkar samar ahazten ditugu, baina joandako bizimodu hori aitortu behar dugu, eta belaunaldi berriei nondik gatozen erakutsi». Aramendi datorren urtera begira ari da jada, 25. aldia izango baita eta zerbait berezia egin nahi baitu: «Ibilbidearen ostean herri bazkaria egiten dugu. Oso giro polita egoten da, eta ederra litzateke azoka bat ere egitea, gaztainarekin egiten diren gauzekin; likoreak, irinak, melatuak, gozoak... Gaztain garagardoa egiten hasi direla ere entzun dut». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.