Azkenaldi honetan, nire gertuko zenbait pertsonak oso kexati ikusten nautela esan didate. Kontzientzia hartuz, nire emozioei aurre egin nahian, kexari buruz idaztea komenigarria izango litzaidakeela iruditu zait.
Zertarako balio digu kexatzeak? Kexatzea jarrera pasiboa da, eta, batzuetan, koldarra. Gehienetan kexa ez doa konponbideei lotuta. Barruan sentitzen dugun desadostasuna kanporatzeko soilik erabiltzen dugu kexa. Kexa, kritika eta purrustadek ez dute xarma handirik; beraz, kexatzen diren pertsonak ere ez dira oso erakargarriak. Gogora ezazu arrazoia izan arren kexa soberan dela.
Nola erakusten dugu kexa? Ahotsa altxatzen, besoak eta eskuak bortizki mugituz eta ironia erabiliz. Hori guztia bidegabekeria orekatzeko egiten dugu, baina argudioak izateak ez digu iraintzea baimentzen. Solasaldi kexati baten ondoren, nahiz eta gure pertsona hustu, inor ez da ondo sentitzen. Biktimaren rol horrek energia eta denbora kontsumitzen digu, eta gure inguruko jendea kutsatzen du. Bide horretatik ez dugu gure gaitzen konponbidea aurkituko; beraz, ondo sentiarazten gaituen horretan zentratzea izango da irtenbidea. Onartu beharko dugu batzuetan bizitzaren alderdi bidegabea bizitzea tokatzen zaigula.
Orduan, zein baliabide positibo izan ditzakegu gure gain?
1) Gure emozioak erregulatu. Nola sentitzen garen adierazteko tonua eta bolumena kontrolatuz. Prest egon behar dugu besteen iritzia kontuan hartzeko eta ideiak jasotzeko. Ondoren, besteen iritziak gure modura erabiliko ditugu.
2) Zer edo zer nahi izanez gero, eskatu. Horrela, besteek ez dute asmatu behar izango guk zer nahi dugun.
3) Adrenalina askatu; kirola eginez; erlaxazio, yoga edo meditazio teknikaren bat erabiliz.
4) Pazientziaz jardun hitz-jarioaren aurrean. Haserre egoteak ez du esan nahi dena adierazi behar dugunik. Kexak zuhur jokatuz, gure kexak dosifikatuz eta lekuak eta momentuak aukeratuz adieraziko ditugu.
Bukatzeko, gogora dezagun: gure inguruan nahi ditugun energiaz betetzen gaituzte, berri onak eta animoak emanez, irribarreen bidez... emozio positiboak sentituz, azken finean.Orain... kexatzeko prest zaude?
Osasuna. Adimen emozionala
Kexari eta haren toxikotasunari aurre eginez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu