Sukaldari bakoitzak bere sekretuak erabiltzen ditu plater goxoenak egiteko orduan, eta lehiaketak izaten dira teknika horiek erabiltzeko leku onenak. Donostiako Aste Nagusian hainbat gastronomia lehiaketa egin izan dira; haien artean, paella, legatza eta marmitakoa oinarri izan dutenak, baina aurten, lehen aldiz, begihandiekin ere egin dute txapelketa. Begihandiak haien tintan egitea izan da erronka, eta 24 lagunek hartu zuten parte ostiralean, hamabi taldetan banatuta.
Arratsaldeko bostetan hasi zen txapelketa, Donostiako Amara auzoan. Hamabi bikoteak antolatzaileekin elkartu ziren, eta bertan arauak errepasatu zituzten. «Zozketa txiki bat egin dugu, bikote bakoitzaren plateraren entrega ordua zehazteko. Lehenengo bi bikoteek 19:15ean aurkeztu beharko dute platera, eta, azkenek, 19:45ean», esplikatu zuen Joseba Saenz antolatzaileak.
Bakoitzak bere sua eraman zuen, baina platererako osagaiak antolakuntzak emandakoak izan ziren. 17:30erako, tipula usaina hedatu zen Amara auzoan. «Tipula asko bigundu behar da, kolore iluna lortu arte. Edo hori da nire ahizpak esan didana, behintzat», azaldu zuen partaide batek hizlariaren mikrofonotik. Zubi Musu elkarteko Xabier Mendizabalek begihandiaren puntuaren garrantzia azpimarratu zuen: «Nik uste dut puntua lortzea zaila dela, baina hor dago gakoa. Begihandia ezin da gogor geratu, eta hor esperientzia faltak asko eragiten du».
Sukaldari beteranoak ziren partaide gehienak, baina aitona laguntzera joana zen gaztetxo bat ere bazen. Donostiako elkarte gastronomikoetako ordezkariak ere azaldu ziren. «Hemen ikusten ditugun bikote asko aurreko egunetan ikusi ditugu, paellak edo legatza egiten, adibidez. Bihar ere, segur aski, marmitako lehiaketan berriro ikusiko ditugu», azaldu zuen Saenzek. Bazen bere lehen begihandia zuela aitortu zuenik ere, ondoko lehiakideek sinistu ez arren: «Hori apalarena egiteko esaten du [barrez]».
Barazkiak bigundu ostean, begihandien tintak beltz kolorez bete zituen partaideen kazolak. «Bi ordu ditugu platera egiteko, baina lehiaketa guztiak bezala, hau ere erlojupeko lan baten moduan ikusten dugu denok», aitortu zuen beste partaide batek.
Presen eta nerbioen artean, baziren momentuaz disfrutatzen zutenak ere, kozinatzen erabilitako ardoarekin txin-txin egiten zutenak. Maite Labaka ahizparekin aurkeztu zen, urtero moduan, Labaka Sisters taldea osatuz, eta argi zeukan, txapelketaz gain, han sortzen den giroa dela «ederrena».
Zerutik eroriko balira bezala, bat-batean, Tximeletak txaranga agertu zen Amarako Aitzol parkean, bertakoak musikarekin girotzeko. Begihandiak sutan egon arren, dantzatzeko denbora ere izan zuten batzuek.
Azken txanpa
Lehenengo platerak ateratzeko hamabost minutu falta zirenean, lehenagoko tipula usaina begihandi usain bereizgarriak hartu zuen. Gehienek beren kazolak prest zituzten, bazter batean gordeta. «Egin ondoren, begihandiek atseden momentu bat behar dute, saltsa loditu dadin. Orduan, osagarriak egiteko momentua da», esan zuen Labakak.
19:15ean atera ziren lehen platerak, epaimahaiarengana bidean, zuzen. Epaileak: Pilar Santana (Txintxua tabernako sukaldaria), Maria Ponce (Haritza tabernako sukaldaria), Alfonso Reiriz (Super Amarako marketin arduraduna), Victor Espinosa (Super Amarako arduradun ohia) eta Luis Mokoroa (Gastronomiazko Euskal Anaiarteko lehendakaria).
Azkenean, ordutegia zorrotz errespetatuta, 20:00etan argitu zen nork irabazi zuen lehiaketa. Ilunpe elkarteko Tomas Nuñez eta Jose Manuel Irigoien izan ziren garaileak. Bi partaideek txapela jantzi zuten, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik. Irigoienek beren plateraren sekretua argitu zuen: «Goxotasunez egindako platera izan da, norberarentzat egindakoa izango balitz bezala. Mimo handiz kozinatu behar da, eta gauzak ongi zaindu; hori da sekretu bakarra».