Kazetaritzaren pasio bila

Hedabideek etorkizunean izango dituzten erronkak aztertu dituzte, kalitatezko kazetaritzari buruzko jardunaldietanGaur hizkuntza gutxituetako hedabideen zailtasunei buruz hitz egingo dute

Maddalen Iriarte, Beatriz Zabalondo eta Lander Arbelaitz, atzo, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Leioa
2013ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Pasioaren beharra, eta sinesgarritasuna berreskuratzea. Kazetaritzak bi bereizgarri horiek beharrezkoak dituela nabarmendu zuten atzo Kalitatezko kazetaritzaren etorkizuna jardunaldien hasiera ekitaldian. «Prentsaurreko batera iristen denean, han azalduko den pertsona publikoari erreparatu ordez, bere tresnentzako elektrizitate bila hasten da kazetaria». Pascual Serrano Rebelion atariko fundatzaileak argi esan zuen, eztabaida errentagarritasun ekonomikoari begira jarri nahi dutela zenbaitek, bainapasioa eta emozioa beharrezkoak direla. «Herritarrek bihotza daukaten kazetariak nahi dituzte, sentimenduak, emozioak, eta oinarri batzuekiko konpromisoa azaltzeko beldurrik ez daukatenak».

Pasio ideiari ere garrantzia eman zion Lander Arbelaitz Argia aldizkariaren webguneko erredaktore buruak, baina baita kazetariek azken urteetan galdu duten sinesgarritasuna berreskuratzeari ere. «Arazo nagusia da etika faltak eta kazetaritza merkeak egindako kalteari aurre egitea», esan zuen. Iraganean, kazetariek zein modutan manipulatu duten jakitun dira herritarrak, eta, horregatik, ofizioak duintasuna berreskuratzeaz mintzo da. «Ez dugu onartu behar edozer gauza egitea». Eta alde horretatik, Mariano Ferrer kazetariak Interneten agertzeak eduki duen eragina zehaztu zuen: «Internetekin kontrol bertikala txikiagoa da, baina herritarrak berme gutxiago du informazioaren gainean». Horrek ere sinesgarritasunari eragin diola uste du.

Baina albisteen izaera ere aldatzen ari da, eta horixe salatu gura izan zuen atzoko hitzaldian Ferrerrek. «Gizarte osoaren intereseko albisteak zatikatu egin dituzte, eta, gaur egun, interes indibidualaren bila doaz hedabideak». Gainera, gero eta hedabide gehiago daudela gogorarazi zuen, «inoizko gehien». Eta adibidea jarri zuen. Andaluzian bertan, LTD bidezko 140 eskaera egin ziren 2010ean, urte horretan Frantzian egon ziren eskaera kopuruaren parekoa. Baina irakurleak inoiz baino aukera gehiago eduki arren, albisteak euren artean ez direla horrenbeste aldatzen kritikatu zuen. Ferrer komunikazio arloko kapitalismoaz aritu zen berbetan. «1983. urtean 53 komunikazio enpresa zeuden, eta 2000.urtean seik bakarrik asetzen zuten informazioaren behar hori», dio. Alegia, hedabide ezberdinetako albisteek euren artean gero eta antzekotasun handiagoa dutela. Horregatik, hedabideen arteko ezberdintasuna albisteetan baino gehiago, iritzi sailean sumatzen dela kritikatu zuen kazetariak. «Gaur egun, gero eta gutxiago ikertzen dira ekintzak, eta informazioaren pisua gero eta eskasagoa da».

Bi bertsioak biltzen dituen kazetaritza ere kritikatu du. Areago, «gorroto» duela esan zuen Ferrerrek. «Batek hau dio, eta besteak hori. Kazetariak horrekin egiten duen bakarra ardurak saihestea da». Eta adibidea jarri zuen: iturri batek dio manifestazio batean 5.000 lagun egon zirela, eta besteak, 50.000. «Kazetariak eginbeharrik ez baleuka bezala!».

Horren haritik, iturrien eta ikuspuntuen inguruan hausnartu zuen Maddalen Iriarte ETBko kazetariak. «Objektibotasunaren banderari ihes egin behar zaio, datuak datu izan arren, testuingurua ere jakin behar delako». Hau da, haren ustez, objektibotasun hutsetik ez da lortuko informazioa ematea, «kazetariak ahal bezain orojakileena izateko eginkizuna hartu behar du». Are gehiago, kazetari edozein izan daitekeen ideia lurperatzen saiatu zen: «Hedabide handiek diote denok garela kazetari, horretarako tresnak dauzkagulako eskura. Baina kazetaria da informazioa taxutuko duena».

Kazetariek, beraz, batuketa lan bat egin behar dute. Bilketa lana, «begiak beste norbaitenak badira ere». Arbelaitzek esan zuen antolatuz gero kaleko jendeak biltzen duen materiala ondo kudeatu daitekeela. «Gu ez gara leku guztietara iristen, eta modu bat da esateko herritarrari bera izan daitekeela kazetarien begia». Baliabide teknologiko berriek aukera berri ugari ematen dituzte alde horretan, baina era berean, arriskuak ere onartu zituen. «Gogoeta gehien merezi duen gaietako bat da azkartasunarena. Ez ditugu pausoak azkar eman behar».

Ideia horri tiraka egin zion Serranok kritika nagusia egungo kazetaritza moldeari. «Egungo kazetariek denbora gehiago ematen dute euren testuak hainbat plataformatan jartzen, edukiak lantzen baino». Unean uneko doako informazioa ematearen aldeko «orgia», gaur egun «zama informatibo» bihurtu dela adierazi zuen. «Eta, gainera, ez gaitu informatzen». Eta urrunago joan zen bere adierazpenetan: «Idatzizko hedabide askok bere hilobi propioa landu du azkartasunaren lasterketan». Horri aurre egiteko, analisi interpretatiboen aldeko kazetaritza baten aldeko apustua egin beharraz mintzatu zen Rebelion webguneko arduraduna. «Etorkizunik egongo bada, hori sakontasunezko eta orientazio kazetaritzan egongo da».

Komunitatean, irtenbidea

Kontuak kontu, Serranok ez zion muzinik egin Interneten egoteari. «Baina kazetaritza egiteak dirua balio du, eta horretarako herritarrak sentsibilizatu behar dira». Nola? Komunitatea landuz. Izan ere, paradoxikoki, testuingurua «kalitatezko kazetaritzaren» alde dagoela uste du. Arbelaitzek ere ideia horren ald egin zuen, komunitatea lantzearen, eta irakurleek informazio hori edukitzearen alde ordaintzearen aldekoa. Izan ere, Iriartek aipatu zuen gisan, kazetaritza ez dago krisian, «industria baizik, ez dakitelako baliabide hauekin dirua nola lortu».

Arbelaitzek inprentaren sorrerarekin parekatu zuen Interneten agerpena. XV. mendean sortu zuten asmakizunak ordura arte kontrolatuta zeuden ideiak azaleratzea ekarri zuelako. «200 urteko kaosa ekarri zuen». Internetek, ordea, 50 urteko kaosa ekarriko duela uste du. «Aprobetxatu beharrekoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.