Ezarian. 'Kalitatezko kazetaritzaren etorkizuna'

Kazetaritza, hiztun txikitan

Hizkuntza gutxituetan lan egiten duten hainbat profesionalek euren egoeraren berri eman zuten, atzo, kalitatezko kazetaritzari buruzko jardunaldietan. Egoera zaila dela onartu arren, itxaropenerako tarterik bada.

Kazetaritzaren etorkizuneko erronkak aztertu zituzten Txema Ramirez de la Piscinak, Irati Agirreazkuenagak, Maria Gonzalez Gorosarrik eta Luistxo Fernandezek, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Leioa
2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Krisia bikoitza da. Egoera ekonomikoaren zailtasuna dago batetik, eta Internetek kazetaritzan sortu duen zurrunbiloa bestetik. Baina horri guztiari hizkuntza gutxitu batean mintzatzeko hautua gehitzen baldin bazaio, zailtasunak areagotu egiten dira, eta krisia hirukoizten. «Iragarki gutxiago daude, eta horrek salmenten jaitsiera dakar. Eta sareko bertsioak ezin du kazetarien lana orekatu». Laburpen hori egin zuen atzo Edita Slezakova MIDAS Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkarteko buruak. Eta kalitatezko kazetaritza dirurik gabe, «ez da posible». Beraz, ataka zaila proposatu zuen Kalitatezko kazetaritzaren etorkizuna jardunaldietan.

Ikuspegi orokorra, Europa mailakoa eskaini zuen Slezakovak atzo, baina gertuagora begiratuta, Martxelo Otamendi BERRIA egunkariko zuzendariak Euskal Herriko kasu zehatza jarri zuen mahai gainean. Alegia, euskarazko hedabideek zein esparru eduki dezaketen euskal komunitatean. Eta egoera ez da uste bezain oparoa: «Euskarazko produktuen kontsumoa ez da handitu merkatua adina». Hau da, euskalduntze prozesuan aurrera egin dezan hedabideak mesedegarritzat jo ditu, baina igoera hori ez da salmentetan sumatu. Horregatik, hizkuntza gutxituek «zoru sendoa» behar dutela aldarrikatu du, komunitate bat sortu irakurleekin. Hain zuzen ere, hizkuntza gutxituetako egunkarien abantaila horixe dela uste du, irakurlea medioarekin identifikatzea. Baina dena ez dela mugagabea esan zuen Otamendik: «muga ez da mugagabea».

Ideia horri garrantzia eman zion Slezakovak berak ere, baina hizkuntza gutxituetan mintzo diren hedabideek etorkizuna izango badute, hor iraganaren eta etorkizunaren arteko bidea «uztartu» behar dela nabarmendu zuen. Hau da, paperak eta Internetek bat egin behar dutela uste du. Baina etorkizuna sarea izango bada? Irakurtzeko zaletasuna sustatu beharraz aritu zen, «haurrek ez badituzte gure egunkariak ezagutzen, etorkizunean ez dituzte gure hedabideak ezagutuko». Horregatik, ondorengo belaunaldiekin lan egitea garrantzitsutzat jo zuen.

Kazetaritzarako eredu berriak

Baina etorkizuna Internetena izango dela inor gutxik jartzen du une honetan ezbaian. Hala ere, ez zen horrela izan beti. Otamendik onartu zuen editoreek «klase mespretxua» erakutsi zietela informatikako adituei, horiek sarearen garrantziaz hitz egiten hasi zirenean. Autokritika egin zuen, modu honetan: «Mendeetan iraungo genuela uste genuen egunkariok, eta ohartzerako berandu izan da». Garaiz erreakzionatu ez izan arren, krisi digitala inoiz igaroko da, eta ordurako Luistxo Fernandez CodeSintax enpresako fundatzailea, eta Sustatuko koordinatzaileak ondorengo bakarra ikusten du: Internet. Horretarako, kazetaritzak landu beharko lituzkeen bideak zehaztu zituen. «Lehen araua, aspergarriak ez izatea da». Izan ere, gaur egun hedabide askok maiz agenda informatibo berdina darabiltela kritikatu zuen. «Agendarik gabe dabiltzanak askatasuna dute beste albiste batzuk kontatzeko». Esaterako, berriemaile gisa diharduten kazetarien lana gogoratu zuen, besterik ezean gaiak bilatzen aritzen direlako.

Agenda informatiboari garrantzia emateaz gain, ordea, kazetariak izan behar duen jarrera aldarrikatu zuen Fernandezek: «Iratzarri beharra dago, eta kazetariak garrantzi handiagoa eduki behar du». Zertan? Iritziak eta analisiak egiten. Horretarako, ordea, prestakuntza hobea beharko dela ere onartu zuen, baina era berean «iritzi sendoa duen jendea» eskatu zuen. Eta bide hori lantzeko tresna Twitterrek izan beharko lukeela ere argi esan zuen. «Gaur egun kazetariek bertan egon behar dute». Baina, haren ustez, ez luke lekukotasuna eman beharko bakarrik, «hori ez delako kazetaritza».

Etorkizunean kalitatea eta teknologiak uztartzeko bidean, bestalde, Irati Agirreazkuenaga EHUko ikertzaileak ildo nagusi bat proposatu zuen: hedabideen arteko konbergentzia. Alegia, kazetari batek hainbat hedabidetan lan egitea. «Baina ez denetan batera, horrek lan gainkarga eragingo lukeelako». Eskoziako BBC katean ildo horretan egin diren urratsak aztertuak dauzka, eta atzo horren inguruko xehetasunak plazaratu zituen. Konbergentziaren aldeko apustua egiteko garaian, ezinbestekoa izan zen gaelikoz lan egingo zuten kazetarien gabeziaz ohartzea. Telebistan hainbat profesional zeuden, eta horiekin irrati bat sortzea izan zen helburua. «Errotazio sisteman oinarritzen dira, era horretan denek dena egiten dute», azaldu zuen. Beraz, kazetari bat ekoizle, aurkezle eta kaleko kazetari izateko aukera zuen aldi berean. Telebistan eta irratian. Agirreazkuenagak egindako ikerketaren arabera, denek dena egitearen ekimen horrek kazetarien profesionaltasunean positiboki eragin zuen. Eta ez hori bakarrik, motibazioan ere ondorio onak dituela adierazi zuen.

Konbergentziarako asmorik ez, baina indarren metaketa izan zen, bestalde, Rita Marzoa Catalunya Radioko kazetariak proposatu zuena. Irrati publikoan lan egiten duela onartu zuen, baina haren asmoa barrutik eragitea zela, aldatzea. Eta ideia horri tiraka aritu zen hitzaldian. Kazetaritza egiteko modua nola aldatu. Herrialde Katalanetako hainbat kazetarik euren hedabideetan argitaratu ezin dituzten albisteak plazaratzeko komunikabide bat abiarazi zuten 2007. urtean: www.media.cat webgunea, hain zuzen ere. «Ezer kobratu gabe, kazetaritza egiten dugu», zioen. Hedabide hori erabat independentea dela aldarrikatu zuen, eta ohiko hedabideak kritikatu: «Komunikabideak ez dira lekurik onenak kazetaritza egiteko. Barnetik alda daiteke, baina kanpoan ere gauza berriak egiteko azpiegitura bat sor daiteke».

Etorkizunerako hainbat zutabe jarri zituzten atzoko hitzaldietan, kazetaritza aurrerantzean ere kalitatezkoa izan dadin gaur egun aurreikus daitezkeen oinarriak. Hizkuntza gutxituetan ari diren kazetariak dira itxaropena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.