Gaur egungo gatazkak eta errealitatea IKTen bidez. Horixe batxilergoko lehen mailako hautazko ikasgaietako baten izena. Izenez, lantegi handia. Nola eman? Nola landu? «Ideia zoro bat» okurritu zitzaion Inma Martinez ikasgaiaren arduradun eta institutuko zuzendariari: kazetaritzaren bidez, prentsaren bidez, lantzea. BERRIAra deitu zuen, egunkarian eskaria Ikasgela atalera bideratu zuten, eta ikasleek kazetaritzari buruzko bi saio jaso zituzten institutuan, Ainhoa Oiartzabal Ikasgelako kazetariaren eskutik. Aste batzuk geroago, 16-17 urteko zortzi gaztek galdetegi bat eta elkarrizketatu bat zituzten. Euskaraz egin dute prozesu guztia. Euskara lantzea ere bazen helburuetako bat.
Hasteko, oinarrizko galdera Etxeberriari: «Zerk erakarri zintuen nutriziotik?». Erantzuna, ez hainbeste: «9 urtetik batxilergoa hasi arte esaten nuen biologoa izan nahi nuela: Jane Goodallen dokumental bat ikusi nuen, Afrikan orangutanekin lan egiten, eta esan nuen orangutanekin lan egin nahi nuela».
Batxilergoa hasi aurreko urtean, ordea, bere bizitzako argaltzeko dieta bakarra egin zuen, makrobiotikan oinarritua, eta elikagaiek hartu zuten orangutanen lekua. Gustuko zuen elikadura, eta nutrizioa ikasi zuen, EHUn, Gasteizen.
Etxeberriak behin bakarrik egin du argaltzeko dieta, eta dieten kontrakoa da. Zergatia galdetu zioten Muskizko ikasleek. Datu bat eman zuen Etxeberriak: «Frogatuta dago argaltzeko dieten %95ek ez dutela funtzionatzen. Ondorio psikologikoak ere ekartzen ditu askotan».
Argaltzeko, gutxiago jan eta kirola egin. Ez. «Hori faktoreen %37 baino ez da; gainerako %63a genetika, egoera sozioekonomikoa, osasun zerbitzuetara sarbidea, kutsadura... dira». Gazteei zer pentsatua eman zien esaldi batekin osatu zuen azalpena: «Hobeto jan dezakegu gutxiago jan gabe».
Beganismoan interesa
Beganoa da Etxeberria, eta begano izateari buruzkoak izan ziren gazteek prestatutako galderetako asko. Onartu zuten, ordea, haien inguruan begano gutxi ezagutzen dituztela. «Geroz eta errazagoa da beganoa izatea», esan zien Etxeberriak, «baina gizartean erresistentzia asko daude, zalantzan jartzen zaituzte etengabe, alderdi soziala da zailena».
Alderdi sozial horren barruan sartzen dira familian egiten diren ospakizunak. «Gabonetan urdaiazpiko eta ganba beganoak erosten ditut», Etxeberriak. Ikasleek barre egin zuten. «Ez dut nahi nire ondokoek otarrainxkak jaten dituzten bitartean nik kuiatxo pure bat jan».
Berezko produktuak imitatzen dituzten gero eta produktu begano gehiago daude: antzeko testurarekin, usainarekin, zaporearekin. «Beganook ez dugu uraza bakarrik jaten». Garbi eta zuzen hitz egin zien Etxeberriak. Gazteek eskertu zuten.
Sare sozialetan aritzen da Etxeberria. Tiktoken, Instagramen eta Twitterren batez ere, nutrizioari buruzko edukiak zabaltzen normalean. Tiktok da Muskizko ikasleen sare sozial nagusia. «Zergatik sare sozialetan?», gazteen galdera. «Beganismora trantsizioa egin nuenean hasi nintzen. Asko ikasi nuen Instagramen. Baina ez zegoen eduki sortzaile euskaldunik. Nik euskaraz sortzen dut eta sortuko dut». Ohar bat ere gehitu zien: «Profil errealak falta dira sare sozialetan».
2.500 jarraitzaile ditu Instagramen: «Badirudi gutxi direla, baina guztiak hemen behean jarriz gero, harrituta geratzen zara, 2.500 lagun herri bat da». «Zenbat biztanle ditu Muskizek?», galdetu zien. «8.000 bat», erantzun zioten, «Sopuertak 2.500 inguru ditu».
Ikasleek gustura bukatu zuten saioa. «Interesgarria izan da?», galdetu zien Oiartzabalek. «Bai». Ikasgaiaren planteamendua ere gustatu zaie. «Interesgarriena hona etortzea izan da, ikustea lana nolakoa den benetan, ez soilik albistea ikustea Interneten». Sare sozialak eta telebista dira haien informazio iturri nagusiak. «Sakelakoan jasotzen dut informazioa, nola erosiko dut paperezko egunkaria?», galdetu zuen batek.
Paperezko egunkaria erosi ez, baina kazetaritzak eta BERRIAk sortutako edukiek aukera asko eskaintzen dituzte hezkuntzan lantzeko eta erabiltzeko, eta euskarazko egunkaria bide hori aztertzen eta garatzen ari da.