EHUko irakaslea eta Gureiker taldeko ikerlaria

Terese Mendiguren: «Kazetariek formakuntza jaso beharko dute adimen artifizialaren inguruan»

Kazetari lanari lotuta dago AA adimen artifiziala: hedabide batzuek albisteak automatikoki sortzeko erabiltzen dute; profesionalek, itzulpenak egiteko, datuak jorratzeko, kalkulatzeko...

Terese Mendiguren EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanotzan, Leioan, astelehen goizean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Terese Mendiguren EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanotzan, Leioan, astelehen goizean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
amaia igartua aristondo
Leioa
2024ko apirilaren 24a
05:00
Entzun

Adimen artifiziala eragina izaten ari da arlo askotan; tartean, kazetaritza. Terese Mendiguren EHUko Kazetaritza irakaslearen irudiko (Bilbo, 1977), profesionalen lana erraztuko du, besteak beste. Gureiker ikerketa taldeko kide ere bada Mendiguren, eta ikertzen ari da nola erabiltzen ari diren AA euskal hedabideetan, eta noraino eragin diezaiokeen ofizioari. Gaiaren inguruko hitzaldi bat eman zuen Bilboko Foru Liburutegian, joan den asteko asteartean: Narratibaren iraultza: adimen artifiziala eta bere eragina hedabideetan.

AAk negatiboki eragingo du kazetaritzan?

Ez du zertan. Uste dugu lanpostu hibridoagoak etorriko direla, eta kazetariak gehiago jakin beharko duela mundu digitalaren eta adimen artifizialaren inguruan. Agian, programatzaile gehiago egongo dira erredakzioetan... Kazetariak formakuntza jaso beharko du. Gainera, AA erabil daiteke albisteak egiaztatzeko; hau da, gezurrak desestaltzeko. Eta albiste batzuk automatizatzeko: kazetariak ez du denbora galduko makina batek egin dezakeen horretan.

Zer motatako albisteetan erabil daiteke AA?

Datuetan bakarrik oinarritzen den lana egiteko balio dezake: burtsako datu gordinen laburpena egiteko, adibidez. Kiroletan ere erabiltzen da, bigarren edo hirugarren mailako taldeen partiden kronikak egiteko. Interpretazioan oinarritutako edukietan, baina —kronika batean, adibidez—, kazetariak balioa eransten du.

Sormena da, beraz, makinak ordezkatu ezin duena?

Noski. Eta pertsona baten bizi esperientziarekin lotutako interpretazioak. Emaitzak, golak, jokoz kanpokoak aipatzen dituen kronika aseptiko batean, ez dira desberdinduko kazetaria eta AA, baina, normalean, datuetatik harago doa kazetariaren lana, eta horregatik da ezinbestekoa.

Kazetaria trataera etikoaren bermea da, halaber?

Erronketako bat da, makinek gizartean dauden alborapenak erreplikatzen baitituzte. Arriskutsua da alborapenak dituen edukiak argitaratzea, edota algoritmo horiek erabiltzea jendearen etorkizunean eragingo duen erabaki bat hartzeko. Adibidez, AEBetako epaileek AA erabiltzen dute ikusteko zenbaterainoko arriskua duen preso bakoitzak delitu bat berriro egiteko, eta horren arabera zigor gogorragoak ezar ditzakete. Frogatuta dago algoritmo horietan alborapen itzelak daudela: beltzek arrisku bikoitza daukate arrisku handikotzat hartuak izateko. Teknologia disruptibo bat dagoenean —aurreko ereduak, ohiturak eta lan egiteko modua hausten duen teknologia bat—, arautu egin behar da, eta ikusi zein den erabiltzeko modu egokia. AA ez da berria: eztanda egin du edozeinen esku jarri denean. Orain dela gutxi, AA arautzeko legea onartu da Europar Batasunean, alderdi guztien babesarekin.

Ikusita garapena geroz eta azkarragoa dela, legeekin kontrolatu daiteke?

Europako legea 2025ean sartuko da indarrean, eta, bitartean, gainbegiratze komite bat egingo dute... Prozesu luze bat da, egia da. Baina behintzat eztabaida dago. Eta, hedabideei dagokienez, kode deontologiko bat dago lehendik, eta arau batzuk baditugu: bermatu behar dira oinarrizko eskubideak, pribatutasuna... Fake news-ekin ikusi dugu zein garrantzitsua den kazetarien eta hedabideen lana: goiburu handiak eragiten dituen gai bat ez badago hedabideetan, zalantzan jarri behar da.

Hedabide tradizionalak egiaztatzeko tresna dira, beraz?

Bai, noski. Gertatu izan da hedabideren batean gezur bat edo oso fidagarria ez den eduki bat agertzea. Baina ez da ohikoa. Hedabideek bermea ematen dute: kode deontologiko bat dago, iturriak ziurtatu behar dira, eta kazetariok badakigu ezin dugula kontrastatu gabeko informazio bat argitaratu.

AA erabiltzean, nor da erantzulea?

Horretan ere sakondu nahi dugu ikerketan. Kaltegarria den informazio bat argitaratzen bada, zein da erantzulea? Edukia argitaratzea erabaki duen editorea? Hedabidea? Ez badu inork idatzi... Hori ere arautu beharko da. Orain arte, hedabide gutxitan adierazten da eduki bat AArekin egindakoa dela.

Irakurleak jakin beharko luke?

Ondo legoke. Albistearen autorea edo egilea nor den jartzen den bezala. El Confidencial-en, adibidez, Ana Futbot sinadura dago. Izenagatik susma daiteke adimen artifiziala dela, baina agian denek ez dute igarriko. Eta non dago muga? Hedabide batzuetan, AA erabiltzen da edukiak modu automatizatuan egiteko. Baina, beste batzuetan, kazetariek lan prozesuan erabiltzen dute: Google Translate itzultzailea, zerbait kalkulatzeko aplikazio bat... Edo txosten luze baten laburpena egiteko erabiliko dute, laguntza bezala, gero osatzeko. Nire ustez, AAk sortutako eduki gordina bada, adierazi beharko litzateke.

lotsabako

AAk zer aldatuko du erabat?
Ez dut uste kazetaritza hainbeste aldatuko denik. Automatizazioa erabiliko da, baita edukiaren pertsonalizazioa ere: esaten dute albisteek hainbat goiburu edukiko dituztela, eta irakurle bakoitzaren arabera aldatuko direla.

Ikerlari bat?
Ramon Salaberria, Nafarroako Unibertsitateko katedraduna. Adimen artifiziala kazetaritzan irakasgaia ipini berri dute unibertsitate horretan, ingelesez.

Luzera begira, guztiek erabiliko dute AA?
Horrela gertatu da beti historian: gurpilarekin, inprentarekin, Internetekin...

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.